Euskadi guztian kirola egiteko aukera dute lezoarrek

Az, 2022-02-02 13:32

Lezo KirolTxartela Mugiment (Euskadiko Kirol txartela) proiektura atxikitu da.

Lezoko Udala atxikitu da Eusko Jaurlaritzak, Bizkaiko Foru Aldundiak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatutako KIROLTXARTELA MUGIMENT proiektura. Denontzako ulergarri diren hitzak erabiliko bagenitu kalean erabili izan ohi den “Euskadiko Kirol Txartelaz” ari gara.

Proiektu honen baitan KirolTxartela Mugiment duten erabiltzaileak atxikitutako edozein herrietako kirol instalazioetan sartu edo bertako kirol jardueretan parte hartzeko aukera izango dute Udal bakoitzak definitutako egun, ordu eta zerbitzuak izango direla muga. Txartela doakoa eta birtuala da eta APP baten bidez telefonoan eraman behar da.

Behin KirolTxartela Mugiment aplikazioa telefono mugikorrean instalatuta duela, erabiltzailea erregistratu egin behar da bere datu pertsonalak sartuz eta abonatua den udalerriko instalazioaren izena adieraziz.

Proiektu berri honen aurkezpena Lezoko Udalaren Pleno Aretoan egin dute Lezoko Alkateak Jesus Mari Martiarenak, Jon Redondok, Eusko Jaurlaritzako Jarduera fisikoaren eta kirolaren zuzendariak eta Irlentz Ortegak Gaztedia eta Kirol zinegotziak.

Oraingoz 63 udal atxikitu dira proiektura, hiriburuen artean Bilbo bakarrik; baina epe motzean kopuru hau handituko dela aurreikusten da. Gure inguruan (Oarsoaldea, Donostialdea, Bidasoaldea,Buruntzaldea) urratsa eman duen lehen Udala dugu Lezo, baina interesa azaldu dute inguruko hainbat herrik. 115 kirol instalazio daude erabilgarri KirolTxartela Mugimentekin 63 herri horietan gaur egun eta 900 jarduera fisikoetan parte hartzeko aukera dago.

Proiektu honen helburua kirola sustatzea, herri baliabideak hobeto kudeatzea eta herritarrentzat kirol eskaintza handiagoa lortzea da. Helburu hauek beteak ikusiko dituzte beste herrietan ikasi edo lan egiten duten herritarrak, gehiago ordaindu gabe, bere ohiko Kirol praktika burutzeko aukera izango dutelako.

Informazio gehiago: Mugiment Kirol Txartelaren webgunean.

Animatu eta erabili Lezoko Kirol instalazioetako abonuak ematen duen aukera berri hau! Muittulezon baitan Muittu!

Arloa edo saila