Ekainaren 29an zabalduko dira Bekoerrota eta Altzateko instalazioak

Og, 2020-06-11 16:19

Irekierarako baldintza eta neurrien inguruko informazioa ekainaren 22ko astean zehaztuko du Udalak.

Bien bitartean, irekierari begira, aforo arazoak errazteko hainbat aldaketa eta egokitzapen lan egiten ari da kiroldegian.

Era berean, KOZ zerbitzuak herritarren eskura jarraitzen duela gogorarazi du Udalak, besteak beste ohitura osasungarriak egunerokotasunean barneratzen laguntzeko.

Deskonfinamenduak aurrera egiten jarraitzen du eta horri esker, fasez fase eta pixkanaka, normaltasun berrira hurbiltzen ari gara.

Bide horretan, Lezoko Udala errealitate berri horretara egokitzeko neurriak hartzen ari da eta horien artean dago, adibidez, kiroldegiaren eta Altzate igerilekuaren irekiera. Udalak jakinarazi du aipatu irekiera hori ekainaren 29an izango dela eta bien bitartean gogor ari da lanean ordurako erabiltzaileen osasun eta segurtasun neurri guztiak bermatzeko protokoloa osatzen.

Horretarako, besteak beste, hainbat aldaketa eta egokitzapen lan egiten ari da kiroldegian, irekiera data iritsita, aforo arazoak saihesteko. Horri jarraiki, muskulazio gela handitu eta fitness gelako makina ugari pistara jaitsi ditu. Modu horretara, erabiltzaileen segurtasun eta osasun neurri zein distantziak bermatuak egongo dira eta aforo aldetik jende kopuru berdinak sartu ahal izango du kiroldegiko gimnasioaz gozatzera.

Edozein kasutan, irekieraren inguruko baldintza zein neurrien inguruko informazioa ekainaren 22ko astean zehaztuko du Udalak, behin betiko protokoloa osatzean, hain zuzen.

Jarduera fisikorako beste guneak

Kiroldegiaz haratago, baina, jarduera fisikoa egiteko herriko gainerako guneen egoeraren berri eman dute Udaletik, kirola aire librean egiteko interesa dutenek aukera horiek ere kontutan izan ditzaten. Kasu guztietan, baina, osasun eta segurtasun neurri zein distantziak errespetatzea eta arduraz jokatzea eskatzen du Udalak.

  • Lezoko ibilbideak eta bidegorriak zabalik daude. Ibilbideen kasuan, jarduera fisikoa sustatzeaz gain, Lezoko ondare natural, historiko eta kulturalaz goza daiteke. Guztira 7 ibilbide desberdin daude, 3 landa ingurunean –Xoxolarra Alarguntza, Olazar Lorbide eta Altamira Bordatxo – eta lau herri ingurunean – Lezo-Kaxko bidea, Lezo-Zuhaizti bidea, Lezo-Pasai Donibane bidea eta Lezo-Errenteria bidea -. Horren inguruko informazio guztia http://lezo.eus/eu/lezoko-ibilbideak webgunean topa daiteke.
  • Josetxo Etxandi eta Altamirako frontoiak, plaza izaera dutenez, zabalik daude
  • Saskibaloiko guneak – Saldise, Tiñelu atzea, Lopene eta Altamira – eta mahai teniseko mahaia – Bekoerrota- zabalik daude
  • Skate parkea itxita dago. Irekiera saiakera egin zen arren, jende pilaketak sortu ziren, horregatik berriro ixtea erabaki zen. Haur parkeak zabaltzen direnean zabalduko da.
  • Parke bio-osasungarriak itxita daude. Aipatu horiek herritar orori zuzenduak badira ere, erabiltzaile nagusiak adineko pertsonak izan ohi dira eta horiek arrisku taldea izanik, egungo egoera kontuan hartuta oraingoz itxita mantenduko dira. Dena den, ordutegi zehatz batzuetan saio zuzenduak antolatuko ditu Udalak eta tarte horietan soilik zabalduko dira. Egun eta orduen berri, baina, aurrerago emango da.

Kirol Orientzio Zerbitzua (KOZ) zure eskura!

Konfinamendua kirola egiteari uzteko aitzakia izan ez bada, deskonfinamendua edota kirol instalazioak oraindik itxita egotea ere ez dira aitzakia bihurtuko! Lezoko Udalak Kirol Orientazio Zerbitzua mantentzen du herritarren eskura, interesa duenak bertara jo dezan bizi ohitura osasungarriak egunerokotasunean barneratzea lortzeko.

Izan ere, egoera berezi honen aurrean, inoiz baino gehiago antzeman dugu beste jendearekin egon, mugitu, ariketa fisikoa egin edota naturaz gozatzeko premia, aktibo izan eta sentitzeko premia, alegia. Eta hain zuzen hori da KOZ zerbitzuaren helburua. Udalak beraz, herritar oro animatzen du 663 228 031 telefonora deitu edo koz@lezo.eus posta elektronikora idatzi eta aktibotasun horri heltzera. Eman pausoa!

Arloa edo saila