Ameztia berreskuratzeko lanak Jaizkibelen

Og, 2021-01-28 13:25

Lezoko Udalak, Foru Aldundiarekin elkarlanean, ameztia berreskuratzeko lanak egiten ari da Jaizkibelen, lehen eta bigarren dorreen artean.

Berreskuratze lan horien bitartez, ametzei lekua egiteko hainbat espezie  kenduko dira, horien artean pinuak eta ipar-haritzak.

Edozein kasutan, bertako espezieak ez kaltetzeko kasuan kasu baloratuko dira egin beharreko lanak.

Orain dela egun batzuk hasi ziren Jaizkibeleko Lezoko lurretan bertako basoa berreskuratzeko baso-lanak. Helburua da ameztia berreskuratzea, haritz mota hori (Quercus pyrenaica) baita garai batean Jaizkibelen azaleraren zatirik nagusiena estaltzen zuena; beste modu batera esanda, ameztia da Jaizkibeleko bertako basoa.

Amezti gehienak, ordea, desagertuak daude Lezon gizakiaren jardunaren ondorioz, eta bereziki hainbat urteetan izandako suteengatik. Suteen arriskua gutxitzeko eta lurzorua ez galtzeko helburuarekin Gipuzkoako Foru Aldundiak pinuak landatu zituen eremu guztian. Gaur egun, pinudi horien azpian bertako landaretza ateratzen ari da, ametzak, eta baita ere urkiak, gaztainondoak eta bestela landareak.

Hori horrela, orain dela zenbait urte Lezoko Udalak eta Aldundiko Mendiak eta Habitatak Kudeatzeko departamentuak elkarlana hasi zuten Lezoko Jaizkibeleko eremuan bertako basoa berreskuratzeko helburuarekin. Izan ere, eremu hori Udal-lurra izanda ere, aldi berean, Jaizkibeleko Onura Publikoko Mendia eta Natura 2000 Sarearen eremuan barneratuak daude eta Foru Aldundia da horien kudeaketaren arduradun

Hasitako elkarlanari jarraipena emanez, orain Lezoko Udalak martxan jarri ditu ametzei leku egiteko basolanak, Jaizkibelgo lehen eta bigarren dorrearen artean, mendiaren gailurretik hego magalerantz doan eremuan. Leku egite horren baitan, asmoa da ametzen inguruan dauden espezie batzuk kentzea, bereziki pinuak eta ipar-haritzak. Dena den, kasuan kasu baloratuko da pinu horiek bota edo eraztuntzea den egokiena, bertako espezieak kaltetuak izan ez daitezen.

Aipatutako lan horiek 2013ko maiatzean onartutako Jaizkibel Natura 2000 Sareko Ulia (ES2120014) eta Jaizkibel (ES2120017) Kontserbazio Bereziko Eremu izendatzen dituen eta eremu horien kontserbazio-neurriak onartzen dituen dokumentuaren baitan jasota daude. Hortaz, ekintza honekin bertan jasotako helburu horiek betetzen joatea ere da Udalaren asmoa.

Lezoko Udalak 18.000 € inguru bideratu ditu lan horietara, eta horien jarraipena aipatutako bi erakundeek modu koordinatuan burutzen ari dira.

Arloa edo saila