Ikasleek aurreko ikasturtearen amaieran Udalari egindako zaratari buruzko eskaerek udal ordezkarien erantzuna jaso dute gaur ospatutako Eskolako Agenda 21en foroan
Joan den ikasturtean amaieran antolatutako udalbatza berezian, Lezoko Eskolako Agenda 21 programan parte hartzen duten ikastetxeetako ikasleek zarata eskola eremuan nahiz herrian bertan gutxitzeko hartutako konpromisoak aurkeztu zizkieten Udalari, besteak beste: errespetuz eta doinu egokian hitz egiten saiatuko dira; ikasleak gelan daudenean ez dute oihukatuko, baxuago mintzatuko dira; hitz egiten ari dena entzungo dute eta hitz egiteko txandak errespetatuko dituzte, baita taldeko lana egin behar dutenean ere; musika doinu egokian jarriko dute, etab.
Eskaerei dagokionez, Udaleko ordezkariek eskaera hauek aztertu dituzte eta, gaur (urriak 31) ospatutako udalbatzan horietako bakoitza banan-banan erantzun dute. Eskolako Agenda 21 hezkuntza-programan parte hartzen duten ikasleen ordezkaritza batek udaletxeko Bilkura Aretoan adi-adi entzun ditu Udal ordezkariek emandako azalpenak. Besteak beste, honakoa jakinarazi diete:
- Aurten Zarataren Ekintza-plana onartzea aurreikusten da. Bertan hainbat ekintza jasotzen dira zarataren egoera hobetzeko herrian.
- Zarataren Udal ordenantza idaztea
- Zarata gaiaren inguruan herritarrak eta bestelakoak sentikortzeko komunikazioa-ekintza aurrera eramatea (webgunean informazioa zintzilikatu, sentsibilizazioa, etab.)
- Beste erakundeekin elkarlanean aritzea, errepideak trenbidea eta Portua sortzen dituzten zaratak murrizteko.
- Ekitaldien ordutegiak kontrolatzen dira.
- Etab.
Aurtengoa 11. ikasturtea da Lezoko ikastetxeek Eskolako Agenda 21 programa garatzen dutena. Honez gero, ura, energia, hondakinak, mugikortasuna, biodibertsitatea, kontsumo arduratsua, zarata eta elikadura bezalako gaiak aztertu dituzte eta, bai eskolan, herrian, zein etxean, hainbat alderdi hobetzeko beharraz jabetuta, urtez urte, hainbat konpromiso hartu dituzte. Ikasturte honetan, KLIMA-ALDAKETA lantzen hasi dira ikastetxeetan eta egindako lana eta emaitzak Udalari aurkeztu asmoz, 2019ko maiatza aldera berriz ere udaletxean elkartzea aurreikusten dute ikasleek.