Iturringo industriagunea berritu eta hobetzeko urratsak eginez

Hilabete inguru bete dute berriki Iturringo industriagunean Udalak egindako lehen hobekuntza lanek. Horien artean azpimarragarriak dira ur kanalizazio sarearen instalazioa, argiteriaren aldaketa edota sarrera oinezko egitea.

Lan horiek guztiek helburu dute Iturringo industriagunea egungo beharretara egokitu eta espazioa hobetzea enpresa berriak erakarri eta lanpostuak sortzeko.

Lezoko Udal gobernu taldearentzat lehentasunezkoa da ekonomia eta enplegua sustatzea, pertsonen ongizatearengan eragin zuzena duelako. Ildo horretan, Lezok industria sare indartsua duela jakinik,  gobernu taldeak Iturringo industriagunea hobetu eta berritzea lehenetsi du, tokian tokiko jarduera ekonomikoa sustatu eta enpresa berriak erakartzeko.

Bide horretan, Udalak, Bidasoa Oarsoaldeko Industrialdearekin lankidetzan, aipatu industrigunearen beharrak aztertu ostean, joan den ekainean garatu zituen Iturringo industriagunea hobetu eta berritzeko proiektuaren lehen ekintzak. Egindako lanen artean, besteak beste, argiteria berritu du, argi zaharrak LED teknologia duten berriengatik ordezkatuz, energia eraginkortasuna bermatzeko.

Horrez gain, euriteak direnean sarbidean sortzen diren putzuak ekiditeko euri urak bideratu ditu Udalak eta industriaguneko sarrera oinezko egin du, hau da, bertara oinez iristeko bidea sortu du, orain arte ez baitzegoen horrelakorik. Horretarako, errepidea eta galtzada banatzeko baranda moduko bat jarri du oinezkoen segurtasuna bermatzeko.

Hobekuntza lanen lehen fase honetan, halaber, industriagunearen hornidura beharrak hobetze aldera, zuntz optikoa jartzeko azpiegiturak txertatu dira, aurrerago proiektu hori ere gauzatu ahal izateko. Izan ere, Iturrin industriagunea hobetzeko lanek jarraipena izango dute legealdian zehar. Horretarako hain zuzen, eskatu zion Lezoko Udalak diru-laguntza Jaurlaritzari eta horri esker, SPRI-rekin (Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietatea) hitzarmena sinatu eta 63.000 euroko laguntza ekonomikoa jaso du. Horiek horrela, Iturringo industriagunean egin diren eta egingo diren berrikuntza lanen kostuaren zati bat Jaurlaritzak hartuko du bere gain eta bestea Udalak ordainduko du.

Edozein kasutan, lanek helburu dute espazioa erakargarriagoa eta egokiagoa egitea bertan txertatu nahi diren enpresentzat, horrela enpresa berriak erakarri eta, jarduera ekonomikoa sustatzeaz gain, lanpostu berriak ere sortzeko. 

Enpleguaren bideari heldura, halaber, industriaz haratago, urtero-urtero enplegu planera ere diru partida bideratzen da Udaletik, eskualdeko Garapen Agentziak ekintza ezberdinak aurrera eraman ditzan; ekintzailetza, enplegua, berrikuntza etab. sustatuko duten ekintzak gauzatuz, eskualdeko eta bereziki Lezoko langabetuei lan aukera berriak eskaintzeko helburuarekin.