Datorren igandean eta astelehenean Tourrak eragin handia izango du Lezoko trafikoan

Ar, 2023-06-27 16:25

 Uztailaren 2an eta 3an Frantziako Tourrak hainbat kalte eragingo ditu.

Datorren igande eta astelehenean, uztailak 2 eta 3, Frantziako Tourra Lezotik igaroko da. Hori dela eta, trafikoan eragina izango duela gogorarazi nahi du Lezoko Udalak.

Mikel Arruti, Lezoko alkatearen hitzetan, “lehenik eta behin barkamena eskatu nahi diegu lezoarrei, lasterketa honek eragingo dituen kalteengatik. Mundu mailako lasterketarik ezagunena da Frantziako Tourra eta giro bikaina sortuko da lasterketaren inguruan. Baina, trafikoan batik bat, hainbat kalte sortuko dituela argi dago. Hori dela eta, Lezoko Udaleko webgunean eta sareetan izango diren aldaketa guztiak jakinarazi ditugu. Ez hori bakarrik, Lezoko soto guztietan eta poligonoetan informazio orriak jarri ditugu herritarrak informatu eta laguntzeko helburuarekin”.

Ibilbideak irudikatzeko hainbat mapa sortu ditu Lezoko Udalak,  herriko soto guztietan eta webgunean zintzilikatu direnak.

Lehen eragina ondorengoa izango da: Jaizkibel ibilgailuentzat itxita egongo da ekainaren 30etik uztailaren 2ra.

Uztailak 2, Gasteiz-Donostia etapa

Egun horretan, Hondarribitik Jaizkibelgo errepidetik (GI-3440) iritsiko da lasterketa Lezora. Lezo, Jaizkibel Hiribidetik gurutzatu ondoren, Altamirako biribilgunetik igaroko da lasterketa eta Donostiako erdigunean amaituko da.

Hortaz,  Donibanera edo Orereta-Errenteriara doan errepidea (Jaizkibel Hiribidea) erabat moztuta egongo da, bai ibilgailuentzat, bai oinezkoentzat, 14:00etatik 18:00etara.

Oinezkoentzako, Jaizkibel Hiribidea zeharkatzeko bide bakarrak Bekoerrota kiroldegiko pasabideak eta lur azpitik igarotzen diren bidegorriko pasabideak izango dira

Herritik ateratzeko irtenbide bakarra Irungo Txingudi merkataritza-gunerantz joatea izango da, eta handik AP-8 autobidea hartzea.

Lasterketa, 16:53 aldera pasako da herritik.

Uztailak 3, Amorebieta-Baiona etapa

Uztailaren 3an, etapa Amorebieta-Etxanotik aterako da; Donostia gurutzatu ondoren eta Altamirako biribilgunetik igaroko da, aurreko eguneko aurkako noranzkoan. Jaizkibel Hiribideko 1-9 zenbakitik jarraituko du (Renfeko zuzena), Orereta-Errenteriarako norabidean.

Kalteak aurreko egunean baino handiagoak izango dira; izan ere, astelehena izango da eta Gaintxurizketako eta Altamirako biribilguneak itxi egingo dituzte. Lezo ibilgailu bidez inkomunikatuta geratuko da 12:50etik 16:45era.

Herritik oinez atera edo sartzeko, Bekoerrota Kiroldegiaren parean, Jaizkibel Hiribidearen gaineko oinezkoentzako pasabidea erabili beharko dute herritarrek. Puntu horretatik Renferen geltokira joan ahal izango da. Trena da gomendatzen den garraiobidea,  autobus zerbitzuetan ere bide mozketek eragina izango baitute.

Lasterketa, 15:45 aldera pasako da herritik.

Bi egunetan Lezon jardun behar duten larrialdi-zerbitzuentzat (soilik suhiltzaileentzat, babes zibilekoentzat, anbulantzientzat eta polizientzat) sarbide bat prestatuko da  portu-eremutik.

Larrialdiren bat gertatuz gero, 943524003 telefonora deitu beharko dute herritarrek eta Lezoko Udaltzaingoak kudeatuko ditu hauek.

Arrutiren iritziz “Eusko Jaurlaritzak baimendu duen kirol-ekitaldi bat dela gogorarazi nahi dugu. Lezoko Udalak herritaren ongizatea sustatzeko lan handia egingo du eta laguntza emateko prest gaude. Hala ere, udaletik kudeatu ezin diren gaiak, lasterketaren webgune ofizialean kontsultatu beharko dira: https://letour.euskadi.eus, Eragozpenak saihestu atalean”.

Arloa edo saila