Oarso-Sare egitasmoak kolektibo zaurgarrien laneratzea helburu

Or, 2024-02-09 12:30

Kolektibo zaurgarrietako 70 pertsonen laneratzea sustatzea helburu duen egitasmoa da Oarso-sare, Oarsoaldea Eskualdeko Inklusio Sareak diseinatu eta exekutatutakoa. Eskualdeko Inklusio Sareak Garapen Agentzien gidaritzapean Gipuzkoako eskualde guztietan abian jarritako sareak dira.

Gizarteratzeko eta laneratzeko hainbat kolektibo dira zaurgarri, eta hauen zailtasunen inguruan hausnartu, eskuhartze eraginkorrago baten alde koordinazio moduak adostu eta laneratze baliabide berriak abian jartzea da, Oarsoaldea Garapen Agentziak Errenteria-Lezo-Oiartzun-Pasaiako udalen bidez martxan duen egitasmoaren helburua. Izan ere, argi dago kolektibo batzuek beste batzuk baino zailtasun gehiago izaten dituztela lana aurkitzerako orduan. 

Gipuzkoako Foru Aldundiak elkar EKIN-lanean egitasmoaren baitan diruz lagundutako (ia 400.000€ko ekarpenarekin) eta 4 azpi-egitasmoz osatutako egitasmoa 10 entitate publiko nahiz pribaturen artean diseinatu zen, bi urtetan gauzatzeko: Sos Arrazakeria, Fondo Formación Fundazioa, Zabalduz Kooperatiba, Katea Legaia, Peñascal Koop., Secretariado Gitano Fundazioa, Emplea Fundazioa, Addeco Fundazioa, Don Bosco Ikastetxea eta Oarsoaldea Garapen Agentzia. 

Gure helburua lortzeko, eskualdeko enpresekin sentsibilizazio lanak egiteaz gain, prestakuntza teknikoa, zeharkako prestakuntza, enpresa praktikak, prozesu guztian akonpainamendua eta parte-hartze bekak eman dira. 1.374 orduko prestakuntza eta praktikak eta 990 akonpainamendu ordu eskaini dira denera.

Aurrez aipatutako 4 azpi-egitasmoak “Industria aukeran”, “Zilar-lan”, “Zubitan” eta “Harrobiak” dira, eta aurreneko 3 egitasmoak aztertuta (soziosanitarioa, industria eta produktu teknologikoen salmenta), ikusi dugu 42 parte-hartzaileetatik 9 lanean hasiak direla.

Harrobiak egitasmoari dagokionez, enpresekin 3 topaketa antolatu dira hainbat sektoretan; ostalaritza, industria eta teknologia berriak. Bertan, 60 pertsona langabetuk, 26 enpresak eta inklusiora zuzendutako 10 entitatek parte hartu dute.  

Beraz, bide onetik doan egitasmoa dela ikusi dugu eta horretan jarraituko dugu lanean.  

Proiektuak elkarlanean gauzatzeak hainbat erakunderen arteko osagarritasuna ahalbidetzen du, eta esku-hartzearen eraginkortasuna nabarmentzen da.