Bueltan da Ipuin Kapsulak ekimena

Og, 2020-10-01 11:45

Urriaren 7an hasita, astean bitan, asteazken zein ostiraletan hain zuzen, ipuin kontaketa saio bat igoko da liburutegiko youtube kanalera zein udal webgunera 18:00etatik aurrera.

Era berean, Udaletik jakinarazi dute udal liburutegiak ohiko zerbitzu guztiak eskaintzen dituela jada, segurtasun protokolo baten pean.

Covid-19ak sortutako osasun egoerak udal zerbitzu asko berrasmatu edota egokitzera eraman du Udala, horien artean, udal liburutegiarena.

Izan ere, udal liburutegiak ekainaren 1ean zabaldu zituen atean, ia 3 hilabete ondoren, mailegu zerbitzua soilik eskainiz. Irailaren 7az geroztik, baina, liburutegiak bere ohiko martxa eta zerbitzuak berreskuratu ditu, osasun eta segurtasun neurri zein protokolo zorrotz baten pean: informazio bibliografikoa, hemeroteka eta ordenagailu zerbitzua, irakurketa gela, mailegu arrunta zein liburutegien artekoa…

Osasun egoera berezi honen eraginez, baina, badira oraindik aurrez-aurre egin ahal izango ez diren ekimenak, hala nola literatur solasaldiak eta ipuin kontaketak.

Literatur solasaldien kasuan, topaketak bertan behera ez uztearren, momentuko egoerara egokitu eta online egingo dira. Saio horien inguruko informazioa liburutegian jaso ahal izango da, baita izena eman edo liburuak jaso ere.  Solasaldien inguruko informazio guztia udal webgunean ere ikusgai dago.

Eta ipuin kontaketa saioei dagokienez, Udal liburutegiak konfinamendu garaian martxan jarri zuen ekimenari heldu dio berriro, Ipuin Kapsulak ekimenari, alegia. Aipatu egitasmoak arrakasta eta harrena ona izan zuen eta hori zein egungo egoera kontuan hartuta, udal liburutegiak berriro jarri du martxan ekimena, oraingoan, udazken osorako.

Helburua da Lezoko haurrek, etxetik bada ere irakurketaz eta ipuin kontaketaz gozatzen jarraitu ahal izatea, zaletasun edota ohitura hori mantendu eta horrela, txiki-txikitatik liburuez goza dezaten. 

Gauzak horrela, datorren urriaren 7tik aurrera, astean bitan, asteazken eta ostiraletan, alegia, ipuin kontaketa saio bat igoko da, arratsaldeko 18:00etatik aurrera liburutegiko youtube kanalera zein udal webgunera.

Udal liburutegiko youtube kanala:

https://www.youtube.com/channel/UCuEolmmAsMYLT1yAWMg793A

Udal webgunean:

https://www.lezo.eus/eu/ipuin-kapsulak

Egitaraua ikusgai hemen

Arloa edo saila