TICKETBAI euskaraz ere jartzeko gomendioa egin dute Oarsoaldeko udalek

Oarsoaldeko lau udalek TicketBai euskaraz ere jartzeko gomendioa egin diete eskualdeko merkatari-ostalariei eta enpresa jabeei.

Euren negozioetan TicketBai sistema erabiltzea laster derrigorrezkoa izango dela jakinik, horretarako ezarri beharko den aplikazio informatikoa hautatzeko orduan euskarazko aukera duenaren alde egiteko deia egin dute udalek.

Oarsoaldea Garapen Agentziatik azaldu dutenez, hainbat enpresa informatikok prestatu dituzte TicketBairako balio duten aplikazioak. Batzuek tiketak euskaraz eta gaztelaniaz ateratzeko aukera ematen dute, eta beste batzuek ez. Beren enpresaren edo establezimenduaren bezero asko euskaldunak direnez, tiketak euskaraz ere ateratzeko aplikazioak aukeratzea komenigarria dela adierazi dute. Hartara, 123/2008 Dekretua beteko dutela, Kontsumitzaileen eta Erabiltzaileen Hizkuntza Eskubideei buruzkoa, alegia.

TicketBai sistemaren bitartez, establezimenduetako eta enpresetako fakturak zuzenean iritsiko dira Gipuzkoako Foru Ogasunera. TicketBai sistema ezartzeko ordea aplikazio informatiko bat jarri behar da edota, kasurik onenean, moldaketaren bat egin beharko da negozioak lehendik duen aplikazioan.

Orain da ongi aukeratzeko momentua eta, hain zuzen ere hori da Errenteriako, Lezoko, Oiartzungo eta Pasaiako Udalen proposamena: tiketak euskaraz ere ateratzeko aukera ematen duten aplikazioak instalatzea.

Gipuzkoako Foru Ogasunaren web orrian kontsulta daiteke aplikazioak euskaraz eta gaztelaniaz eskaintzen dituzten enpresak zein diren.

Merkataritza-ostalaritza establezimenduak eta enpresak eremu garrantzitsuak dira herriko bizitzan, eta euskararen aldeko pausoetan udalek bidelagun izan nahi dituzte.