1995.eko Apirilaren 5ekoa

    Agiri mota

    Lezo, mila bederatziehun eta laurogeita hamabosteko apirilaren bostgarrena. Arratsaldeko zazpiak eta bostetan hasi du Udalak OSOKO BILKURA OHIKOA, Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian. Lehenengo deialdian Aitor Sarasola Salaberria, alkate-lehendakaria, Josu Mirena Pontesta Garmendia, Gemma Arrillaga Albisu, Karmele Legorburu Irazu, Mikel Mitxelena Iza, Jose Luis Agirretxe Mitxelena, Jose Antonio Dozagarat Andueza eta Jose Mª Boto Sancho, zinegotziak, bildu dira.

    Iñake Urrestarazu Azurmendik bilerara etortzerik ez zuela eta, abisatu egin du.

    Marcial Zabaleta Salaberria, Jesus Mª Martiarena Jaca, Pello Garbizu Azkue eta Jose Varela Pampin ez dira bileran izan.

    Xabier Loiola Aristik egin du idazkaritza eta Pello Goikoetxea Agirrek itzultzailetza.

    Plenoa hasi aurretik, gai-zerrendako 5. puntuari dagokion planoa eta 10. gairako alkateak proposatutakoa aldatzen duen Hirigintza Batzordeak egindako diktamena banatu die alkateak zinegotziei.

    1. - 1995EKO MARTXOAREN 1EAN EGINDAKO OHIKO OSOKO BILKURAKO AKTA ETA MARTXOAREN 8AN EGINDAKO OSOKO BILKURA BEREZIAKO AKTA ONARTZEA.

    Jose Mª Botok akten onarpena beste bilkura baterako uztea eskatu du, aktak atzo jaso zituela eta.

    1995eko martxoaren 1eko aktan zuzenketa hauek egin dira:

    5. puntuko 5. lerroaldian, "ocho votos"en ordez, "siete votos" esan behar du.

    Gemma Arrillagak, aurreko bilkuran, galderetan eta eskaeretan, Osakidetzari lokal bat uzteagatik izandako eztabaidan, hain juxtu, esan zituen hitzak jasotzea eskatu du: "Osakidetzatik arkitektoak etorri eta lokalaren berri ez bazuten ere aurretik, egokia iruditu zitzaiela".

    Alkateak hurrengo aktan modifikazio hauek jasotzeko esan du, eta, J.Mª Botoren eskaera onartuz, hurrengo osoko bilkurarako utzi da haren onarpena.

    2. - PROPOSAMENA, 1995EKO URTARRILAREN 1ERA ARTE HERRIKO BIZTANLEEN ERROLDAN IZANDAKO ALDAKETEI HASIERAKO ONARPENA EMATEA.

    Jose Mª Botok, gai honen proposamena itzulia bidaltzea eskatu dio idazkariari.

    Idazkariak, 1995eko urtarrilaren 1era arte herriko biztanleen erroldan izan diren aldaketen berri eman du; hala, 22 pertsona gehiago dira eskubidedunak 1.994ko urtarrilaren 1ean zirenen aldean. Biztanleak, orotara, 5.557 dira ( 2.756 gizon eta 2.801 emakume). Aldaketak aho batez onartu dituzte eta, beraz, jendaurrean jarrita gelditu dira.

    3. - GIPUZKOAKO FORU ALDUNDIAREKIN INFORMATIKA GAIETARAKO LANKIDETZA HITZARMENAREN ONARPENA.

    Alkateak proposamenaren berri eman du.

    José Mª Botok, akordioa zergatik atzeratu den galdetu du, 1994koa dela-eta, ea zergatik ez duten lehenago onartu.

    Alkateak esan du Diputazioak berak ere oso berandu onartu zuela hitzarmena.

    Hori ikusita, osoko bilkurak, bertan diren zinegotzi guztien adostasunarekin, zera ERABAKI DU:

    BAT: Gipuzkoako Foru Aldundiarekin informatika lankidetzarako hitzarmena sinatzea.

    BI: Hitzarmen honen indarraldia 1994ko urtarrilaren 1etik 1997ko abenduaren 31ra bitartekoa izango da.

    HIRU: Eskumena ematea alkateari kontratua izenpetzeko.

    4. - PROPOSAMENA, NOTARITZETAN EUSKARAREN ERABILERARI BURUZKO AKORDIOA HARTZEA.

    Joxe Luix Agirretxek adierazi du aztertu zutela Euskara Batzordean notaritzetan euskara erabiltzeko UEMAK egin duen proposamena.

    Era berean dio, notariak, herri zerbitzariak eta zuzenbideko profesionalak diren heinean, euskara erabili behar dutela.

    Proposamenak honela dio:

    Notaritzak eta euskararen erabilera.

    Gaur egun, bai herritarrak eta baita erakundeak ere (Udala kasu), Notaritzetara zerbitzuen eske joatean, ia inoiz ere ez zaie aukerarik ematen zerbitzu horiek (nola hitzez hala idatziz) EUSKARAZ jaso ahal izateko.

    Aukera hori, gure ustez, Euskal Herriko Autonomi Elkarteko eta Nafarroako Foru Erkidegoko herritar eta Erakundeei legez zor zaiena da, ondorengo Zuzenbide-oinarri hauek frogatzen dutenaren arabera.

    Zuzenbide-oinarriak.

    1) Indarrean dagoen 1978ko Espainiako Konstituzioak, bere 3.artikuluan eta 2. atalean hau dio:

    "Espainiako beste hizkuntzak ere ofizial izango dira haiei dagozkien Erkidego Autonomoetan berauen Estatutuei dagokien eran".

    Era berean, 3. atalean, beste hau dio:

    "Espainiako hizkuntz mota ezberdinen aberastasuna, kultur ondare da eta, beraz, babesgarri eta begiruneko izango da".

    2) EUSKAL HERRIKO AUTONOMI ELKARTEA.

    2.1.) Euskal Autonomi Elkarteko Estatutuak, 1979tik indarrean denak, honako hau dio 6. artikuluko 1. eta 2. ataletan:

    "1. Euskarak, Euskal Herriaren berezko hizkuntza denez, hizkuntza ofizialaren maila izango du Euskal Herrian gaztelaniarekin batera eta bertako biztanle guztiek dute bi hizkuntzok ezagutzeko ETA ERABILTZEKO ESKUBIDEA".

    "2. Erkidego Autonomoko Erakunde amankomunek, Euskal Herriko egoera sozio-linguistikoaren ñabardurak kontuan izanik, bi hizkuntzen erabilpena bermatuko dute, berorien ezagutza eta erabilpena segurtatzeko behar diren neurriak hartuz eta bitartekoak jarriz".

    2.2.) Euskararen Erabilpena Arauzkotzeko Legeak, azaroaren 24ko 10/1982koak, 5. artikuluko 2.a) atalean, ondorengoa dio:

    Euskal herritarrei honako funtsezko hizkuntza-eskubide hauek aitortzen zaizkie:

    "Arduralaritzarekin eta Autonomia-Elkartean kokatutako edozein Ihardutze-Sail edo Erakunderekin harremanak hitzez eta/edo idatziz euskaraz edo gaztelaniaz izateko eskubidea".

    Era berean, bere 26. artikuluan, ondorengoa xedatzen du:

    "Euskal Herri-agintariek euskera gizarte-bizitza alor guztietan erabili dadila sustatzeko neurri egokiak hartu eta beharrezko baliapideak jarriko dituzte, herritarrei beren merkataritza, kultura, bazkun, kirol, erlijio eta beste nolanahiko ekintzapidetan euskaraz ari daitezeneko bideak eskaintzeko".

    3) NAFARROAKO FORU ERKIDEGOA.

    Nafarroako Foru Erkidegoko abenduaren 15eko 18/1986 Euskararen Foru Legeak, honako xedapen hauek ditu besteak beste:

    2.1. artikulua.- Gaztelania eta euskara Nafarroako berezko hizkuntzak dira eta horren ondorioz, herritar guztiek dute jakiteko eta erabiltzeko eskubidea.

    3.2. artikulua.- Herri-agintariek behar diren neurri guztiak hartuko dituzte herritarrak hizkuntzarengatik baztertuak izan ez daitezen.

    10. artikulua.- (Eremu euskaldunerako). Herritar guztiek dute eskubidea Herri-administrazioekin dituzten harremanetan euskara zein gaztelania erabiltzeko eta berek aukeratzen duten hizkuntza ofizialean zerbitzuak izateko.

    12. artikulua.- (Eremu euskaldunerako). Dokumentu publikoak, egilesleak aukeratutako hizkuntza ofizialean idatziko dira eta egilesle bat baino gehiago baleude, berek hautatzen dutenean. Herri-fedemaileek gaztelaniaz edo euskaraz luzatu beharko dituzte kopiak edo lekukotzat, interesatuak eskatuaren arabera eta beharrezkoa denean beren erantzukizunpean itzuli beharko dituzte jatorrizkoak eta dokumentuak.

    13.1. artikulua.- (Eremu euskaldunerako). Kopiak eta ziurtagiriak, hizkuntza ofizialetako edozeinetan luzatuko dira.

    17. artikulua.- (Eremu mistorako). Herritar guztiek dute eskubidea Nafarroako Herri-administrazioekin dituzten harremanetan euskara nahiz gaztelania erabiltzeko.

    18.- artikulua.- (Eremu ez-euskaldunerako). Herri administrazioengana euskaraz jardunez joan ahal izateko eskubidea aitortzen zaie. Administrazioek interesatuei eskatu ahal izan diete gaztelaniazko itzulpena edota 9. artikuluan aurrikusitako itzulpen-zerbitzuez baliatu ahal izango dira.

    4) Logikoki eta aipatu ofizialtasunen berehalako eta beharrezko ondorio bezala, hala eskatzen den kasuetan HIZKUNTZA ERABILI BEHARRA ondoriotzen da, eta hau kontuan ez hartzeak, hizkuntza ofizial baten (kasu honetan euskeraren) justifika ezinezko bazterreratze automatikoa eta berorren deskreditua suposatzen du, bere kultur ondaretza eta aberastasun-jitea direla bide. Jokaera horrek, Konstituzioko 3. artikuluko 3. atalaren arabera zor zaizkion begirune eta babesa hausten ditu.

    5) Indarrean dagoen Notaritzako Legearen arabera (1.Titulua, 1.artikulua), "Notaria, legeen arabera kontratu eta gainerako judizioz kanpoko ekintzen fede emateko baimendutako herri-funtzionaria da".

    Gainera, Notaritzako antolamendu eta erregimena onetsiak dituen 1944ko ekainaren 2ko dekretuak, bere sarrerako Tituluan, 1. artikuluan, ondorengoa dio:

    Notariak aldi berean, Zuzenbideko profesionalak eta herri-funtzionariak dira eta izaera bikoitz honi dagokio Notaritzaren antolamendua. Zuzenbideko profesionalak diren aldetik, beren ministraritza eskatzen dutenei aholkularitza eskaintzeko eta berek lortu nahi dituzten zilegiztasunezko helburuak lortzeko bitarteko juridikoak aholkatzeko eginkizuna dute. Funtzionari gisa, notari-fede publikoa, ematen iharduten dute eta..."

    Hori guztia dela bide, eta Notariak herritar nahiz erakundeen zerbitzura dauden funtzionariak direnez, honako hau adierazi eta eskatzen diogu NOTARIEN ELKARGOARI:

    Bezeroei (herritar arrunt nahiz erakundeei) Notarietan euskaraz zein gaztelaniaz, ahozko zerbitzuak izateko aukera eskaintzea eta dokumentu idatziak ere bezeroek nahi duten hizkuntza ofizialean inolako gainkosturik gabe onartu, egin, luzatu eta izapidatzea.

    José Mª Botok, ea zerbitzua bi hizkuntzatan izango den galdetu du, jendeak eskatutako hizkuntzan izango den.

    Baiezkoa erantzun dio Joxe Luix Agirretxek.

    Hori ikusita, osoko bilkurak, bertan diren zinegotzi guztien adostasunarekin proposamena onartzea erabaki du.

    5. - PROPOSAMENA, BAIMENA EMATEA ORERETAKO UDALARI LEZOKO BARRUTIAN (TREN ESTAZIOAREN INGURUAN) O.T.A. JARTZEKO.

    Alkateak proposamenaren helburua azaldu du. Errenteriako O.T.A. dela eta Lezoko Udal barrutian jasaten den egoera edo problema konpontzea du helburua, batipat Olibet aldekoa.

    Banatutako planoaren arabera D eremuan Errenteria eta Lezoko Udalen arteko mugen konfliktoa dago. Gipuzkoako Foru Aldundira joko da, gaia argitu dezan.

    Planoko A, B eta C eremuetan Errenteriako Udala baimendu nahi da O.T.A. ipintzeko, lezoarrentzat egoiliar txartela eskuratzeko baldintzarekin. Txartela ateratzen denean aplikatuko da O.T.A., eta aurretik, publizitatea emango zaio erabakiari.

    J.Mª Botok konforme dagoela esan du; baina, horko gorabehera zuzendu eta beste toki batean sortzen ote den iruditzen zaiola hari. Aurreko aiekan bertan, 29. poligonoan, esate baterako, lehen bezain gaizki gelditzen dela eta. Hala, 29. poligonokoa ere konpondu egin behar dela esan du, ezer ere ez konpontzea dela bestela.

    Alkateak esan du Olibet aiekakoa behintzat konponduko dela; hala ere, esan du, arazoa Altamiran sortzen dela ikusiz gero, begiratu egin beharko da konponbidea Altamiran ere T.A.O. jartzea den. Oraingo hau puntu edo aieka jakin batetarako planteatu dute, eta horregatik ez dute aparkatzea denboraz mugatzeko ordenantzarik aurkeztu. Asmoa, beraz, osoko bilkurak erabaki bat hartzea da eta arazoak gora ala behera, okertu edo konpondu, zer egiten duen ikustea, eta orduan aurkeztua, behar izanez gero, ordenantza.

    Onartu berria da Trafiko-Ordenantza, esan du alkateak, eta agindu berri zaie -udaltzainei eta zerbitzuetakoei- azterketa egitea alkoholerako espaloian zutoinak jartzea komeni den ikusteko. Izan ere, ez da erraza egun guztian hura zaintzen egotea, eta horregatik pentsatu dute zutoinak jartzea eta trafiko-ordenantza aplikatzea.

    Planoko D aieka dela eta, muga non dagoen begiratzeko eskatu diote Oreretako Udalari, Lezok esaten duen tokian ageri baita Diputazioko agirietan.

    J.Mª Botok, berriz, Oreretako Udalarekin gestionatu behar dela esan du Alkoholerako auzia; izan ere, espaloia hartuta izaten dute lokaletakoek, eta errekaren ondoko oinezkoentzako bidean bertan ere egoten dira automobilak aparkatuta.

    Alkateak, ordea, partikularrena eta herriarena bakoitzarena zer den erabaki behar dela Alkoholeran esan du, eta zutoinak jarrita eta ordenantza erabilita konponduko dela iruditzen zaiola hango arazoa.

    Inork errekurrituz gero zer gertatuko den galdetu du J.Mª Botok.

    Idazkariak erantzun dio T.A.O. aplikatzeko lege-biderik egokiena, eta gehienek aholkatzen dutena, ordenantza izaten dela.

    Mikel Mitxelenak dio argitu egin behar dela muga kontua. Aurrerapausua dela herriko jendeari aukera ematea Olibeten aparkatu ahal izateko. Ez dela deskartatu behar ordenantza eta horretan ari direla.

    Oreretako arduradunak eskatutako osoko bilkuraren akordioa eskatu zuela eta horregatik egin dutela proposamena, gestioa eta beste pausuak gero emango dituztela.

    Hori ikusita, osoko bilkurak, aldeko zazpi botukin, alkatearena eta Herri Batasuneko beste bost zinegotzienak eta J.A. Dozagaratena, eta J.Mª Botoren abstentzioarekin, zera ERABAKI DU:

    BAT: Baimena ematea Oreretako Udalari O.T.A. jartzeko Lezoko barrutian (Olibet auzoaren mugan, tren-estazioaren inguruan) diren aparkalekuetan ere. (Ikus honekin batera doan planoa). O.T.A., edozein moduz ere, Lezoko Erresidente-Txartela ez dutenentzat izango da. Laister osatuko du Lezoko Udalak txartela dutenen zerrenda.

    BI: Herritarren jakinaren gainean jartzea erabakia: iragarki-oholaren, bandoen eta prentsaren bitartez.

    6. - PORTUKO AGINTARITZAREN ETA LEZOKO UDALAREN ARTEKO ITUNEA, MUGA ETA ESPAZIOAREN ERABILERARI BURUZKOA, ONARTZEA.

    Alkateak interesgarritzat jo du akordioa sinatzeko puntuan egotea Portuko Agintaritzarekin. Beste kuestioen artean, bai kiroldegia eta bai garajeak eraikitzeko baimena ematen duelako.

    J.Mª Botok, ondo eginez gero interesgarri izango litzatekeela eta agian ados egongo litzatekeela esan du.

    Orobat, bigarren aldia dela esan du kontu honi buru eman nahi diotena, eta Lezoren eta Portuaren arteko auzia konpontzeko bidea eman beharko lukeela akordioak. Oraingo akordioak, ordea, hipotekatu egiten duela akordioa, hari ez diola balio, txapuza galanta dela hori.

    Alkateak, berriz, badakiela kontu honekin denbora franko joan dena esan du, 10 urte, eta Gobernu Talde asko izan diren arren denbora horretan denean Udalean, inork ere ez duela akordiorik lortu. Asmoa, guztia konpontzea ala ezer ere ez konpontzea izan dela orain arte.

    Orduan, erabaki, akordio orokorra eskatzen segitzea edo beste bidetik jotzea erabaki behar izan da, dio alkateak. Akordio orokorrak oso nekez lortzen direla, are gutxiago auzi-bidetik jota, eta beste bide bat dela Udaleko idazkariak lehen ere, 1985ean, akontsejatu zuena: mugak eta lurrak negoziatzea. Izan ere, beste bidetik jota ezer ez dutela lortu.

    Oraingo Gobernu Taldeari ere bigarrengo bidea iruditzen zaio denetan egokiena, are gehiago Ministerioaren 1991ko Agindua kontutan hartuta (itsaso-lurretako mugak finkatu zituen agindu hark); izan ere, haien baiema behar da kiroldegia egiteko eta Lezori eman beharreko lursailak zein diren garbitzeko eta tramitatzeko.

    Erabaki horrek ez du Larrañagako konturik hipotekatzen, alkateak esan duenez, zeren garbi esan behar baita partikular batena dela hura, gainera, zati bat Lezon eta beste bat Oreretan du. Ez du hipotekatzen, orobat, 2. Sistema Orokorrarekikorik ere (portualdea), portuarekin konpondu behar du Lezok hari irtenbidea emateko. Aterako dira kontu horiek denak, derrigor atera behar dute, beste giro bat izaten denean, agian.

    J.Mª Botok, hark ez duela inoiz ere Portuarekin negoziatu esan du. Negoziatu izan duten bi aldietan ere Lezorentzat ez dela emaitza handirik izan esan du. Haren irudituan, baldintza hobeak eskatu eta lortu behar ditu Udalak. Izan ere, truke txiki bat besterik ez du erdietsiko Udalak, eta geroa hipotekatu besterik ez dute egingo, mugitu behar ez zuen marra bat mugitzea besterik ez.

    Ituneak lege aldetik zer ekarriko duen argitzea komeni ote den esan du alkateak. Auzi-bideetan ez dela mugak zehaztearen gaineko errekurtsorik izan esan du, eta orain ere ez dagoela horren kontrakorik ezer auzitegietan. Horiek horrela, ez duela balio printzipioetara estuki lotzea esan du, dagoenari, errealitateari, begiratu behar zaiola, eta asmoak gauzatzeko biderik ote dagoen ikusi behar dela.

    Agintariak elkarrekin hobeto koordinatzea eskatu behar dela esan du, eta kritikatu egin du, orobat, Pasaiako Portua Estatuaren eta ez besteren mende izatea, zaildu egiten duelako lurraldea antolatzea eta mailaz jaitsi egiten dutelako Portuak eta hura baino goragoko agintariek Udala.

    Mikel Mitxelenak ere kritikatu egin du Estatuak agintzea Pasaiako Portuan, eta zer esan handia behar lukeela izan J.Mª Botoren alderdiak kontu honetan denean. Hala ere, J.Mª Botorekin konforme dagoela hura ere eta segi egin behar dela erreibindikatzen. Edozein moduz ere, ituneak ez duela gerorik hipotekatzen esan du, beste pausu bat gehiago dela itunea.

    Horiek horrela direla, Udalaren osoko bilkurak, zazpi alde (alkatea, Herri Batasuneko beste bost zinegotziak eta independientea) eta bat kontra (J.Mª Boto) direla, ERABAKI hau hartu du:

    BAT: Ontzat hartzea "PASAIAKO PORTUAREN ETA LEZOKO UDALAREN ARTEKO MUGA FINKATU ETA AIEKA BATZUK ERABILTZEA"ri buruzko akordioa.

    BI: Eskumena ematea alkateari, Aitor Sarasola Salaberriari, itunea eta behar diren dokumentuak sinatzeko.

    7. - ELKARRI LAGUNTZEKO ITUNEA, EUSKO JAURLARITZAKO HIRIGINTZA, ETXEBIZITZA ETA INGURUGIROKO SAILAREN ETA LEZOKO UDALAREN ARTEKOA, 27. POLIGONOAN, ALTAMIRAN, BABES OFIZIALEKO ETXEBIZITZEN POLITIKA GAUZATZEKO.

    Alkateak dio hitzarmenaren helburua babes ofizialeko etxeak eskaintzea dela, eskaerik balego.

    Bestalde, 27. poligonoaren urbanizazioa ere konpondu nahi dute. 27. poligonoaren urbanizazioa ez zen behar bezala egin eta, horregatik, Udalak ez du beregain hartu. Irtenbide bat ematearren, urbanizazio proiektu bat egin da.

    Eusko Jaurlaritzak egingo ditu babes ofizialeko etxebizitzak eta urbanizazioa. Hala, gaur itunea aurkeztu badute ere, hurrengo osoko bilkuran aurkeztuko dituzte AA.OO.n aldaketa eta urbanizazioari buruzko azkeneko aldaketa batzuk.

    J.Mª Botok esan du asmoak adieraztea besterik ez dela diktamena. Hala ere, egon konforme dagoela Altamiran etxeak egitearekin, baina gauza asko zaindu behar direla esan du horretarako. "Elektoralismo kerua hartzen diot, elektoralismo hutsarena eta gordinarena, asmoak adierazte horri", esan du J.Mª Botok.

    Elektoralismoa, inork egitekotan, Eusko Jaurlaritzak egingo duela esan dio alkateak. Proposamena asmoak adieraztea besterik ez den ala zer den ez duela esango hark, hori baino gehixeago dela iruditzen zaiola hari, itunea eginarazten dielako bi alderdiei.

    J.Mª Botori, berriz, ez zela Hirigintza Batzordean izan esan dio, eta Udaletxean daudela ituneak aipatzen dituen dokumentuak, metro gorabehera txiki bat dagoela baina ari direla konpontzen, Diputazioarekin eta Jaurlaritzarekin, horrek atzerarazi duela Arau Ordezkatzaileak aldatzeko dokumentua egitea.

    Edozein eratara ere, ez zaiola asmoak adieraztea besterik ez denik iruditzen esan du alkateak, azkeneko bi urte hauetan egindako gestio-lanaren emaitza baizik. Hor, kontratua egitea jartzen duela Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren artean, eta ia bukatuta daudela datuak, onartzeko moduan ia-ia.

    Prest ez baldin badago, prest egon arte itxoiteko eta orduan aurkezteko dokumentua esan du J.Mª Botok. Elektoralismoa da orain ekartzea, eta asmoak adierazte gordina, gainera, esan du.

    Itunea ez dela asmoak adierazte hutsa esan dio alkateak, segituan izenpetzeko moduan dagoela.

    Mikel Mitxelenak dio, urbanizazioa, 83an egindakoa, oraindik hartu gabe dagoela: bizilagunak ados ez zeudelako eta arazoak izan zitezkeelako Udalak ez zuen jaso, eta hala moduz dago. Bitartean, poligonoaren egoera kaotikoa da. Guk, H.B.kook, bi urtetan berdeguneekin egin dugunagatik izan ez balitz, aurreko korporazioak izan zuen utzikeriagatik, sasiak 3. pisuraino igota izango ziren honez gero.

    Kurbak zenbat denbora darama, hori konpontzeko Eusko Jaurlaritzak ez du intentziorik. Horregatik, positiboa

    da itunea.

    J. Mª Botok, ezezkoa botatuko duela esan du, mamiarekin konforme dagoelako, baina moduarekin ez, eta daitekeena dela Altamira egokia izatea etxeak egiteko. "Ni ez naiz urbanizazioaren azpian babestu; hala ere, hartu dut ardura eta begiratu ditut gauzak. Urbanizazioak ez dit kezkarik ematen orain; niri, gauzak horrela ekartzeak ematen dit kezka, ez non eta ez zer eraiki behar duten batere esan gabe aurkezte horrek", dio J.Mª Botok.

    Bestetik, J.Mª Botori falta zaiola iruditzen zaion hori Udaletxean dagoela esan dio alkateak, Altamirako bizilagunei ere erakutsi dietela eta Hirigintza Batzordeari ere bai, aurkeztu diotela.

    Mikel Mitxelenak dio, J.Mª Botok, urbanizazioa ez zaiola inporta esaten duenean, Altamirarekiko duen kezka adierazten duela. Gobernuan egon diren bi urteetan "plaiako" dutxak egin dituela bakarrik.

    J.Mª Botok gezurretan ari dela ihardetsi dio.

    Horiek horrela direla, Udalaren osoko bilkurak, zazpi alde (alkatea, Herri Batasuneko beste bost zinegotziak eta independientea) eta bat kontra (J.Mª Boto) direla, ERABAKI hau hartu du:

    BAT: Ontzat hartzea "ALTAMIRAN (27. POLIGONOA) BABES OFIZIALEKO 90 ETXEBIZITZA EGIN ETA BERRIZ URBANIZATZEKO ITUNEA". Itunea Lezoko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzako Hirigintza, Etxebizitza eta Igurugiro Sailaren artean egingo da.

    BI: Eskumena ematea alkateari, Aitor Sarasola Salaberriari, itunea eta behar diren dokumentuak sinatzeko.

    8. - 4. S.O.EKO (LOPENE) ARAU ORDEZKATZAILEEN ALDAKETA, 8. ALDAKETA ESPEDIENTEA, BEHIN BETIKO ONARTU DELA KONTU EMATEA ETA BERE PUBLIKAZIOA AGINTZEA.

    Alkateak proposamena aurkezten du.

    Ondoren J.Mª Botok hartu du hitza. Konforme dagoela eta ondo iruditzen zaiola babes ofizialeko etxeak egitea esan du, ez dutela nahi, ordea, berdegunetarako izendatutako lurraldean egitea etxeak. Beste alde batetik, ondoren esan dituen hitzak aktan esanda bezalaxe juxtu jasotzeko eskatu du. Hona hitzak: "Lurralde honen, zati baten, jabeak, JADOSAk, SERVINFORi saldu zizkion lurrak 1992an; enpresa hori, SERVINFOR, inon ere ez da ageri, helbiderik ere ez du. Azaldu Cirilo Conde azaltzen da, aginpide guztia Celestino Etxebesteri eman ziona. Cirilo Conde zuzendari-jerente azaltzen da merkataritza-errejistroan, Gabierrotan bizi da eta Mamut-en aritzen da lanean ahal duenean. Nola izango da gizon hori horrelako enpresa bateko jerente? Trasferentziarik ere ez da errejistroan ageri, salmenta bat badago, notarioaren aurrean egina; saldu, ordea, enpresa fantasma bati egiten zaio".

    "Lehen ere esan nuen nik -dio J.Mª Botok- gauza zuzenik ez zela han. Nik, Udalak gauzak nola diren ondo begiratzea nahi dut, erantzunkizuna ere Udalarena izango da-eta. JADOSAk J.A. Dozagarat esan nahi du, eta horregatik galdetu nuen ea botorik emateko eskubiderik zuen. Lehen esan ditudan kontu horiek denak ondo begiratzeko eskatzen diot Udalari; izan ere, nik esanda bezala baldin badira gauza horiek, norbaitek izan beharko du horren erantzunkizuna, baiezkoa botatzen duenak gutxienetik".

    Alkateak, alabaina, hari ez zaiola iruditzen Arau Ordezkatzaileak aldatzeko tramitea egiteko lurren jabeak nortzu diren zehatz jakin beharrik dagoenik esan du. Antolaketa egokia den ala ez den baietz, begiratzen dela, baina lurrak norenak diren ezetz, ez dela begiratzen.

    Era berean, esan du hor ikusten dela Lezoko aurkaritzako alderdiek eta baita Diputazioak berak ere zer jokabide duten. Aurkaritzako alderdien gainean, irizpide politikoak dituztela aurretik eta ez Lezoren hobe beharra, horregatik daudela aldaketaren kontra.

    Lezok ezin du irizpide politikoen baitan bizi. Babes ofizialeko etxeen premia handia dago-eta. H.B.rentzat, egokia da Lopone etxe horiek egiteko. Sistema Orokorra kokatzeko, ordea, izan litekeen tokirik txarrenetakoa, 70 milioi bota behar baitira lurrak erosten bakarrik. Hirigintza-kargak ere ez lirateke nolanahikoak: 40 milioi. Horiek horrela, eta gauzak antolatuta dauden moduan, 120 milioi bota beharko lituzke Udalak eskabadorak sartu aurretik, ezer egiten hasi aurretik.

    Herri Batasunak beste erabilera bat eman nahi izan dio aieka horri, Arau Ordezkatzaileek jartzen duten ez bezalakoa. Izan ere, astakeria handia da aprobetxamendurik gabeko zerbait egitea hor, hirigintza-karga handia du-eta. Horregatik jarri dugu aprobetxamendua ateratzeko moduko zerbait, lurra erosteak eta hirigintza-kargak dakarten kostua berdintzeko pixka bat, dio alkateak.

    Lehen, industriarako erabiltzea jotzen zuen H.B.k, eta etxebizitzatarako orain, hartarako egokiagoa dela jotzen duelako. Hala berean, Diputazioaren eta aurkaritzako alderdien jokabidea salatzen dugu, zeren lotsagarrikeria ikaragarria da arauak isiltasunez onartzea. Gipuzkoan, hemengoa da antolaketa orokor bakarra isiltasunez onartu dena.

    Aldaketak Lezori mesedea dakarkiola jotzen badu osoko bilkurak, eta hala eta guztiz ere Diputazioak ez badu inplikatu nahi, aurrera jarraitzea proposatzen diogu guk Udalari. Izan ere, Udalari dagokio pentsatu duen antolaketa egokia den ala ez esatea, Diputazioari ez baina. Hala hitz egin du alkateak.

    Ondoren J.Mª Botok hartu du hitza berriz ere. Alkatearen hitzaldiak egindakoen justifikazioa ematen duela esan du, eta ez dagoela ona izaterik etxeak lantegien ondoan kokatzea, are gutxiago pentsatzen duten dentsitatea izanez gero. Orobat, esan du berdeguneak bereizten zituela pixka bat etxeak eta lantegiak, eta onartu egin du H.B.k aieka horren erabilera aldatu nahi izan duena, eta etxeak beste nonahi egin daitezkeela esan du, urbanitzeko moduko edozein tokitan.

    Etxeak lantegien ondoan jartzea da azkenekoa. Guk badakigu seguru Herri Batasunak J.A. Dozagarati ordaintzeagatik egiten duela egiten duena, esan du J.Mª Botok.

    Alkateak esan du, ordea, ez daukala bururik inori ezeren ordaina emango zaionik esatea, ez behintzat H.B.k aieka horren erabilera aldatu egin nahi izan duela onartuz gero, eta J.Mª Botok hala onartu duela. Ona da ekintza, alkatearen iritziz, eta dentsitate handiagoa du U.A.D.3k. Eraikinak, alkateak esan duenez, etxebehea eta beste hiru solairu izango ditu, eta baita plaza bat ere, 5.000 m²-koa, barruan. Era berean, ez zaiola hori astakeria denik iruditzen esan du, eta planarenik, dentsitatearenik eta beste gehiagorenik ere tutik ez jakitea leporatu dio J.Mª Botori, irizpide politikoei begiratzen diela, besteei ez, eta horregatik dagoela oraingo planaren kontra.

    H.B.k bestek ez dituela han behar ez bezalako interesak esan dio J.Mª Botok, eta, horren aurrean, guztia dela zilegi.

    Han bizi behar dutenei galdetu behar litzaieke hori, esan du alkateak.

    J.Mª Botok esan du, berriz, han egin asmo dutenaren kontra dagoela hura eta ezer ere ez duela jakin nahi hortik etorriko diren erantzunkizunekin.

    Berek onartzen dutena berek hartzen dutela beren gain erantzun dio alkateak, haiek egiten direla onartutakoaren kargu.

    Horiek horrela direla, Udalaren osoko bilkurak, zazpi alde (alkatea, Herri Batasuneko beste bost zinegotziak eta independientea) eta bat kontra (J.Mª Boto) direla, ERABAKI hau hartu du:

    BAT: 4.Sistema Orokorreko (Lopene) Arau Ordezkatzaileeen aldaketaren behin betiko onarpena iragarriz bere arauak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatzea.

    9. - LEZOKO 2. SEKTOREKO GAINALDEKO LURSAIL BATEKO (16.300 m² DITUENA ETA HIRI BIHURTZERIK EZ DAGOENA) ARAU ORDEZKATZAILEAK ALDATZEKO ESPEDIENTEA, 9. ALDAKETA ESPEDIENTEA, BEHIN BETIKO ONARTU DELA KONTU EMATEA ETA BERE PUBLIKAZIOA AGINTZEA.

    Alkateak proposamena aurkeztu du.

    Ondoren, J.Mª Botok, hitza hartu eta egon ez dagoela fubol-zelaia egitearen kontra esan du, eta atletismo-pista eta guzti egitearen aldeko izan dela hura beti. Eta hala ez egitekotan, atletismo-pista eta guzti, alperrik dela beste toki batean egitea, orain arte kontra izan dela eta orain ere kontra dagoela.

    Alkateak, herria ez dela txiklea esan dio, hemen etxeak eta han fubol-zelaiak jartzeko, inoren kapritxora. Era berean, J.Mª Botok eskatzen duena egiteko lursail handiagoak behar direla esan du. Horregatik, interesgarria litzatekeela alternatibak, beste toki batzuk eta abar aurkeztea esan dio. Ez lehen (etxeetarako) eta ez orain (fubol-zelaiarentzat) ez dute alternatibarik eskini, Algeposaren aurreko lursaila besterik.

    J.Mª Botok dio, ordea, proposatu zutela kirol-zelaia negoziatzea, eta azaldu ere egin zutela. Egin, ordea, denetarako balioko ez duen fubol-zelaia egingo dutela esan du.

    Horiek horrela direla, Udalaren osoko bilkurak, zazpi alde (alkatea, Herri Batasuneko beste bost zinegotziak eta independientea) eta bat kontra (J.Mª Boto) direla, ERABAKI hau hartu du:

    BAT: Lezoko 2. Sektoreko gainaldeko lursail bateko (16.300 m² dituena eta hiri bihurtzerik ez dagoena) arau ordezkatzaileen aldaketaren behin betiko onarpena iragarriz bere arauak Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean publikatzea.

    J.Mª Botok esan du, garbi uztea nahi duela hura fubol-zelaia egitearen aldekoa dena, horrela egitearen kontrakoa dela hura.

    10. - AKTUAZIO SISTEMA ALDATZEA LOPENERAKO (20. POLIGONOA): KONPENTSAZIOA ESPROPIAZIOAREN ORDEZ.

    Alkateak proposamenaren berri eman du. Honela dio hitzez hitz:

    Laugarren Sistema Orokorreko (Lopene) Arau Ordezkatzaileak Aldatzeko dokumentuak espropiazioaren bidetik jotzea jartzen du 30. poligonoan, nahiz eta bidea uzten duen Udala eta lurren jabeak ados jartzeko bide horretatik jo baino lehen. Goian esan dugun dokumentua onartuta dago behin-betiko eta orain egin da publikatzeko proposamena.

    Lopenen lurrak dituztenek esan dutenez, gestioa berek egiteko interesa dute. Hartarako, ordea, aldatu egin behar da Arauetan izendatutako aktuazio-sistema: konpentsazioaren bidetik jo espropiazioaren bidetik jo beharrean. Litekeena da lehen ere, Araudiak Udala eta lurren jabeak ados jartzeko bidea ere hor zela zioenean, aurrez ikustea edo egokiago jotzea beste aktuazio-sistema bat, lurren jabeak protagonista dituena: konpentsazioa, alegia.

    Lurzoruaren Legeak ere libre uzten du Administrazioa hiru sistemetako bat (Ikus 148. artikulua) aukeratu dezan: konpentsazioa, kooperazioa eta espropiazioa. Hala, 149.1 artikuluaren arabera, badago bidea arrazoia azaldu eta lehen aukeratutako aktuazio-sistema aldatzeko. Aktuazio-sistema aldatzeko tramitea, berriz, 146.2 artikuluak erakusten du: hasierako onarpena ematea eta 15 egun edukitzea jendaurrera aterata.

    Aktuazio-sistemarik ez aldatzeko arrazoi objetiborik ez dago, eta Udalak gestio publikoa egiteari uzten badio ere, ez du nahi, eta ezta behar ere, han egin behar diren etxeek, babes ofizialeko etxeek, dagoen eskaera mota bati ez erantzuterik, gehieneko prezio bat jarriz horretarako. Era berean, Udalak ez dio utzi nahi oraingo etxeetarako eta haren inguruan diren etxeetarako (finkatuta daudenak) behar diren azpiegitura batzuk egiteari.

    Horiek guztiak horrela direla, hasierako onarpena ematea proposatzen dugu aktuazio-sistema aldatzeari: konpentsazioa izatea espropiazioa izan ordez. Baldintza bat jarrita, nolanahi ere, aktuazio-sistema aldatzea behin-betiko onartzeko: behean datozen konpromezuak onartzea lurren jabeek Lezoko herrian kontu honek sortu duen interesa garantizatzeko. Konpromezuak:

    1.- Etxe, garaje eta trasteroen prezioa babes ofizialeko etxebizitzetarako jarritako modulo ponderatuaren 1,4 baino txikiagoa izatea, baita 75 m² (erabiltzeko moduko azalera) eta hortik beherako babes ofizialeko etxebizitzena ere.

    2.- Poligono guztia (Sistema Orokorretako tartea barne) urbanizatzea, egin eta ordaindu, lurren jabeen kontura izatea, eta baita Udalari dagokion aprobetxamenduaren %15a ere.

    3.- Poligonoko lurren jabeen kontura izango da, orobat, azpiegitura eta urbanizazio lanak egitea. Lanak Udaleko arkitektuak egindako informean datoz eta izenpentzeko den ituneari ere erantsiko zaizkio.

    4.- Aktuazio-sistema konpentsazioa izatea behin-betiko onartu eta hiru hilabete baino lehen, Konpentsazio Juntaren Estatutoak eta Oinarriak eta Urbanizazio Proiektua ekartzeko.

    Orain esan ditugun baldintza horiek denak, Udalaren eta jabeen artean izenpetu beharreko itunean jaso behar dira. Jabeek lurraldearen %60 gutxienez izan behar dute, eta beraz, konpentsazioa aurrera erameteko gauza izan. Baldintzak ez badituzte ontzat hartzen, ez da aktuazio-sistema aldatzea behin-betiko onartuko.

    Beraz, bada, erabaki hau hartzea proposatzen dut:

    BAT: Aktuazio-sistema aldatzea, konpentsazioa espropiazioaren ordez, Arau Ordezkatzaileetako 30. poligonorako.

    BI: Honako hauek jartzea aktuazio-sistema behin-betiko onartzeko baldintzatzat: Udalaren eta poligonoko lurren jabeen artean egin beharreko itunea (erabaki honi buruzko azalpenean dator) izenpetzea eta ituneak ekarritako alegazioei erantzutea, alegaziorik izaten bada.

    HIRU: Eskumena ematea alkateari, Aitor Sarasola Salaberriari, lehen esandako akordioa sinatzeko.

    LAU: Erabakiaren berri ematea 30. poligonoko lurrak dituzten jabeei.

    Hirigintza Batzordeak onartutako diktamena ere, proposamena aldatzen duena, irakurri egin du. Honela dio:

    Aztertu dugu alkateak egindako proposamena. Hark, hasierako onarpena ematea proposatzen du 30. poligonoko (LOPENE) aktuazio sistema aldatzeari, konpentsazioaren bidetik jotzea espropiazioaren bidetik jo beharrean. Hala eta guztiz ere, eskaera jakin bati erantzun behar diete han egin behar diren babes ofizialeko etxeek, eta hargatik jarri da prezio tope bat. Era berean, aktuazio sistema aldatu arren, berdin egin behar dira orain egingo diren etxeek eta finkatuta geldituko direnek behar dituzten azpiegiturak. Hala, aldaketa behin-betiko onartzeko, proposamenean ageri diren konpromezuak beren gain hartu behar dituzte Lopeneko lurren jabeek. Dena dela ere, aldatu egin behar da lehendabiziko puntua eta honako hau jarri:

    "Erabiltzeko moduko metro karratuak izango duen prezioa, preziorik handiena, honela aterako da: behin-behingo kalifikazioa egiteko orduan indarrean den modulo ponderatua bider 1,4. Trasteroen eta garajeen preziorik handiena, berriz, erabiltzeko moduko metro karratua bider behin-behingo kalifikazioa egiteko orduan indarrean den modulo ponderatua bider 0,81 eginda aterako da". Era berean, beste baldintza bat ere sartu behar da, hauxe:

    "Lezoko Udalak esleituko ditu bai babes ofizialeko etxeak, bai trasteroak eta bai garajeak, zozketa eginda".

    Horiek horrela direla, behean datorren erabakia hartzea proposatzen diogu Udalaren osoko bilkurari. ERABAKIA:

    BAT: Hasierako onarpena ematea Lezoko Arau Ordezkatzaileetan 30. poligonoarentzat jarritako aktuazio sistema aldatzeari: konpentsazioa izatea espropiazioa izan ordez.

    BI: Alegazioei erantzuteaz gainera beste baldintza bat gehiago ere jartzea sistema aldatzea behin betiko onartzeko: itunea egitea Udalak eta jabeek, erabaki honetan, azalpenetan, datorrena biltzen duena.

    HIRU: Aginpidea ematea alkateari, Aitor Sarasolari, lehen esandako akordioa izenpetzeko.

    LAU: Erabakiaren berri ematea 30. poligonoko lurren jabeei.

    Alkateak proposamenaren helburuak aurkeztu ditu:

    - Babes Ofizialeko etxeak egitea.

    - Urbanizazio obrak egitea, partzelakoak gehi hitzarmenari gehitu beharreko eranskinekoak: erreka bideratzea, saneamenduaren kanalizazioa egitea, argindarraren lurperatzea promozioaren gain.

    Alkateak dio komenigarria dela eremua epe motzean garatzea. Espropiazioak luzapena ekarriko zuen eta interesgarriagoa da azkar egitea.

    Gogoratu du Lopene dela babes ofizialeko etxebizitzak egiteko kalifikatua dagoen lur-eremu bakarra eta, horregatik, azkar egiteko modua dagoela, jabeak ados daudela eta.

    Proposatzen da, orobat, jabeak arduratzea, iruditzen baitzaio Administrazio publikoaren esku uzten bada, gai honek aurkitu dituen oztopoak ikusita, administrazioa ez dela gai izango, arrazoi politikoak medio, plana garatzeko.

    Azpimarratu du proposamenaren baldintza batzuk aldatu egin direla Hirigintza Batzordean: lehenengoa aldatu eta bosgarren puntu bat erantsi, etxebizitzak Udalak sorteo bidez adjudikatuko dituela.

    J.Mª Botok berriz ere galdu egin dela esan du, gauza gutxi aurkezten dizkiotela, proposamenak aldatu egiten dizkiotela eta, hargatik, ezin duela gai honetan sartu. Ea zergatik aldatu duten orain hori galdetu du, ea zergatik ezin duen Udalak berak gestionatu, ea zergatik ez duten gauza bera proposatzen Altamirarako eta 4. Sistema Orokorrerako. Hari, zortzigarren puntuan aipatu duen faena erabat bukatzeagatik egiten dutela iruditzen zaiola esan du.

    Lurren jabeekin konforme jarri direlako aldatu dutela erantzun dio alkateak. Eta hor esan dituen beste toki batzuetako iharduerari buruz, berriz, zera erantzun dio: 4 S.O.ean, esate baterako, jabeak ez zeuden ados, eta Altamiran, berriz, Eusko Jaurlaritza da lurren jabe, eta horrek ekarri du sustapena publikoa izatea. Hogeita hamargarren poligonoan, espropiatu egin beharko luke Udalak han zerbait egin nahi izanez gero. Alde horretatik, 1. S.O.a espropiatzeko orduan zer gertatu zen gorararazi du: hamaika urte joan dira okupatzerako, eta prezioa ere ikaragarri garestia izan da.

    Lopene dela babes ofizialeko etxeak egiteko moduan kalifikatuta dagoen aieka bakarra eta azkeneko 15 urte hauetan ez dela batere VPO etxerik egin, esan du alkateak, eta beraz, arrunt alderdi garrantzitsua dela herrian dagoen premia gorria kontuan hartzea. Hala, berriz esan du gehienezko prezioak jarri izana eta Udalak urbanizatu beharrekoa sustatzaileei eginarazi izana: kolektorea, erreka eta argi-indarra.

    Hargatik, interesgarri jotzen duela esan du akordioa, eta Administrazioak bermatzen duela etxeak prozesu argi eta garbi bat eramanda ematea.

    Udalaren ihardunaren berri baduela esan du alkateak, eta, tamalez, zalantza handiak dituela Udala, politika-kontuak bide direla, gai hau aurrera ateratzeko gauza izango ote den ala ez den, nahiz eta politika-kontuek ez lioketen oztoporik jarri behar gai honi.

    Hala ere, J.Mª Botok esan du, interesari besteri ez diola begiratzen alkateak. Eta urbanizatzeko moduko beste edozein lurretan ere egin litekeela hori.

    Alkateak esan du, Usurbilen eta Oiartzunen egin dituzten etxeetan ere 1'4 aplikatu dutela, hori izan dela erabili duten modulua. Era berean, bentaja handiak eskaintzen dituela moduluak merkatuak eskaintzen dituen prezioen aldean. Hemen, 125 mila pezeta balioko du, gutxi gorabehera, metro karratuak; merkatuan, berriz, 180.000 pta. balio ditu merkeenak ere. Horiek direla arrazoiak esan du, eta garbi dagoela zer eskaintzen ari diren: babespeko etxeak. Era berean, gaitzetsi egin du aurkaritzak gaia gelditu nahi izatea.

    Horiek denak utzita, idazkariak, gehiengo osoa alde izatea eta 15 egun jendaurrera aterata edukitzea behar direla esan du gai hau onartzeko. Hala berean, akordioak betetzen dituela indarrean dauden legeak esan du.

    Horiek horrela direla, Udalaren osoko bilkurak, zazpi alde (alkatea, Herri Batasuneko beste bost zinegotziak eta independientea) eta bat kontra (J.M. Boto) direla, ERABAKI hau hartu du:

    BAT: Hasierako onarpena ematea Lezoko Arau Ordezkatzaileetan 30. poligonoarentzat jarritako aktuazio sistema aldatzeari: konpentsazioa izatea espropiazioa izan ordez.

    BI: Alegazioei erantzuteaz gainera beste baldintza bat gehiago ere jartzea sistema aldatzea behin betiko onartzeko: itunea egitea Udalak eta jabeek erabaki honetan, azalpenetan, datorrena biltzen duena.

    HIRU: Aginpidea ematea alkateari, Aitor Sarasolari, lehen esandako akordioa izenpetzeko.

    LAU: Erabakiaren berri ematea 30. poligonoko lurren jabeei.

    11. - IPINTZA 110 POLIGONO ONDOAN DAGOEN LANDA LURSAIL BATEKO ARAUEN ALDAKETA PUNTUALERAKO ABANTZEA ONARTZEA (ASERRADEROS DE LEZO ZENA).

    Alkateak proposamena defendatu du. Arau aldaketa iharduera erdi industriala eman den lur eremuan ematen da.

    Gogoratu du abantzea 30 egun jendaurrera aterata edukitzea proposatzen dela.

    J.Mª Botok, ordea, orain artean ere ez direla zuzen aritu han esan du, eraiki ere legez kanpora eraiki zutela eta hala salatu zutela orduan ere, zeren eta lurra landa-lurra dela, egur-lanerako onartua.

    Hargatik, kontra daudela esan du J.Mª Botok, eta ezin dela ametitu langileek eskatu izana ematea arrazoi, aldaketak orori egin behar baitio mesede.

    Alkateak hura ere ados dagoela esan dio, baina erabakia hartzeko arrazoi bakarra ez dela langileei mesede egitea, guztien hobebeharra ailegatu behar baitu antolaketa urbanistikoak. Hala, hizpide duten lursailak lehen ere baduela halako iharduera erdi-industrial bat esan dio, eta aurretik ere ekinda dagoela han, urbanistikoki ekinda, izan ere, 30.000 m² zelai jarrita daudela, eta finkatu eta garatuta dagoen industrialde baten pegante dagoela, hala berean.

    Bere garaian, dudarik ez izan, izendatuko da zer ordain eman behar duten kalifikazioa aldatzeagatik, esan du alkateak.

    Alkateak esan du ez diotela inoiz ikutu gabeko eta erabat aparte dagoen lursail bati ekin behar, beste aldera dela; eta orain egin behar dutena epea irekitzea besterik ez dela, antolaketa aldatzeari buruzko irizpideak eta oharrak aurkezteko.

    Ea antolaketa aldatzea nork eskatu duen galdetu du J.Mª Botok, eta ea oraingo zabaldegia aprobetxatu behar duten pentsatutako aktuazioa egitekoan.

    Alkateak baietz esan dio, aprobetxatu egin behar dituztela orain dauden pabilioiak eta zabaldegian kokatu behar dutela industri-iharduna. Era berean, langileen komiteak eskatu zuela espedientea egiten hastea esan dio, eta hartu elkarte batek, langileen komitea tartean den elkarte batek, egin duela subastan.

    Hirigintza-itunearekin batera, titularitate-eskriturak ere ekarri behar dituztela esan du alkateak, eta hasierako onarpena eman aurretik egin behar dela itunea eta itunea egiteko orduan eskatu dietela antolaketa aldatzearen ordaina ere.

    J.Mª Botok, alabaina, gauzak kriterio gehixeagorekin egiteko eskatu die, pertsona batzuei mesede egiten dietela-eta horrekin, irabazia ateratzea nahi duten pertsona batzuei.

    Alkateak erantzun dio itune bat izenpetu beharko dela eta Udalak, beraz, izango duela izan antolaketa aldatzeak dakarren ordaina.

    Horiek horrela direla, Udalaren osoko bilkurak, zazpi alde (alkatea, Herri Batasuneko beste bost zinegotziak eta independientea) eta bat kontra (J.Mª Boto) direla, ERABAKI hau hartu du:

    BAT: Hogeita hamar egun edukitzea jendaurrera aterata dokumentua: Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean eta Gipuzkoan gehien zabaltzen den egunkari batean behintzat iragarkia jarrita. Denbora horren barruan izango da Arau Ordezkatzaileetako elementu batzuk, "Aserraderos de Lezo" aiekakoak, aldatzeko abantzeari buruzko oharrak edo alternatibak aurkezteko bidea, bai gorporazientzat, bai elkarteentzat eta bai partikularrentzat.

    12. - 1995EKO EKONOMI-URTEKO UDALAREN AURREKONTU OROKARRARI HASIERAKO ONESPENA EMATEA.

    Lehenbizi J.Mª Botok hitz egin du. Esan du, errespeto falta dela 1994ko kitapenik ekarri gabe aurkeztea Aurrekontuak gaurkoa bezalako bilkura mamitsu batean.

    J.M. Botok ez duela gaia ezagutzen esan du alkateak, kitapena eta Aurrekontuak bi gauza direla eta. J.Mª Botok esandakoak ez daukala batere bururik esan du, eta horrek erakusten duela nola beste arrazoibiderik ez duten, nola batere lanik egin ez duten eta nola ekarpen txikienik ere egin ez duten.

    Ea zergatik ez dion kitapenaren dokumentaziorik ematen galdetu dio J.Mª Botok alkateari.

    Alkateak esan dio hark duela, alkateak, kitapenaren gaineko aginpidea, eta martxoaren 31a baino lehen onartu eta osoko bilkurari, handik hurrena izaten duen bilkuran, eman behar zaiola kitapenaren berri. "Bilkurako azkeneko puntuan dut kitapenaren berri emateko asmoa" esan dio alkateak.

    J.Mª Boto "gu" esanez aritu dela bilkura guztian eta ea nor aipatu nahi zuen "gu" esanez galdetu dio Mikel Mitxelenak. Bere alderdiaren izenean eta ordezkotzan aritzen dela hura esan dio J.Mª Botok. Hori esan eta joan egin da.

    Alkateak salatu egin du oposiziokoen jarrera eta aportazio eza. Aurka ez dagoenez, onartzea proposatu du 1995eko Aurrekontua eta Udal-plantila. Dena den, plantilan, Musika Eskolako irakasleen euskararen derrigortasun data 95eko apirilera aldatzea proposatu du.

    Hori ikusita, udal osoko bilkurak, bertan diren zinegotzi guztien adostasunarekin (alkatearen eta Herri Batasuneko beste bost zinegotzienak eta J.A. Dozagaratena) zera ERABAKI DU:

    BAT: 1995eko ekonomi-urteko udalaren aurrekontu orokorrari hasierako onespena ematea.

    13. - GALDERAK ETA ESKAERAK.

    1.- Alkateak, likidazioa onartu dela eta talde politiko bakoitzarentzat ale bat Idazkaritzan egongo dela dio.

    2.- 1995eko lehenengo hiru hilabeteetako aurrekontuen exekuzio egoeraren berri eman du. Horren berri ematen duten orriak Idazkaritzan egongo direla dio talde politiko eta zinegotzien esku.

    3.- 1994ko Aurrekontu prorrogatuari egin zaizkion hiru kredito aldaketen berri ere eman du alkateak.

    AKTAREN BUKAERA.

    Aztertzeko beste gairik ez dagoenez, alkate-lehendakariak, arratsaldeko bederatziak eta berrogeita bostetan, buru eman dio bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta hau jaso eta nere sendespena ematen dut, nik eta bilkuran izan diren zinegotziak izenpetu duguna.

    Eguna