Kultur agenda berriak nobedadeak ditu

Udazkeneko (iraila – abendua) agenda kulturala aurkeztu da 
Poesia, Memoria Historikoa eta dantza (koreografo berrien erakustaldiak) dira berrikuntza nagusiak.

Lezoko Udalak kultura bultzatzeko apustua egin zuen eta emeki betetzen ari da. Jesus Mari Martiarena alkateak eta Xanti Val Kultura teknikariak, udazkeneko agenda kulturala aurkeztu dute.

Kilometro Lezoren bigarren jaialdia amaitu berri dugu. Oso ekitaldi politak eta ikusgarriak bizi izan ditugu, hauetako askotan gainera, sarrera guztiak agortu dira. Kultura sustatzen jarraitu nahi dugula, ohiko emanaldiaz gain, urrats berri batzuk prestatu ditugu eta hainbat berrikuntza daude datozen hilabeteetarako” azpimarratu du teknikariak.

Alkatearen hitzetan, “Lezon antolatzen diren kultur ekitaldiaz, kultura udal politikaren erdigunean jartzeaz oso harro gaude”.

Urtero bezala, egitarau oparoa antolatu da datozen hilabeteetarako eta adin guztietara zuzendutako ekitaldiak eskainiko dira.

Nobedade ugari aurten. Hiru hain zuzen:

  1. Berrikuntzen artean, Memoria Historikoari eskainitako tartea egongo da. Urtero, sasoi honetan Memoria historikoarekin, modu ezberdinetan, kontsolidatu nahi dugun jarduera da. Joan den asteburuan lehen omenaldi eta ekitaldiak egin baziren ere, honi gehituko zaizkio dokumental bat eta gaiarekin lotuta dagoen antzerki emanaldia. Hauek izango dira udari bukaera eta udazkenari hasiera emango dioten lehenengo ekitaldiak.

 

  1. Poesiari ate berri bat zabaldu nahi dio aurten Lezoko Udalak. “Galderak egiten jarraitu nahi dugu. Egiarekin egiten dugu amets, baina zalantzatan gara. Egarri horretatik sortu da Lezon, Poesia Kaia” gaineratu du Xanti Valek. Oso emanaldi politak, goi mailako jendearekin eta azkena Santokristoan izango da.

 

  1. Zeta-Zeta dantza saioak. Lezoko Udaletik, Dantzaz elkartearekin elkarlanean, berrikuntza handi bat eskaini nahi da: dantza sorkuntzatik gertu dauden leiho irekiak. Leiho horietan, koreografo gazteak, urritik apirilera bitarte ostegunetan hilean behin egingo diren saioetan, hasiera-hasieratik koreografia sortzeko prozesua partekatuko dute.

Horretaz gain, ohikoak diren haur antzerkiak eta zinema, zinema familian, antzerkia, dantza, liburutegiko literatur saioak ─online saioekin bukatuz, berriro presentzialak izango dira─ eta musika eskolako jarduerak ez dira faltako 2021eko udazkenean Lezon. Guztira, 30 ekitaldi inguru prestatu dira abenduaren 19a arte.

Informazioa, Lezoko webgune, sare sozial eta APP-an

Ekitaldi, ordutegi eta sarreren salmenta Lezoko webgunean eta APP-an aurkitu daitezke. Nobedadeak eta ekitaldien irudi eta bideoak ere udaleko eta kultur departamenduko sare sozialetan argitaratuko dira.

Segurtasuna nagusi berriro

Ospatu berri den Kilometro Lezo jaialdian egin den bezala, udazkenerako ekitaldi oro osasun eta segurtasun protokolo baten baitan eramango da aurrera, herritarren segurtasuna bermatzeko.

Gauzak horrela, emanaldi guztiek babes eta higiene neurri zorrotzak beteko dituzte:

  • Ezinbestekoa izango da aretoaren barruan maskara erabiltzea, bai aretorik sartu eta ateratzeko zein emanaldiak irauten duen bitartean ere.
  • Antzokira sartzean beharrezkoa izango da eskuak garbitzea horretarako ahalbidetuko den gel hidroalkoholikoarekin.
  • Sarreran egongo den pertsonak kudeatuko du ilararen eta bertaratutakoen arteko segurtasun distantzia.
  • Auditoriumaren edukierak Eusko Jaurlaritzaren arauetara egokituko dira.
  • Aretoak emanaldia hasi baino ordu erdi lehenago zabalduko ditu ateak jende pilaketak ekiditeko.

Egitaraua ostiralean banatuko da etxeko buzoietan eta horrez gain, programazioa biltzen duten hainbat kartel jarriko dira herriko panel informatiboetan ea hainbat gune esanguratsuetan: ikastetxeetan, komertzioetan, Kultura departamenduan, Musika Eskolan eta Udal Liburutegian.

SARRERAK EROSTEKO HEMEN

Arloa edo saila
Eranskinak