Kilometro Lezoko azken txanpan, goi mailako artistak ere

Azken emanaldiak, irailaren 3-4 eta 10-11 asteburuetan.

2021eko Kilometro Lezo azken txanpan dabil. Bi asteburu gelditzen dira, biziki intentsuak biak eta goi mailako artistaz osatuak.

Irailaren 3an:

20.00 Hortzmuga antzerki taldeak “Bidearen amaieran” dakar, kaleko komedia emozionala eta publiko guztientzat. Umorez, endreduz eta sentimenduz betea. Zahar egoitza batetik ihesi joan den aitaren bizitza alzheimerrak menperatzen duen bitartean, Drag Queen ogibidea du semeak…

23:00 Laila Tafur dantzaria eta Bartzelonako kontserbatorioan irakaslea da. Askea, osoa, erabatekoa izan nahi duen emakumea da. Erdi umea, erdi emakumea, erdi gizona delakoan dago. Bere emanaldiak sentikorrak oso. Dantzan, esanahia eta haragiaren arteko marruskadurak gertatzen omen dira. Igurtzi horietatik datoz formak, izenak, paisaiak… baita Laila-ren “Monstruo”-a.

Irailaren 4ean:

-  20:00 Musika Eskolako hiru talde emango diote hasiera: Gotzen ─Aitana, Ane, Aiora, Endika, Aratz eta Unai─, Ordu Txarra: ─Idoia, Emilio, Mª Carmen─ eta Jaig ─Gorka, Jesus., Iker, Aitzol─. Izaera modernoa duten musikak (Folk, Rock, Comboak,...) lantzeko sortutako espezialitatea garatu du musika eskolak. Eta hemen ondorioak!

23:00 Larunbata amaitzeko Willis Drummond. Duela urte bat, “Zugzwang” seigarren estudioko lana kaleratu zuten. Euskal Herrian 2 kontzertu eta munduko itzuli baten ondotik, 2020ko udaberrian isildu behar izan zuten, bortxaz...Geldialdiaren denboran, Willis Drummond formatuz aldatu da eta Vincent Bestaven  untzira igo da, bere ahotsa, gitarra eta teklatuekin. Willis Drummonden kantuak beste ikuspuntu batekin landu dute. Orain Lezoko herrian jotzeko unea etorri da, azkenean!

Irailaren 10ean:

20:00  Antroan Intro antzerkia Orratx Antzerki Taldearen eskutik. “Antro” taberna hiriko zulorik ilunena eta galduena da. Bertan, sartu, sortu, aurkeztu, erotzeko... aukera dago. Tamalez, gotorlekuaren azken eguna da gaur. Mertxe Larrea, Begoña Azpiazu, Joseba Salaberria, Amaia Herrero, Araitz Larrea, Edurne Agirrezabala, Lierni Fresnedo, Pello Elvira, Begoña Amonarriz eta Patxi Larrea lezoarrek parte hartzen dute.

23:00 Ostirala amaitzeko 3 talde: Eztandak: Lezoko dantzazaleen taldea da eta beraien grina mundu guztiari erakutsi nahi diote. Pandemiagatik, Tik Tok eta zumba batzearen esperientzian murgildu ziren. Amaiur Luluaga: dantza. Bere lehenengo sormen proiektua da, bertan subjetu eta komunitatearen arteko harremana lantzen da, giza desberdintasunak sortzen dituen erakusle nagusia den zorotasunetik barrena. Meeting Point: dantza. Herrialde berdinetik baina elkarren artean urrun dauden bi hiritatik datozen bi gazte. Break Dance-a eta Hip Hop-a bezalako lengoaiak nahasten diren leku berri bat deskubritu eta dantza garaikidearen begiradapean definiezina den zera berri bat sortu dute.

Irailaren 11an:

19:00 Musika GonaPK: Lezon duela bi urte sortutako taldea da. Letrek bizitzaren arlo ezberdinak jorratzen dituzte: existentzialismoa, politika... Abestien hitzak rock musika oso heterogeneo batekin nahasten dituzte: rap, punk, punk-rocka...

20:30 ETS: Aukera berriak. Bosgarren diskoa aurkezten jarraitzen dute. Taldeak garden azaltzen du bizitzan agertzen diren ate zahar eta gazteetan edo bidegurutzeen aurrean aukera berriak sortzen direla. Bizitzarekin muturreraino bat egin behar dela transmititu nahi dute. Sarrera guztiak pare bat orduetan saldu zituzten.

Ekitaldi batzuen sarrerak agortuak badaude ere, beste askorentzat gonbidapenak lortu daitezke. Doako gonbidapenak dira eta Lezoko Udaleko webgunean eskuratu daitezke.

 

Arloa edo saila