Altamira Parkearen birmoldaketa eta Jaizkibelgo basoberritzea, Eskola Agendako 2030eko eskaerak Udal Foroan

Lezoko iraunkortasunarekin erakutsitako konpromisuagatik, udalak ikasleak zoriondu ditu.

Lezo Institutua, Oarsoaldeko beste ikastetxe batzuekin batera, ikasturte osoan pausoak eman ditu Eskola Agenda 21etik Eskolako Agenda 2030era igarotzeko. Hezkuntzaren arlotik  garapen iraunkorraren aldeko apustua egin daitekeela argi dute.

Aurreko ikasturteetako ohiturari jarraituz, irailetik aurrera "basoak" gaia lantzen aritu dira. Hilabete hauetan, sentsibilizazio-ekintzak burutu dituzte eta Lezok arlo horretan izan ditzakeen hobekuntzei buruz hausnartu dute.

Gaur goizean, Lezoko Udaletxeko Osoko Bilkuren Aretoan, gai honi buruzko ondorioak azaldu eta eskaerak egin dizkiete udal ordezkariei.

Horiek guztiak entzun ondoren, udalak Lezo Institutuko ikasleak zoriondu nahi ditu ikasturte honetan egindako lan handiagatik eta udalerriko iraunkortasunaren alde erakutsitako konpromisoagatik.

Joxean Sanchez Ingurumen eta Trantsizio Ekologikoko zinegotziak adierazi duenez, "ikasleek ateratako ondorioak eta egindako eskaerak oso kontuan hartuko ditu Lezoko Udalak".

"Azaldutako ondorio eta eskaera batzuetan lanean ari gara dagoeneko, hala nola, Altamirako parkearen birmoldatzean (udalerriko birika berde bihurtzeko), Jaizkibel mendia basoberritzeko lanetan gaude eta Lezoko ondare naturala mantendu eta ezagutarazi nahi dugu", zehaztu du Sanchezek.

Ikasleek, klase batzuk Altamiran, aire librean, ematea gustatuko litzaiekela azaldu dute eta ingurumenarekin lotua dauden gai guztien berri izatea eskatu dute.

Datorren ikasturtean, "larreak eta zelaiak" gaia landuko dute.

Arloa edo saila