Lesoinuren XXXVIII. edizioa aurkeztu da

Og, 2024-02-22 18:35

Bihar hasiko da eta 18 ekitaldi izango ditu.

Lezoko Udalak Lesoinuren XXXVIII. edizioa aurkeztu du gaur goizean Pleno Aretoan. Agerraldian Mikel Arruti, Lezoko alkatea eta Xanti Espina, Tomas Garbizu Musika Eskola zuzendaria izan dira.

Aurtengo Lesoinuk 18 ekitaldi izango ditu “Egitarau zabal eta anitza antolatu dugu eta oso pozik gaude. Lesoinuren pisua eta garrantzia handitzen joan da urtero urtero eta aste pedagogiko bezala hasi bazen ere, gaur egun otsailetik maiatzera ospatuko da.

Xanti Espinak adierazi du aurtengo egitaraua “ilusio eta gogo handiz egin dugu eta urtero egiten dudan modura, Udalari, Kulturari eta Musika Eskolari eskerrak eman nahi dizkiet beraien inplikazioagatik. Lesoinuren helburua musika zaletasuna sustatzea eta ikasleak motibatuta edukitzea da eta lan horretan gabiltza burubelarri”.

Egitaraua:

Otsailak 24: Euskal Herriko Musika Eskoletako ikasleen piano jaialdia.

Martxoak 15: Lesakako Giltzarri Abesbatzaren kontzertua.

Martxoak 16: Kantujira.

Martxoak 16: Errenteria-Oreretako Ebanjelari Iztieta Abesbatzaren gospel kontzertua.

Martxoak 17: Orioko Danbolin eta Lezoko Tomas Garbizu musika banden kontzertua.

Martxoak 17: Errenteria-Oreretako Landarbaso Abesbatzaren kontzertua.

Martxoak 18: Tailer akofonikoa Pau Eliasekin.

Martxoak 18: Pau Eliasen kontzertu akofonikoa.

Martxoak 19: Tomas Garbizu Musika Eskolaren kontzertua.

Martxoak 20: Zinema: Sing street filma, Lezoko Zinema Ttikiaren eskutik.

Martxoak 21: Tomas Garbizu Musika Eskolaren kontzertua.

Martxoak 22: Ipuin musikala Tomas Garbizu Musika Eskolako ikasleekin.

Martxoak 23: Barañaingo Canciones de siempre eta Lezoko Sutargi Abesbatzen kontzertua.

Apirilak 27: Kamerata Oiasso eta Irene Sagarzazuren orkestra kontzertua.

Maiatzak 11: Ukelele ikastaroa Marcos Feijooren eskutik.

Maiatzak 11: Kantujira.

Maiatzak 11: Musika eta dantza emanaldia: Euskal Herriko Gazte Ikasleak, Tomas Garbizuko taldeak, Zubitxo eta Murixka Dantza Taldea. 1

Maiatzak 12: Gaztela eta Leongo Musika Eskolen elkarteko banden kontzertua.

Xanti Espinak erretiroa hartuko du

Lesoinuren aurkezpena bere azken prentsaurrekoa izango dela jakinarazi du Xanti Espinak, laster erretiroa hartuko baitu. Hunkituta, ondorengo hitzak esan ditu “Ez duzue nire arnasa zuen garondoan sentituko, baina ni gertu egongo naiz. Laguntza emateko prest izango naiz beti”.

Mikel Arrutik eskerrak eman dizkio Espinari: “Hitzez ezin da eskertu Xantik egin duen lana. Behin baino gehiagotan deituko zaitugu, zure jakintza eta eskarmentua altxorra da eta Lezoko Udaleko balioetako bat da hori. Gaur egun Lezo musika arloan aberatsa dela esan dezakegu, eta hein handi batean zuk egindako lanari esker da”.

Arloa edo saila