Sexualitatea lantzeko bi jardunaldi antolatu ditu gazteentzat Lezoko Udalak

Ar, 2025-04-29 18:01

Lezoko Udalak Sexualitatearen inguruko bi jardunaldi antolatu ditu gazteentzat. Lehenengo jardunaldiko saioak hurrengo astean izango dira: asteartean, maiatzaren 6an, 17 eta 24 urte bitarte dituztenentzat eta asteazkenean, maiatzaren 7an, 12-16 urte bitartekoentzat. 

Gipuzkoako Foru Aldundiko Gazteria Zuzendaritzak bultzatutako Treba Gazteak programa baliatuz, Lezoko nerabe eta gazteentzat saioak antolatu ditu Lezoko Udalak maiatzerako. Gazteen garapen integralean eragiteko helburua dute jardunaldi hauek, zuzenean eragiten dieten gaiak ezagutu eta euren bizitzan kudeatzeko baliabideak emateko ikastaroak dira. 

Lehenengo jardunaldia sexualitatearen zentzu orokorraren ingurukoa izango da eta bi saio izango ditu. Lehenengoa, maiatzaren 6an (asteartea) 17 eta 24 urte bitarte dituzten gazteentzat. Bigarrena, maiatzaren 7an (asteazkena) 12 eta 16 urte bitarteko nerabeentzat. Izena ematea beharrezkoa izango da. Bi saioak doakoak izango dira eta Ageda Blascok gidatuko ditu, sexualitaean formatzailea da haur, nerabe, eta familiekin.

Sexualitatea birpentsatzen: autonomia, plazera eta loturak (17-24 urte)

Saio honen helburua sexualitatea tabu eta aurreiritzirik gabe aztertzeko esparru kritiko eta segurua sortzea da. Azalpen labur baten ondoren, eztabaida gidatuarekin eta taldekako dinamiken bidez bi puntu nagusi landuko dira:

  • Eremu sexuala integralki ezagutzea eta harekin adiskidetzea: sexualitatearen eta afektibitatearen ulermen positiboa eta kritikoa sustatzea, errespetuan, autoezagutzan eta aniztasunean oinarrituta.
  • Eguneroko harremanen begirada kontziente eta kritikoa garatzea: harreman afektibo eta sexualei eragiten dieten botere-dinamikei eta genero-rolei buruz hausnartzea.

     Eguna: Maiatzak 6, asteartea
     Ordua: 18:30-21:30
     Lekua: Kultura Aretoa
     Izen-ematea hemen

Sexualitatea ezagutuz: emozioak, desira eta tratu ona (12-16 urte)

Saio honetan sexualitatearen gaia ikuspegi zabal, inklusibo eta kritiko batetik irekiko dute. Talde-dinamikak, ikus-entzunezkoak eta sentsibilizazio-ariketa ludikoak baliatuz hurrengo helburuak landuko dituzte:

  • Emozioen eta desioaren esplorazioa erraztea, ikuspegi inklusibo eta segurutik.
  • Adostasunari, tratu onari, sexting-ari eta sextortsioaren prebentzioari buruzko funtsezko kontzeptuei heltzea.
  • Botere-erlazioak identifikatzea: Adostasuna eta desioa.

     Eguna: maiatzak 7, asteazkena
     Ordua: 18:30-20:30
     Lekua: Kultura Aretoa
     Izen-ematea hemen 

 

Bigarren jardunaldia astebete beranduago izango da eta hau ere bi saiotan banatuko da, adinaren arabera. Jardunaldi honetan aniztasuna, berdintasunezko praktika afektiboak edota arriskurik gabeko eredu sexual osasuntsuen naturalizazioa bezalako gaiak sakonduko dituzte.

Arauaz harago: aniztasuna, sexu-eskubideak eta praktika afektibo parekideak (17-24 urte) 

Saioaren helburu nagusia aniztasunari eta harreman parekideei buruzko hausnarketa egitea izango da, ikuspegi antikolonial eta feminista batetik: zaintzaren etika baterantz, sexu-jarrera kritiko eta gozagarri baterantz.

Azalpen teoriko eta hausnarketan oinarritutako dinamika eta jolasen bitartez hurrengo helburuak landuko dituzte:

  • Nagusi den sexu-ereduaren berrikuspen kritikoa egitea.
  • Harreman sexualak, maitasuna eta erotismoa baldintzatzen duten gizarte-egiturei buruz hausnartzea.
  • Gure erotika lantzeko beharrezkoak diren gakoak partekatzea eta aztertzea.
  • Autonomia eta erabakiak hartzea sexualitatean.

     Eguna: maiatzak 13, asteartea
     Ordua: 18:30-21:30
     Lekua: Kultura Aretoa
     Izen-ematea hemen 

Gorputza eta harremanak: plazera, adostasuna eta zaintza. (12-16 urte) 

Jardunaldi honen helburu nagusia hurrengo gaiak era sakonagoan lantzea izango da: praktika seguruak, pornografia, STIen prebentzioa, sexting-aren erabilera kontzientea eta sexortsiotik/grooming-etik edo beste sexu-indarkeria digital batzuetatik bereiztea.

Talde-dinamiken, ikus-entzunezkoen, kasuen analisien eta role-playing ariketen bidez, honako puntu hauek landuko dituzte:

  • Gorputz, sexu eta genero-aniztasunaren oinarrizko ulermena sustatzea.
  • Praktika seguruak eta adostuak. 
  • Sexting-a, arriskuak eta biolentzia sexual digitalen prebentzioa.

     Eguna: maiatzak 14, asteazkena
     Ordua: 18:30-20:30
     Lekua: Kultura Aretoa
     Izen-ematea hemen