Aurtengo uda ere, kirol jarduerez josia

Og, 2020-06-11 14:20

Abian da dagoeneko Oarsoaldea eskualdeko Udalek antolatutako UDA 2020 Kirol Kanpaina, haur gazte zein helduei zuzenduta-

Kirol jarduerak ekaina amaieratik irailera bitartean gauzatuko dira eta 10 jarduera baino gehiago daude aukeran-

Uda jada hastear dugun honetan, Oarsoaldea eskualdeko Udalek elkarrekin antolatu eta zabaldu dute UDA 2020 Kirol Kanpaina, bederatzigarren urtez jarraian. Elkarlan honen helburua da lau Udalen baliabideak modu eraginkorragoan erabiltzea eta herritarrei aukera zabalagoa eskaintzea.

Gauzak horrela, UDA 2020 Kirol Kanpainak ekaina eta iraila bitartean egiteko 10 jarduera baino gehiago biltzen ditu, haur, gazte zein helduei zuzenduta eta dagoeneko zabalik da izena emateko epea. Aurten, baina, COVID-19ak eragindako osasun larrialdi egoera dela eta indarrean dauden osasun neurriak betetze aldera, kirol eskaintza osatzeko aukeratutako jarduerak nagusiki gune irekietan egiteko jarduerak eta interakzio gutxikoak izan dira eta barne jardueren kasuan, instalazioak praktika egokia bermatzen dute. Horregatik, aurreko urteetan baino jarduera gutxiago eskainiko dira baina guztiak bermatuko dituzte beharrezko osasun eta segurtasun neurriak. Edozein kasutan, parte-hartzaileek kasu bakoitzerako antolatzaileek ezarritako neurriak betetzeko konpromisoa hartu beharko dute.

Joan den urteetan egin bezala, eskaintzaren inguruko informazioa eskuorri bakarrean jaso da, herritarrek eskaintza guztia dokumentu bakar batean eskuragarri izan dezaten. Edozein kasutan, jarduera bakoitzari buruzko informazio zehatza eskuratzeko, esku orrian adierazten diren webgune eta telefonoak erabili edo udal webgunean bisita daitezke. IKUS ESKU ORRIA HEMEN

Jarduera aniztasuna

Eskainitako kirol jardueren artean, nagusi dira uretako ekintzak, hala nola piraguismoa, arrauna, paddle surf-a edo igeriketa saioak. Horiez gain, aukeran daude baita ere tenisa, eskalada, padel hastapena, entrenamendu funtzionala edota multifitness saioak. Bizikletak ere nagusitasuna izango du: BTT, GTXF bike eskola edo cycling saioak ere izango dira aukeran.

Esan bezala ikastaro edota jarduera bakoitzaren inguruko informazioa gehigarria eskuratzeko eskuorrian daude intereseko webgune eta telefonoak. Prezioak ere, bertan daude zehaztuta.

Amaitzeko, joan den urteetan bezala, Pasaiako Udalak Donibaneko kirolgunean piraguen eta Santd up paddle-ko tablen alokairu zerbitzua eskainiko du. Banakako zein binakako piraguak alokatu daitezke, ordu eta erdi, hiru ordu, egun erdia edota egun osorako. Halaber, uda osorako bonua ere egin daiteke. Zentzu honetan, aukera ezin hobea da zerbitzu berri hau, badia eta kostaldea ezagutuz, egun pasa ahaztezinak egiteko. Erreserbak egin edota informazio gehiago eskuratzeko 943 34 53 71 telefonora dei daiteke.

 

Arloa edo saila
Eranskinak