Herriko garapen iraunkorrerako Lezo 2030 Agenda osatuko du Udalak

Og, 2020-12-17 12:47

Aipatu agendak udal politikak eta proiektuak Nazio Batuen Erakundearen Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) lerrokatzen ditu eta helburu du giza garapena bultzatzea gizarte, ekonomia eta ingurumenaren alorretan.

Jose Angel Sanchez Ingurumen eta Trantsizio Ekologikoko zinegotzi delegatuak jakinarazi duenez, Lezoko Udala Lezo 2030 Agenda prestatzen ari da, udal politikak eta proiektuak NBEren Garapen Iraunkorreko Helburuekin (GIH) lerrokatzeko.

Horrela, Udalaren kudeaketa iraunkorrari balioa emango dion eta herritarrekiko konpromisoak gardenago egingo dituen Ekintza Plan bat izango duen Gipuzkoako lehen udalerrietako bat bilakatuko da Lezo. Horrez gain, Plan horren bitartez, herritarraren jarduerak modu zuzenagoan identifikatuko ditu, haien parte-hartzea sustatuz.

Sanchezen ustetan, horrek guztiak hobekuntzak ekarriko ditu lurralde eta ingurumen eremuetan, baita udalerriaren garapen ekonomiko eta sozialean ere.

Prozesuak fase desberdinak izango ditu: lehen fasea GIHen sentsibilizazio eta hedapen-kanpaina batekin hasiko da eta helburu izango du Lezoko Udaleko interes talde guztiak (herritarrak, udal-langileak, elkarteak, merkatariak, etab.) prozesuan parte hartu eta inplikatzea. Horretarako, hain zuzen, beren iritzia eskatu edota datozen urteetan Lezok izango dituen erronkak identifikatzen eta erabakiak hartzen parte har dezaten eskatuko zaie.

Iraunkortasunaren diagnostikoa egin ondoren, udal politika eta proiektu guztiak Lezoko ekonomia, gizarte eta ingurumen arloetako garapen estrategiekin lerrokatuko dituen Ekintza Plana garatuko da eta Plan hori udalbatzak onartu beharko du.

Ingurumenen eta Trantsizio Ekologikoko zinegotzi delegatuak adierazi du Alkatetzarentzat zein gobernu taldearentzat Lezo 2030 Agenda ilusioz beteriko erronka bateratu eta itxaropentsua dela. “Lezo 2030 Agenda parte hartuko dugun pertsona guztien ibilbide-orriaren baitan txertatu dugu jada,  baita abian jarriko ditugun proiektu guztien baitan ere”, gehitu du.

Iraunkortasun-neurriak udal arlo guztietan zehar-lerro gisa txertatzeko lanean dabil Udala, baina Lezo 2030 Agendarekin bultzada bat eman eta aurrera egiten jarraitu nahi du, Lezo herri jasangarri gisa kokatzeko, modu horretara, lezoarrak, NBEk abian jarri zituen 17 garapen-helburuei erantzuna emateaz harro egon daitezen.

Udalak, Eusko Jaurlaritzaren gidalerroei jarraituz, 18. helburu bat txertatuko du Lezo 2030 agendan, hizkuntza eta kultura aniztasuna sustatzen duena, hain zuzen.

Arloa edo saila
Etiketak