Allerru eskubaloi taldearen bilakaera 2020ko egutegiaren protagonista

Og, 2019-12-12 14:22

Bihartik aurrera eskuragarri egongo da udal bulegoetan eta liburu azokan Lezoko Udalaren urteroko egutegia.

2020koa Allerru eskubaloi taldearen iragana eta oraina jasotzen ditu, hastapenetatik Munttarpe eskubaloi taldean bilakatu arteko irudiekin.

Jada aste gutxi geratzen zaizkigu 2019 urtea agurtu eta 2020ari ongietorria emateko eta garai honetan azken lau urtetan egin bezala, Lezoko Udalak ohiko udal egutegia argitaratuko du.

Aurtengoan Allerru eskubaloi taldearen bilakaera izango da protagonista eta aipatu egutegiak eskubaloi taldearen iragana eta oraina jaso ditu, hastapenetatik Munttarpe eskubaloi taldean bilakatu arteko irudiekin.

Izan ere, Allerru hainbat kirol modalitate jasotzen zituen elkarte gisa jaio zen 60ko hamarkadan. Elkarte horren pean zeuden, besteak beste, eskubaloia, futbola, txirrindua, saskibaloia, pilota… Urtetan zehar modalitate horiek guztiek osatu zuten Allerru kirol elkartea eta horrenbestez, guztiek jasotzen zuten izen bera, Allerru, alegia.

Duela 5-6 urte, ordea, modalitate horiek guztiak banandu egin ziren eta bakoitzak izen berri bat hartu zuen. Eta horrela sortu zen, hain zuzen, gaur egun Munttarpe eskubaloi talde gisa ezagutzen duguna.

2020ko egutegian, beraz, eskubaloi taldearen iragana eta oraina biltzen dira. Allerru eskubaloi taldearen hastapenen irudiak Munttarpe eskubaloi taldean bilakatu arteko argazkiekin uztartzen dira, nolabait urte guzti hauetako ibilbideari errepasoa eta omenaldia eginez. Eta ibilbide horretan, noski, nagusi dira Munttarpe eskubaloi elkarteko neska taldearen argazkiak.

Aipatu egutegia eskuragarri egongo da bihartik aurrera udal bulegoetan zein liburu azokan eta doakoa izango da.

Arloa edo saila