Bizikleta-maileguaren sistemako erabiltzaileek Pasaian eta Lezon erabili ahal izango dute zerbitzua

Al, 2022-07-25 21:11

Pasaiako eta Lezoko udalek hitzarmen bat sinatu dute bi herrietako mailegu-sistemaren erabiltzaileek bizikletak jasotzeko edo uzteko aukera izan dezaten bi udalerrietako edozein bilketa- edo entrega-gunetan. Horrela, zerbitzua zabaldu egingo da pasaitarrentzat eta lezoarrentzat, eta berdin-berdin erabili ahal izango dute udalerri batean zein bestean, era osagarrian. Lortutako akordioak bultzada emango dio mugikortasun jasangarriari; eta akordio horren bidez, lotura-sistema eraginkorragoa izango da, bereziki Donibaneko barrutiarekin.

Izaskun Gomez Pasaiako alkateak oso positibotzat jo du Lezok eta Pasaiak mugikortasun jasangarria ahalbidetzeko sinatu duten hitzarmena, eta pasaitarrak zerbitzua erabiltzen jarraitzera animatu ditu, izan ere “ingurumenari eta erabiltzaileei mesede egiten die, joan-etorriak egiteko aukera osasungarriagoa eta merkeagoa eskaintzen baitie”.

Jesus Mari Martiarena Lezoko alkatea, bere aldetik, pozik agertu da Lezon mailegu-zerbitzu berria martxan jartzeagatik, eta martxan jartze hori zerbitzu zabalago batekin hasteagatik, beste behin ere bi udalen lankidetzari esker, herritar guztien onerako eta mugikortasun jasangarriaren mesedetan.

2016an jarri zen martxan Pasaiako bizikleten mailegu-zerbitzua, herritarrek, beren esperientziaren bidez, bizikletan ibiltzeak dakartzan onurak egiaztatu ahal izateko formula gisa: sistema osasungarria, joan-etorrien beharrak modu eraginkorrean betetzen dituena eta kutsadura eta zarata mailak murrizten dituena.

Pasaiako adibideari eta ereduari jarraituz, Lezoko Udalak abuztuaren 22ean jarriko du martxan zerbitzua, eta lezoarrak zerbitzua erabiltzera animatzen ditu. Era berean, aurretik aipatutako arrazoiei beste batzuk gehitzen dizkie, alegia: desplazamendua gozamen une bihurtu ahal izatea eta bizimodu aktiboagoa izatea.

Zerbitzuaren erabilera ahalik eta gehien erraztearren, Pasaiak garatutako aplikazio informatikoa bi udalerrietako erabiltzaileentzat gaituta egongo da. Tresna teknologiko hori mailegu-sistemari euskarri hobea emateko diseinatu da, eta datuen babesa ziurtatzen du.

Pasaia eta Lezoko udalek espero dute zerbitzuaren erabilera-eremua zabaltzea eta sinatutako hitzarmenaren bidez hiriarteko izaera hartzea bultzada handia izatea bizikleta udalerrian mugikortasun iraunkorrerako aukera gisa erabiltzeko.
 

Arloa edo saila