Aurreko astean Europako Kirolaren astea zela eta, proposatutako jarduera sortaren harira, Lezoko Udalak, Lezoko Kirol Orientazio Zerbitzuaren (KOZ) bitartez, mugitzera animatu nahi ditu Lezoar guztiak.
Jakin badakigu jarduera fisikoa edo kirola ezinbestekoak direla bizimodu osasungarria izateko. Baina, Maddi, Kirol Orientazio Zerbitzuko arduraduna (KOZ) zaren heinean, esango al zeniguke zeintzuk diren jarduera fisikoa zein kirola egitearen eragin positiboak? Zergatik da garrantzitsua? eta azkenik, zein jarduera eta baliabide ditugu Lezon horretarako?
Maddi: Bai, noski! Batetik, frogatua dago bizitza aktiboa duten pertsonen bizi itxaropena luzeagoa izan ohi dela, batez beste 7 urte luzeagoa, hain zuzen (Reimers, C.D., Knapp, G. eta Reimers, A.K., 2012; Teraž Kaja, Pišot Saša, Šimunic Boštjan, Pišot Rado, 2020). Bigarrenik, bizi kalitatea ere hobea izan ohi da, osasuntsuagoa; izan ere, jarduera fisikoa naiz kirola egiteak gaixotasunak pairatzeko probabilitatea jaisten baitu. Adibidez, minbizia izateko probabilitatea %20-50ean murrizten du eta 2.mailako diabetesa %28-59ean. Beste gaixotasun batzuri dagokienez ere (kolesterola, obesitatea, hipertentsioa, displemia…) jarduera fisikoak onurak ditu (Reimers, C. D., Knapp, G., & Reimers, A. K. (2012)).
Azkenik, pertsona aktiboen zoriontasunaren eta bizitza kalitatearen pertzepzioa, gainerakoena baino 2-3 puntu altuagoa izan ohi da (10 puntuko eskala batean). Horrek guztiak norbere irudiarekiko pertzepzioan, autoestimuan, autonomiaren eta harreman-sarearen hobekuntzan eragiten du ((Del Rocío Bohórquez, M., Lorenzo, M., & García, A. J. , (2013)). Horregatik ondorioztatzen da jarduera fisikoak bizitza kalitatea hobetzea dakarrela.
Lezoko Udalak jarduera fisikoari dagokionez eskaintza zabala egiten du, eta Orientazio zerbitzua medio, doakoak diren hainbat jarduera ditugu eskura: Martxan, Tipi-Topa, Nordic Walking…
Gainera, gizartean egon den genero arrakalari aurre egiteko helburuarekin, EMAKUMEEI zuzendutako jarduera zehatzak ere topa ditzakegu, emakumeon ahalduntzea sustatzen dutenak. Jarduera hauek Emakume Korrikalari eta Emakume Indartsu dira, zeintzuen bitartez jarduera aerobikoa eta indar-lana uztartzen diren. Era horretan jarduera fisiko osoa barne hartzen du aipatu eskaintzak.
Horren guztiaren gaineko informazioa etxe guztietara banatu da. Bertan, aurretik aipatu diren jarduerei dagokien informazioa eta Lezon markatuak dauden ibilbideen berri jaso da. Ibilbide hauetan, gainera, herriko interesguneen berri, eta bizitza aktiborako gomendioak jasotzen dira. Pixka bat mugituz gero, txoko zoragarriz betetako udalerria dugula konturatuko gara.
Beraz, aitzakiak etxean utzi eta atera edo zatoz gurekin gorputza mugitzera!