"Musika bidez sentimenduak transmititu eta mundua aldatzen saiatzen naiz" Ilargi Arrizabalaga Lezon izango da asteburuan

Or, 2021-08-27 10:52

Artista lezoarraren lehen kontzertua izango da herrian.

  • Kaixo Ilargi, zure herrian kantatzeak zer sortarazten dizu?

Ilusio handia egiten dit bertan kontzertu bat ematea, Lezon ematen dudan lehen kontzertua da, eta gogoa daukat herriko publikoaren harrera ikusteko. Bertan hasi nintzen nire lehen musika klaseak jasotzen, Musika Eskolan, eta polita da nire lehen diskoaren kontzertuetako bat bertan izatea.

  • Kilometro Lezo jaialdia ezagutzen zenuen? Gustuko duzu?

Bai, iaz hainbat antzezlan ikusi nituen jaialdiaren barruan, horien artean Markeliñe konpainiaren Crusoe antzezlana. Oso polita iruditzen zait Lezoko bezalako herri batean halako kultura eskaintza edukitzea, oso aberatsa dela deritzot, bai jaialdian baita kurtso osoan ere, eta hori eskertzekoa da. Marie de Jong bezalako konpainiak eduki ditugu herrian denboraldi honetan zehar. Zoritxarrez, nik ikasketak direla eta, askotan ez daukat ikuskizunak ikustera joateko aukerarik, baina ahal dudanean bertan nago, mundu berriak esploratzeko prest. 

  • Etiketetatik ihes egin eta zure lehen diskoa argitaratu duzu. Nolakoa da? Zer ikusi edo entzungo dute lezoarrek asteburuan?

Diskoak ni definitzen nauela deritzot. Ez dakit nola etiketatu diskoa, eta horregatik beti pop, balada eta indie estiloen artean dantzan dabilela esaten dut, baina etiketetatik ihes egin beharko genukeela deritzot, askotan mugatu besterik ez gaituztelako egiten. Diskoan bi ildotako abestiak daude, kritikoak eta sentimentalak, izan ere, musika, eta arte orokorrean, nire sentimenduak adierazteko eta era utopiko batean mundua aldatzeko erabiltzea gustatzen zait. Asteburuko kontzertuan, diskoko abestiak eta bertsio ezberdinak joko ditut bandarekin batera, eta espero dudan bakarra da jendearengan zerbait mugiaraztea, eta era batera edo bestera, disfruta dezatela, nik sortzen egiten dudan bezala.

  • Pandemiak, kulturari kolpe handia eman dio. Zein da zure iritzia? Osasun neurriak mantenduz, kultura segurua da ezta?

Pandemia kolpe handi bat izan da arlo guztientzat, eta nola ez, beti gertatzen den bezala, kulturan kolpea askoz handiagoa da. Kultura garrantzirik ez duen arlo bat dela kontsideratzen da askotan, baina, zer izango zen konfinamendua kulturarik gabe? Kultura kontsumitzeak pentsatzera bultzatzen gaitu, eta pentsatzeak aske egiten gaitu. Argi dago, goiko botereek ez dutela pentsatzen duen gizarte bat nahi, ignorantzian askoz errazagoa baita jendea maneiatzea. Eta horren aurka, kultura kontsumitu behar dugu, sorkuntzak egin behar ditugu, gure buruaren jabe izan nahi badugu. Eta noski, kultura segurua da, autobus batean merkataritza gune batera joatea baino askoz seguruagoa.

 

Arloa edo saila