LESOINUK 40 URTE BETEKO DITU AURTEN

Ar, 2026-02-17 16:13

Lesoinuren XL. edizioan emakumeen presentziak errotu du egitaraua. Gainera, Tomas Garbizuren abesti ezezagunekin diskoa osatu dute hainbat musikarik, eta diskoa aurkeztuko dute martxoaren 1ean.

Gaur goizean aurkeztu dute Mikel Arruti Lezoko alkateak eta Xanti Espina Tomas Garbizu Musika Eskolako zuzendariak Lezoko ziklo pedagogiko musikalaren egitaraua. Otsailaren 27an hasiko da eta maiatzaren 9an bukatu, guztira 15 ekitaldi izango dira Lezon.

XL. edizioa izango da aurtengoa, eta alkateak azaldu duen moduan “gaur egun herrian antolatzen den egitasmo garrantzitsuenetako bat da. Hasieran aste pedagogiko moduan hasi zen, baina orain hilabeteko zikloa da eta inguruko erreferentzia kulturala ere bada”. Izan ere, ekitaldi irekia da eta alde batetik, Musika Eskolako ikasleei musika beste modu batera ikasteko aukera ematen die, eta, bestetik, herritarrei ere musikaz eta kulturaz gozatzeko hainbat hitzordu eskaintzen dizkie.

Lesoinuren XL. edizioa ospatzeko, TOMAS GARBIZUREN MUSIKAREN MILA ERTZ izeneko diskoa kaleratuko dute. Tomas Garbizu musikari lezoarraren lanaren artean hain ezagunak ez diren abestiak edota aurretik inoiz aurkeztu ez diren abestiak biltzen dituen diskoa da. Diskoan parte hartu duten musikari gehienak lezoarrak edo Lezorekin zerikusia dutenak dira. Arrutik aipatu duenez, martxoaren 1ean izango da aurkezpena, Gezala Auditoriumean, 12:30ean. Herritarrak gonbidatu ditu disko formatuan jaso duten herriko ondarea ezagutzera. Sarrera doakoa izango da aretoa bete arte, gainontzeko ekitaldietan bezalaxe.

Jarraian, Xanti Espinak xehetasun gehiago eman ditu egitarauaren inguruan. Hiru asteburuz mota askotariko ekintzak izango dira herrian, kontzertuak, helduentzat zein haurrentzat ipuin-kontaketa musikatuak, kalejirak eta saio didaktikoak, besteak beste. Jarraian, astebete egitasmo didaktikoei eskaini diote. Egitarau osoa Lezoko Udaleko webgunean ikus daiteke

Azpimarratu duenez, Lesoinuren edizio berrian emakume sortzaile, musikari zein konpositoreei presentzia argi nabarmenduko da, “edizio hau martxoaren 8aren inguruan izango denez, emakumeei garrantzi berezia eman nahi izan diegu: musikaren munduan egin duten eta egiten duten lan guztia eta ekarpena balioan jarriz”. 

Esaterako Itxaso Aristizabal piano jotzaileak Valentin Larrearen errepertorioko abestiekin eskainiko duen kontzertuarekin hasiko da aurtengo edizioa, otsailaren 27an, Gezala Auditoriumean. Aristizabalek euskal konpositoreen errepertorioa aztertu, berreskuratu eta interpretatzen lan sakona egiten du, batez ere aditua da Valentín Larrearen obran, 2019tik aztertu, transkribatu eta interpretatzen baitu. 

Emakume konpositoreen lanak ere ekarriko dituzte Lezora, izan ere, martxoaren 15ean, Adelaida bikoteak (Alemania-Kroazia) akordeoia eta txeloarekin nazioarteko emanaldia eskainiko dute. Intepretatuko dituzten obra guztien egileak emakumeak dira; Trazos de Mujer programaren helburua emakume konpositore oso interesgarri batzuek idatzi zutenaren eta, zoritxarrez, merezi adinako arretarik jaso ez zutenen lanak berreskuratu eta balioan jartzea da.

Esan bezala, egitaraua oso anitza izango da eta adin guztietarako hitzorduak prestatu dituzte. Ekitaldi guztiak doakoak izango dira, eta herritar guztiei egin diete gonbidapena parte hartu eta musikaz zein kulturaz era desberdinetan gozatzeko. 
 

Arloa edo saila
Eranskinak