Altamira auzoko jaiak ospatuko dira asteburuan. Egitarau oparoa antolatu du Altzate Auzo Elkarteak, Lezoko Udalaren laguntzarekin.
Datorren ostiraletik, hilak 5, igandera arte, irailak 7, haur eta helduek Altzate Auzo Elkarteak antolatutako jai-programaz gozatu ahal izango dute Altamira auzoan. Gaur goizean aurkeztu dute egitaraua Jon Legorburu Lezoko Udaleko Kultur Zinegotziak, Ainhoa Salaberria Kultur Teknikariak eta Altzate Auzo Elkarteko kideek.
Jon Legorburu Kultur Zinegotziak azaldu duen moduan, Altamirako jaiak data garrantzitsuak dira, izan ere, irailari hasiera ematen diote lezoarrek auzo elkarteak prestatutako ekitaldi eskaintza paregabearekin. Gainera, “auzo izaera nabarmena dute Altamirako jaiek, denontzat prestatutako ekintzak biltzen ditu egitarauak eta elkarlanean sortutako festak dira. Altzate Auzo Elkarteak lan handia egiten du ekintza guztiak antolatzen, urte asko darama auzoko elkarteak jaiak antolatzen, Lezoko auzoen artean Altamiran ospatu dira jai gehienak”. Altzate Auzo Elkarteari eskerrak emateko probestu du momentua Kultur Zinegotziak, urtean zehar auzo bizia mantentzeko eta auzo izaera indartzeko egiten duten lanagatik.
Salaberriak egitarauaren nondik norakoak azaldu ditu. Askotariko ekintzak jasotzen ditu aurten ere auzoko festen programak: apar festa, sardinada, puzgarriak, patata tortilla txapelketa, mus txapelketa, etab. “Ostiralean hasi eta igandera arte egun osoan zehar ekintzak izango dira auzoko txoko ezberdinetan. Euskal kultura, haur jolasak, txapelketak, musika, kirola… denetik izango da Altamiran datorren asteburuan”, azaldu du Salaberriak. Egitaraua Lezoko kaleetan zehar eta udaleko webgunean dago ikusgai.
Azkenik, Rut Pousada Altzate Auzo Elkarteko ordezkariak hartu du hitza. Elkarteak duen ilusioa azpimarratu du, eta helburu batzuetan inoiz baino ahalegin gehiago jarri dituztela azaldu du: “Jai batzordearen aurtengo helburu nagusietako bat herriko eragile eta erakunde ezberdinen arteko elkarlana eta elkarkidetza sustatzea izan da. Horietako bat Lezo Institutuarekin sortutako hartu-emana izan da. Adibidez, sardinadan DBH4ko ikasleak izango ditugu ikasbidairako dirua biltzen, eta eguraldi txarra eginez gero, haurrentzako ekintzak institutuko kantxan egiteko aukera eman digute”. Gainera, aurtengo jaietako kartelen diseinuak auzoko haur eta gazteek egin dituzte, bai kartel orokorra bai eta mus txapelketakoa eta familia danborradakoa ere.
Lezoar guztiak Altamirako jaietan parte hartzera gonbidatu dituzte, urtero bezala, auzoaz eta giroaz gozatzeko aukera paregabea izango baita. Jon Legorburu Kultur Zinegotziak gogorarazi du jaiak denonak direla, eta euskaldunak, parekideak, jasangarriak eta, batez ere, inolako erasorik gabekoak izatearen garrantzia azpimarratu du.