“Poesia Kaia” aurkeztu da Lezon

Al, 2021-11-08 16:17

Azaroan zehar hiru proposamen berritzaile antolatu dira.

Lezoko Udalak udazkenerako prestatu dituen kultur ekitaldien artean hiru proposamen berritzaile antolatu ditu. Aurreko denak agertu genituenez, orain Poesia kaiak du lekua.

Zergatia erraza du: Gipuzkoan zehar literaturaren inguruan emanaldi ugari dira, baina poesia emanaldiak minoritarioak suertatzen dira. Baina gure ustetan olerkaritzak gaitasun handia du hizkuntzarekin jolasean ideiak konprimitzeko, gauzak beste  modu batez esateko.

Gurean, poesia programatzearen zailtasunak ondo ezagutuz, haize berria eman nahian beste ikuspuntu batetik lantzea otu zitzaigun: musikarekin uztartuz. Herritarrengana hurbiltzeko modu atseginagoa izan daitekeelakoan.

Xanti Val, kultura teknikariaren esanaten: “Lezon Poesia Kaiaren emanaldiak azaroaren 16, 18 eta 20an izango dira.
Hau da, aste batean konprimitu nahi izan ditugu. Jarduera berri honi, gorputz berezia eman nahi izan diogu.

Aurrerantzean ere, Poesia Kaian sakontze aldeko apustua egin nahi da”.

Aurkezpenean hainbat olerkari eta antolatzaile izan dira: Felipe Juaristi, Aritz Gorrotxategi, Pello Otxoteko eta Juan Ramon Makuso.

Juan Ramon Makusok esan duenez: “Balea Zuria argitaletxea 2017an sortu zen, poesia zabaltzeko helburuarekin. Argitaletxea sortu dugun lau kideok idazleak eta poetak gara (Felipe Juaristi, Juan Ramon Makuso, Pello Otxoteko eta Aritz Gorrotxategi), eta eskarmentu handia dugu euskal literaturaren alorrean, batez ere poesiarenean. Eta egun ere eragile kultural moduan bagabiltza, honen adibidea, gaur hemen Lezon aurkezten ari garen ekimena, “Poesia Kaia”. Dozena bat urtetik gora daramagu poesiaren inguruan lanean, ekitaldiak antolatzen eta sustatzen.

“Poesiari ate berri bat zabaldu nahi diogu. Galderak egiten jarraitu nahi dugu. Galdetzea azalekoan ainguratuta ez geratzea baita. Galdetzea, ordea, ez da beti erantzunak topatzea. Guk ere ez ditugu oraindik topatu. Egiarekin egiten dugu amets, baina zalantza gara.

Egarri horretatik sortu da Lezon,  Poesia Kaia. Kaiara jalgi gara… Edo, hobe esan, itsasora. Orrialde zuri bat gara, eta letrak ditugu arpoi. Zabalik duzue atea”.

Eta hau guztia gauzatzeko, Lezon, hiru egunetan, egitarau hau prestatu dugu, Lezoko udalaren babesean.

Azaroak 16, Gezala Auditoriumean 19:30etan

Hemeretzi zatiko poema da, Orbelen Intziriak izenekoa. 2020an Balea Zuriak argitaratutako Itxaro Bordaren Abaro bilduman agertu zen. Bizi pusketak dira, non isuritako arnasa eta odola nabaritzen diren.
Itxaro Bordak Olivier Cavalié Kako musikariarekin eskainiko du sorkuntza hau.

Azaroak 18 Gezala Auditoriumean 19:30etan

Elkarrizketa Ramón Andrés eta Juan Ramon Makuso

Poetak: Aintzane Galardi, y Mireia Calafell (katalana)

Azaroak 20: Santo Kristo baselizan 20:15etan

José Ángel Hernández eta Ohiane Garmendia

Musikoak: Arrate Zubigaray Orbea (organoa) eta Jon Makuso Arrizabalaga (boiolina).

Arloa edo saila