KOZ: zure bidelaguna, gehiago eta hobeto mugitzeko

Az, 2022-04-27 17:14

Kirol Orientazio Zerbitzuko arduradun berria aurkeztu du udalak: Maddi Marquet Ferran.

Lezoko Udalak Kirol Orientazio Zerbitzuko arduradun berria aurkeztu du, bere izena, Maddi Marquet Ferran. Baina, zer da KOZ-a eta zertan datza? Honi buruz hitz egiteko berarekin elkartu gara.

-Kaixo Maddi, zein da zerbitzuaren helburua?

Kirol orientazio zerbitzuaren helburua adin guztietako lezoarrak mugiaraztea da, aktiboagoak izatea. Bizitza aktiboak, hobe sentiarazten gaitu eta gainera osasun arazo gutxiago, osasun mental hobea eta bizi-kalitate handiagoa izatea lortzen du.

-Zientziak hala dio, ezta?

Bai. Azken urteetan egindako ikerketetan argi ikusten da mugitua den pertsona bat zoriontsuagoa, osasuntsuagoa eta autonomoagoa dela. Ez bakarrik kirola egiteagatik, honekin egiten dituen harreman eta loturengatik, bai inguruko herritarrekin eta baita norberarekin ere. Zoriontasuna lortzeko bidean, egunero pausu gutxi batzuk egitea pausu handia izan daiteke.

-Herritarrei laguntzea da zure helburua orduan orientatzaile gisa

Nik ematen dudan laguntza, norbere eguneroko errealitatea ezagutu eta horren baitan gustukoak izango dituen jarduerekin ohitura osasuntsu eta aktiboak sustatzean datza, proposamen pertsonalizatua diseinatuz. Herritar batzuen kasuan hutsetik hasi eta zerbait egiten hasi izango da erronka; aktiboak direnekin aldiz, jarduera gehiago eta modu anitzagoan egitea izango da.

-Zerbitzua garestia da?

Azpimarratu nahi dut doako zerbitzu bat dela; ondoren gerta daitekeena pertsona kostua duen zerbitzu batetara edo erabilera libreko jarduera batetara bideratu badaiteke ere.

-Nori zuzendua dago?

Adin guztiei zuzendutako zerbitzua da. Geroz eta ume gehiago sedentarismoan murgiltzen ari diren ebidentzia zientifikoa dago, honek dakartzan kalteekin. Heldutasunean eta zahartzaroan aktibo mantentzea ere oso garrantzitsua da bakoitzaren bizi kalitaterako. Horregatik, Kirol Orientazio Zerbitzua pertsona ororentzat dago sortua.

-Nola sortu zen zerbitzu hau?

Auzolana du oinarri, Lezoko entitate ezberdinen (anbulatorioa, gizarte zerbitzuak eta ikastetxeak) arteko lankidetza eta sarelana bikaina izan da eta bertako profesionalak eskertu nahiko nituzke. Nahiz eta email edo telefono bidez interesa duen edonor gertura daitekeen eta nirekin hitzordua izan, gehienak aipatutako sailen elkarlanari esker jotzen dute nigana. Hurbiltzen zaizkidan pertsona gehienak “deribatuak” datoz, anbulategitik, ikastetxetik edo ongizate sailetik, bertan aurreikusi dutelako onuragarria izango dela pertsona horientzat aktibotasuna txertatzea beraien bizitzetan, arrazoi ezberdinak medio. Baina esan bezala, bidelaguna behar baduzu nirekin harremanetan jarri eta bideari batera ekingo diogu.

-Aktiboagoak izan behar garela argi dago orduan…

Jada aipatu dugu frogatuta daudela aktiboa izatearen eragin positiboak gure bizitzan; horregatik, Osakidetza berak, adibidez, norberaren istorialean aktibotasuna kontuan hartzen du (fitxa bat dago) eta gomendagarri aurreikusten badute “kirol errezeta” baten bitartez pertsonak KOZ bidelagunera “deribatzen” dituzte. Osasun zentroetatik edo martxan dauden proiektu berri ezberdinetatik (ospitaleko errehabilitazioa adb.) deribatzen dizkidaten pertsonentzat jarduera fisikoa da botika eta ni, pilula;  Sendagai horren ondorioa pertsona horien bizi ohiturak aldatu eta bere bizitzan Jarduera Fisikoa txertatzea izango da.

Nire lanaren muina hori izango litzateke beraz, pertsonen bizi ohituretan eragin eta hauek aldatu aktibotasuna txertatuz.

-Lan polita baina, ez da beti erraza izango…

Denok dakigun bezala, ohitura aldaketak lortzea oso zaila izaten da eta horregatik gertutasuna eta konfiantza dira nire lanaren oinarriak; dena den, ibilbideko protagonista zerbitzura gerturatzen den pertsona da eta ezinbestekoa da bere aldetik konpromisoa eta inplikazioa egotea.

-Lezon, aktiboagoak izateko dozenaka ekimen daude, ezta?

Bai. Aholkularitza zuzenaz gain, hau da, pertsonekin egon gomendioak ematen eta jarraipena egin, herrian dauden eskaintza gabeziak detektatu eta hauek osatzen saiatzea da ere nire ardura. Horregatik, programa ezberdinetan parte hartzen dut aktiboki, baita herrian dauden baliabideen garapenean ere, herritarren eskura egon dadin bizitza aktiboago bat izateko aukerak.

Besteen artean hauek aipatuko nituzke:

  • Talde dinamizazioak: Tipitopa, Martxan, Emakume korrikalariak…
  • Baliabideen garapena: ibilbideen diseinu eta dinamizazioa, parke osasungarrien diseinu eta dinamizazioa, kale ekipamendua osatzeko proposamenak…

-Eskerrik asko!

 

Kirol Orientazio Zerbitzuaren Arduraduna

Maddi Marquet Ferran

Hitzordua hartzeko:

674171681 – koz@lezo.eus

KOZ-aren ordutegia:

Bekoerrota:

Asteartea: 9:00-11:00

Asteazkena: 13:00-17:00

Osteguna: 9:00-13:00

Osasun zentroa (anbulategia):

Asteartea: 11:30-12:30

Arloa edo saila