“Lezo´ko baserriak, oroitu ditzala herriak” liburua aurkeztu da

Or, 2022-04-08 15:33

Javier Salaverria lezoarrak duela 51 urte herriko baserriei ateratako argazkiekin osatu dute liburua.

“Lezo´ko baserriak, oroitu ditzala herriak” liburua argitaratu zuten duela gutxi. Gaur, Lezoko Kultura Aretoan aurkezteko eguna iritsi da. Bertan, Eneko Salaverria (egilea), Jesus Mari Martiarena (Lezoko Alkatea), Ion Pombar (Lezoko Udaleko Kultur zinegotzia) eta Xanti Val (Kultur teknikaria) egon dira. “Dixidu Diseinu Grafikoak” maketatu du eta “1545 argitaletxeak” egin ditu argitaratze lanak, Lezoko Udalaren babesarekin. “Udalaren laguntza eskertu behar da, hasieratik proiektuan sinesteagatik” adierazi du Eneko Salaberriak. Seme zaharrena eta “Dixidu” diseinu grafikoko arduraduna da, eta berak eman dio forma liburuari. Etxekoen hitz batzuk ere jasotzen dira liburuan.

“Aita, Javier Salaverria Salaverria, Lezokoa genuen eta jakina da zenbat maite zuen bere herria. 1971n Lezoko baserri gehienei argazkiak atera zizkien eta album bat sortu zuen. Guk album hori beti etxean ezagutu dugu, eta askotan aipatu izan genuen altxor horrek nolabait Lezora itzuli behar zuela, herriarentzat egindako zerbait zelako” gaineratu du egileak.

“Urteak joan ziren eta gauza batengatik ez bada besteagatik ez genion proiektuari behar bezala heldu, baina 2021a argazkiak atera zireneko 50. urteurrena zela aprobetxatuz, ez genuen aukera pasatzen utzi nahi. Aitak 2018an utzi gintuen, eta zor geniola ere sentitzen dugu” esan du Salaberriak.

“Amak garai hartako aitaren lan guztiak ondo jasota mantentzen ditu, baserrien negatiboak bilatu eta denak banan bana eskaneatu genituen” amaitu du Enekok.

Azken bi hilabetetan loratu da joan den urteko uzta beste hiru argitalpenekin:

  • -Hiku Miku Ziriku, Trapujale Taldearekin [Ipuin sailean]
  • -Esklaboen barrakoiak, Mikel Susperregi eta Lander Zurutuzarekin [Lezokuak sailean]
  • -Lezo´ko baserriak. Javier & Eneko Salaberriarekin                         [Ezagutu Lezo sailean]

“Ez da broma. Emeki-emeki, dagoeneko 28 argitalpen ditugu bada bideratuak!” gaineratu du Xanti Valek.

Hauetako liburu bakoitzak bere bidean badu bere istorioa. Eta nahi izanez gero, istorio guzti hauekin beste liburu bat osatzeko aukera genuke.

“Gure aldetik, oso pozik gaude istorio hauek bidean jarri ahal izan ditugulako; lezoarren ondarea osatzen lagundu dugulako. Izan ere, kolaborazio hauek guztiak handi egiten dute Lezoarren ugalkortasuna eta udalaren esku hartze lerroa” gaineratu du Kultura teknikariak.

Bukatzeko, Lezoko Udalak zorion beroenak eman nahi dizkio Eneko Salaberria eta bere familiari, bere aita Javierren lanari forma eman, bukatu, eta omenaldi moduan argitaratzea lortu dutelako. Lezoarren memoria bisuala eta historia zati bat osatzeko aukera bikaina daukagu aurrean.

- Jatorrizko bilduma Lezoko Udalaren artxiboan utziko du familiak.

Arloa edo saila