56 jarduera kultural baino gehiago antolatu dira urtea hasi zenetik.
Urteko lehen 6 hilabete hauetarako Kultur agenda erakargarria prestatu du Lezoko Udalak, ekitaldiz betea. Guztira 56 jarduera baina gehiago izan dira eta publiko guztiei zuzenduak: dantza, antzerkia, zinema, kontzertuak, poesia, literatur solasaldiak…
Azken urteetan bezala Lezoko Udalak kulturaren aldeko “apustu sendo eta iraunkorra” egiten jarraitzen du. Izan ere, lezoarren erdigunean kokatu nahi da kultura eta honen adierazpen aniztasuna.
Egitarau hau amaitzeko: Orratx Antzerki Taldearen "Ay, Karmela" obraren bi emanaldi eskainiko dira asteburu honetan, biak euskaraz.
Lehenengo emanaldia uztailaren 2an izango da (larunbatean) 20:00etan Gezala Auditoriumean. Bigarrena, igandean, uztailaren 3an, ordutegi eta toki berean.
Sinopsia: Espainiako Gerra Zibilean (1936-1939), komiko-talde batek soldadu errepublikarren bizitza ahal duen bezala girotzen saiatzen da. Frontean hain gaizki pasatzeaz nekatuta, Valentzia aldera joatea erabakitzen dute. Baina, oker baten ondorioz, eremu nazionalean bukatzen dute, eta preso hartzen dituzte. Beraien bizitzak salbatzeko modu bakarra militar talde batentzat ikuskizun bat antzeztea da, komikoen ideologiarekin bete-betean talka egingo duena.
Sarrerak udaleko webgunean erosi daitezke 8 euroko prezioan. Leihatilan ere sarrerak egongo dira eskuragarri.