Santakrutzen egoera aztertzeko bilera egingo du Jai Batzordeak

Or, 2020-08-21 12:28

Egungo osasun egoera kontutan hartuta, festen inguruan erabakiak hartzeko bilduko da Jai Batzordea datorren hilaren 25ean.

Uda sasoian aurrera eginez goaz eta gero eta gertuago dugu jada Lezoko Santakrutz jaien data.

Egungo egoera, baina, desberdina da eta ez du zer ikusirik orain arte ezagututakoarekin. Izan ere, COVID-19ak zeharo aldatu du gure egunerokotasuna eta baita, noski, harremantzeko ohiturak ere.

Ildo horretan, jada bertan behera utzi behar izan genituen Mendekosteak ekainean eta horren atzetik, bertan behera gelditu dira ere Gipuzkoa eta inguruko herrialde zein lurraldeetako udako jai guztiak: Gasteiz, Donostia eta Bilboko Aste Nagusiak, San Ferminak, Errenteria, Pasaia edota Oiartzungo jaiak…

Horri lotuta eta iraileko Santakrutzak gero eta gertuago ditugula kontutan hartuta, egungo errealitateari erreparatuz, herriko festen egoera aztertzeko bilera egingo du datorren astean Jai Batzordeak.

Bertan, besteak beste, jaien atarian hartu beharreko jarrera eta jokabidea erabakiko dira eta behin erabakiak hartutakoan emango zaie horien berri herritarrei.

Arloa edo saila