ENARAK Proiektua Lezora iritsi da

Proiektuaren helburua gure udalerrian hegazti intsektujaleek duten garrantziari buruz herritarrak sentsibilizatzea da.

Proiektuaren aurkezpena GEZALA aretoan, maiatzaren 6an, arratsaldeko 19:00etan

Lezoko Udalak, Aranzadi Zientzia Elkarteko ornitologia taldearekin batera, urtero Lezora habia egitera eta ugaltzera etortzen diren hiru hegazti espezieren sentsibilizazio proiektua jarri du martxan. Sorbeltz arrunta, enara arrunta eta enara azpizuria urtero habiak egiteko eraikin eta etxeetako teilatu azpiko bazterrak erabiltzen dituzten hegazti intsektujaleak dira.

Hegazti intsektujale horiek antiplaga biologiko gisa funtzionatzen dute gure udalerrietan, baina datu zientifikoek agerian uzten dute gaur egun nabarmen murrizten direla haien populazioak. Maite Laso Aranzadiko ornitologoak azaldu duenez, "Enara arrunt batek 800 intsektu kontsumitzen ditu egunean, enara azpizuriak 530 eta sorbeltzak 55 kg urtean. Izurri biologikoen kontrol zoragarri hori beharrezkoa da elikadura-katean, baita ere gure osasunean. Kanpaina honen bitartez, lezotarrek hegazti hauen habiak suntsitzea haien amaiera izan daitekeela uler dezaten nahi dugu. Apirilean Afrikatik gure herrietara iritsi eta uztailean itzultzen diren hegazti transaharianoak dira. Lezon bilatzen dute bikotea eta kumeak hazten dituzte. Bikote berak, urtez urte, leku berdina erabiltzen du habia egiteko, eta bizitza osorako parekatzen dira. Beraz, gure enarak dira, urtez urte Lezora itzultzen direnak ".

Hirilife izeneko hiri-biodibertsitateari buruzko proiektu baten barruan dago ENARAK, eta Udalak proiektu horretan parte hartu nahi izan du. Leire Betetaren hitzetan, "Hiri-biodibertsitatea gure hiri eta herrietan dauden bizi-moduen aniztasuna da, eta hori kontserbatzeak hiriguneetako biztanleen bizi-kalitatea handitzea dakar".

Hiri-biodibertsitatea Lezoko Udaleko ingurumen-arloan duela urte batzuk lantzen hasi zen lan ildoa da, lorezaintza-lanetan erabilera-irizpideak txertatuz, hala nola ibai-ibilguetako ibaiertzeko landaredia berreskuratzea eta belardi-eremu batzuetan belar-mozketa kopurua murriztea, landare- eta lore-espezieen presentzia sustatzeko.

Herritar zientzia: aurkezpena GEZALAn

Lezoko Udalak proiektua aurkezteko ekitaldia antolatu du. Hitzordua maiatzaren 6an izango da Gezala auditorioan arratsaldeko 19:00etan (sarrerak https://www.lezo.eus/eu/agenda/enarak). Hitzaldian zehar maiatzean, ekainean eta uztailean martxan jarriko den herritarren zientzia-kanpaina ere iragarriko da. Kanpaina horretan, lezoarren laguntza eskatzen da, udalerrian dauden habien errolda eta zenbaketa egin dezaten herritar guztien artean.

Kanpaina honetatik ateratzen diren datuak herritarren zientziako Ornitho Euskadi (www.ornitho.eus) plataforman jarriko dira. Webgune horren datuak zuzenean inportatzen dira Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailarena den Euskadiko Naturari buruzko Informazio Sistemara.

Arloa edo saila