Larunbatean, urriak 26, Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloaren azken saioa eskainiko da

Og, 2019-10-24 12:08

Aipatu ekitaldia Gezala Auditoriumean egingo da, arratsaldeko 19:00etatik 20:30era eta sarrera doakoa izango da.

Bertan ikusi ahal izango diren laburmetraiek itsaspeko biziaren egungo egoera eta plastikoek eta zaborrek bertan eragindako kalteak islatuko dituzte.

Datorren larunbatean, hilak 26, Nazioarteko Itsaspeko Zinema Zikloko lehen edizioaren azken saioa eskainiko da Gezala Auditoriumean, arratsaldeko 19:00-20:30 bitartean.

Zikloaren helburu nagusia da zaborrek eta bereziki plastikoek gaur egun itsaspean eragindako kontaminazio arazoa ikusaraztea, gizarteak horren inguruan kontzientzia har dezan eta guztion artean arazoari irtenbidea emateko urratsak eman ditzagun.

Urtetik urtera gero eta ekoizpen gehiagok salatzen dute itsaspeko zaborraren arazoa eta horregatik, aurten CIMASUB-ek salaketa ekologikoa oinarri duten lanak saritu nahi izan ditu. Antolatzaileen hitzetan “emaitza ikaragarri ona izan da, ekoizleek asko dute kontatzeko eta horrela erakutsi digute”.

Horiek horrela, datorren larunbatean Lezon eskainiko den saioan, lezoarrek Maldivetan, Indonesian, Filipinetan, Maurizio irletan, Mexikon, Tailandian, Australian edota Egipton grabatutako ekoizpenak ikusteko aukera izango dute, baita noski Espainia eta Euskal Herriko kostaldeetan grabatutakoak ere: Kanariak, Galizia, Tarragona, Kantabria, Gipuzkoa, Bizkaia…

“Berrikuntza horien bitartez, CIMASUB-en eskainitako edukiak gizartearen sentsibilizazioa bultzatzeko baliagarriak izatea nahi dugu, gure itsasoen eta ozeanoen egungo egoera eta arazoa ikusarazteko”, azaldu dute antolatzaileek.

Larunbatean eskainiko diren laburmetraien artean, Cesare Maglioni italiarrak ekoiztutako “Hondar 2050” deiturikoa nagusitu dute zikloaren antolatzaileek. Film labur horren bitartez arte plastikoan aditua den Carlos Arrola euskaldunaren ibilbide eta bidaia jarraitu ahal izango dute lezoarrek.

Urtetan zehar itsasotik zabor eta material anitz eta andana bildu ostean, Carlos, konturatu gabe, itsasoko zaborren arazoarekin sentsibilizatu eta plastikoek itsasora nola eta zergatik heltzen diren ikertzen hasten da.  Bidai horretan murgilduko ditu, beraz, lezoarrak ere, eta amaieran, ikusleak bere ondorio berera iristea da filmaren helburua: “egoera aldatzeko gauzarik zailena zein beharrezkoena norberaren ohiturak aldatzea da eta guztiok egin dezakegu zerbait arazoa konpontzeko”.

Egitaraua | Larunbata urriak 26| 19:00 - 20:30

  • CIMASUB 2018ko argazki sarituak | Javier Ferrer | Massimo Giorgetta | Manuel Campillo | Iñaki Alcalde | Aldo Gustavo Galante 6 min.
  • Momentos robados (Gipuzkoa) | Borja Inza | 7 min.
  • Out of the black & into the blue. PHILIPPINES. (Filipinak) | Alex del Olmo | 4 min.
  • Ocean Shock's (Kantabria · Bizkaia · Gipuzkoa) | Alberto Santolaria | 4 min.
  • Hondar2050 (Gipuzkoa · Bizkaia · Lapurdi (Fr) | Cesare Maglioni | 45 min.
  • Pisciforms (Maurizio irlak) | Olivier Van den Broeck | 11 min.
  • Black & Blue (Indonesia · Itsaso gorria · Alaska ···) | Julie Ouimet | 5 min.
  • Out of the black & into the blue. TRUK LAGOON (Mikronesia) | Alex del Olmo | 3 min.
  • Underwater Basque Country. El otro mar de los vascos. (Euskadi) | Alberto Santolaria | 3 min.

Gaztetxoenak ere itsasoarekiko eta ingurumenarekiko errespetuan heziz

Era berean, Lezoko haur eta gazteei zuzenduriko Txikizikloaren bitartez, (lehen saioa hilaren 18an ospatua; bigarrena 25ean), helburua da generazio berriek ere egungo arazo horren inguruan sentsibilizatu eta kontzientzia hartzea, baita txikitatik itsasoarekiko eta ingurumenarekiko errespetuan heztea ere.

Horiek horrela, CIMASUB-en bitartez, zaborrek eta plastikoek itsasoan eta bertan bizi diren animaliengan eragiten dituzten kalteen inguruan hausnartzera bideratu nahi dira herriko haurrak, esan bezala, horren inguruan kontzientzia har dezaten eta itsasoaren zainketa guztion ardura dela ikas dezaten.

Lehen Hezkuntza zein Batxillergoko ikasleek, beraz, aurrez aipaturiko filmak ikusteko aukera izango dute eta horrez gain, itsaspeko gaietan adituak diren Maite Erauskin eta Elsa Cuenderen hitzaldiez ere gozatu ahal izango dute. 

Arloa edo saila