2017KO URTARRILAK 26

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2017ko urtarrilaren 26ean, osteguna, 19:35etan, eratu da OSOKO UDALBATZA, OHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Jesus Maria Martiarena Jaca alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Maria Noemi Arberas Oses, Alfredo de la Puente Pagola, Enrique Figueroa Laboa, Irlentz Ortega Ugalde eta Miguel Angel Sanchez Antunez (EAJ-PNV udal taldea), Mikel Arruti Salaberria, Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra, Igor Cordero de la Fuente, Angel Portugal Formoso eta Asier Irastorza Alustiza (EHBILDU udal taldea) eta Jose Angel Sanchez Gallardo (Euskal Sozialistak-Socialistas Vascos).

Ez da izan Ainhoa Zabalo Loiarte (EHBILDU udal taldea).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiola Aristik.

Baita ere bertan da, alkateak horrela eskatuta, udaleko Kontuhartzailea, Pedro Etxarri Ollokiegi.

1. Egoki irudituz gero, 2016ko azaroaren 24ko ohiko izaerarekin eta abenduaren 21eko ezohiko izaerarekin osoko bilkuretako aktak onartzea (2016ID200012 eta 2016ID200013).

Jose Angel Sanchezek abenduaren 21eko aktan zuzenketa bat egin nahi du: euskarazko aktan 1243470. orrialdeko 3. lerroaldian eta gaztelerazkoan 1243479. orrialdeko 5. lerroaldian bere hitzak jasotzen direnean dio kendu egin behar dela “ …eta hondakin tonelada kopuruaren jaitsierak kointziditu zuela.” ez zuelako hori esan. Aldaketa onartu da.

Mikel Arrutik azaroaren 24ko aktan zuzenketa bat egitea eskatu du. Euskarazko 1243449. orrian eta gaztelerazko 1243464. orrian Miguel Angel Sanchezek esan zuena eta aktan jaso ez dena jasotzea nahi du, hauxe hain zuzen: “Gabonetako argiterian 12.000 €tako inbertsio egingo dela argiak erosteko.”

Zuzenketa horiekin bi aktak onartu dira.

2. Lezoko Bake Epaile ordezkoaren izendapena onartzeko diktamena (2016PE090002).

Idazkariak diktamenairakurtzen du. Honela dio:

“Udal Osoko Bilkurak 2016ko irailaren 29n egindako bilkuran E.A.O. izendatu zuen Lezoko bake epaile titular lanetarako eta M.L.T. ordezko gisa.

Bake epaile titularrak dagoeneko bere karguaz jabetu da, baina M.L.T.k 2017ko urtarrilaren 10ean aurkeztutako idatzian, bateraezintasuna dela eta, uko egin dio Lezoko bake epaile ordezkoaren izendapenari.

EAEko Auzitegi Nagusitik bake epaile ordezkoa izendatzea eskatu digute, dena den adierazi dute horretarako ez dugula prozedura berririk hasi beharrik, izendapena hau egiteko hasi zen prozeduran izena eman eta onartuak izan zirenen artean hautaketa egitea nahikoa dela.

Horiek horrela, Batzorde Informatibo Orokorrak 2017-01-19an egindako bileran, aho batez behean heldu dena diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan:

ERABAKI PROPOSAMENA:

BAT: N.P.M. Lezoko Bake Epaile ordezko gisa izendatzea.

BI: Erabaki honen berri EAEko Auzitegi Nagusiari ematea.”

Diktamena bozkatu eta ahobatez onartu da.

3. Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jasangarritasunaren aldeko konpromisoa berritzeko diktamena (2016H0360003).

Miguel Angel Sanchezek diktamena azaltzen du. Honela dio diktamenak:

“2002ko abenduaren 20an sinatu zen UDALSAREA 21 Jasangarritasunerako Udalerrien Euskal Sarea eratzeko hitzarmena. Sarea administrazio publikoen arteko koordinazio-foro izateko sortu zen, udal mailan jasangarritasuna sustatu eta euskal udalerrietan Tokiko Agenda 21 ezartzeko aurrerapausoak emateko.

Lezoko Udalak 2006ko apirilaren 26an ospatutako osoko bilkuran aho batez onartu zuen hitzarmen hori, eta Oarsoaldeko Garapen Agentziarekin batera Tokiko Agenda 21 prozesua martxan jarri zuen.

Aipatu hitzarmen horren aldeko konpromisoaren iraunaldia 2015eko abenduaren 31ra artekoa zen. Hori dela eta, UDALSAREA 21k 2016ko apirilaren 27an ospatutako batzorde exekutiboan hitzarmen berri bat aurkeztu zuen.

Hitzarmen berri hau administrazio mailan guztien adostasuna lortu zuen hasierako testuan oinarrituta dago, 2020ra arteko indarraldia izango du eta automatikoki berrituko da aldeek hala erabakiz gero. UDALSAREA 21eko kudeaketa-organo nagusiak mantendu egiten dira (batzorde exekutiboa, batzorde teknikoa…), eta aurrekontuari dagokionez, udalerrien kasuan, urtero ordaindu beharreko kuota kentzen da.

Konpromisoa berritzeko akordioaren testuan, hirugarren klausulan, jasotzen dira udaletxeen erantzukizunak, hemen laburtuta aurkezten direnak:

- Sarearen kide izaten jarraitzea

- Tokiko Agenda 21 ezarpen prozesuetan aurrera egitea

- Informazioa eta esperientzia interesgarriak partekatzea sarean

- Konpromiso honekin lotuta egiten diren komunikazioetan UDALSAREA 21 aipatzea

Hori guztia dela eta, Batzorde Informatibo Orokorrak, 2017 urtarrilaren 19an egindako bileran, ahobatez, behean heldu dena diktaminatu du, osoko bilkurak onar dezan:

BAT: Lezoko Udalak Euskal Autonomia Erkidegoko tokiko jasangarritasunaren aldeko konpromisoa berritzea, horretarako UDALSAREA 21k bidalitako akordioa sinatuz

BI: konpromisoa berritzeko akordio hori Osoko Bilkuran onartzea

HIRU: Behin konpromisoa berritzeko akordioa sinatuta eta onartuta, UDALSAREA 21en Idazkaritza Teknikoari bidaltzea.”

Diktamena bozkatu eta ahobatez onartu da.

4. Aurrekontu aldaketen kontu ematea (2016KO090002 eta 2016KO010001).

Udal kontuhartzaileak, Alkateak onartutako bi aurrekontu aldaketen kontu eman dio osoko bilkurari. Zehazki bi aldaketa hauena:

· 2016-KALD-000005-00 (2016KO090002).

· 2016-KALD-000006-00 (2016KO010001).

Jose Angel Sanchezek galdetu du zergatik aldatu den aurrekontu partidetako enplegu planaren partida, 20.000 € gehituz, lehendik 160.000 € zituen partidan. Udal kontuhartzaileak dio zalantzak zeudela aurreikusitakoa nahiko izango zenik urteko gastuak jasotzeko. Jose Angel Sanchezek galdetu du zergatik sortu diren zalantzak eta Kontuhartzaileak dio zenbait kontu daudela Oarsoaldearekin argitzeko, besteak beste Oarsotekeri egin beharreko ekarpena eta kontu horiek sortu dutela zalantza. Jose Angel Sanchezek eskatu enplegu planerako aurreikusitako dirua helburu horrekin erabiltzea eta beste gastu batzuk ordaintzeko.

5. Udal kontuhartzailearen txostenen kontu ematea (2016KO090002 eta 2016KO010001 kreditu aldaketari buruzkoa eta 2016 ekitaldiko 4. hiruhilekoaren ordainketa epearena).

Udal kontuhartzailearen bi txostenen berri eman zaio osoko bilkurari, deialdiarekin zabaldutako dokumentazioarekin urtarrilaren 19ko batzorde berriemaile orokorrean egin bezala. Hauek dira banatutako txostenak:

· Bi kreditu aldaketei buruzkoa (2016KO090002 eta 2016KO010001).

· 2016 ekitaldiko 4. hiruhilekoaren ordainketa epearena.

6. Udal diruzainaren 2017ko 1. hiruhilekoaren diruzaintza planaren kontu ematea.

Udal diruzainaren diruzaintza planaren berri eman zaio osoko bilkurari, deialdiarekin zabaldutako dokumentazioarekin urtarrilaren 19ko batzorde berriemaile orokorrean egin bezala. Hau da banatutako txostena:

· 2017ko 1. hiruhilekoaren diruzaintza planaren kontu ematea.

7. Alkatearen, Organo Kolegiatuetako udal-ordezkarien eta Delegatuen txostenak.

7.1.- Miguel Angel Sanchezek, Hirigintza, Ingurumen, Obra eta Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak, dio bi obra proiektu martxan dituztela: herri eskolako jolas tokia estaltzearena eta Altamira auzorako igogailuarena. Oinarrizko proiektuak eginak daudela eta dirulaguntza jaso zain daudela lehiaketa deitzeko.

7.2.1- Irlentz Ortegak, Kirol gaietarako ordezkotza berezia duen zinegotziak, dio eskaintza bakarra jaso zela Kirol Instalazioen kudeaketa egiteko eta hura ontzat eman, esleitu eta 2017-18 urteetarako kudeaketa kontratua sinatu dela BPXPort Kirol Zerbitzuak, S.L. enpresarekin.

7.2.2.- Irlentz Ortegak ere azaldu du nola Foru Aldundiak Kirol instalazioak berritzeko 2017-20 urteetarako dirulaguntza deialdia egin duen. Deialdia aztertzen ari direla dio.

7.2.3.- Orsaoldeako kirol instalazioen kudeaketa mankomunatuari buruzko txostena datorren astean aurkezten dela dio Irlentz Ortegak.

7.2.4.- Udalak sustatutako kirol jarduerari buruzko aholkularitza martxan dagoela dio Irlentz Ortegak.

7.2.5.- Kirol jarduerarako egindako zenbait inbertsio egin direla dio Irlentz Ortegak: Lopene Plazan kanastak jarri, Plazeta futbol zelaian dutxak hobetu, Altzate igerilekuetako itukinak konpondu, etab..

7.2.6.- Irlentz Ortegak dio Lezoko ibilbideak egitasmo barruan urtarrilla-otsailean bukatuko direla Jaizkibel eta hiri barruko bideak markatze lanak.

7.3.1.- Noemi Arberasek, Gizarte Zerbitzuetako zinegotzi delegatuak dio Pasaian hirugarren adinekoentzat erreferente izango den egoitza bat irekitzera doala Aldundia eta Lezoko Udala lankidetzan ari dela proiektu horretan.

7.3.2.- Gizarte Zerbitzuetako zerbitzuen kartera garatzen ari direla dio Noemi Arberasek.

8. Galde-eskeak.

8.1.- Mikel Arrutik galdera batzuk egin ditu:

8.1.1.- Jakin nahi du Añarbeko Ur Mankomunitatearekin inongo kontratu hitzarmenik prestatzen ari den udala?

8.1.2.- Altamira auzoan hondakin bilketarako jarri berri diren edukiontziak eta San Marko Mankomunitatea bilketaz arduratzen ari da. Jakin nahi du ze azterketaren ondorioz edo zeren baitan jarri diren bilketa edukiontziak.

San Marko Mankomunitatea ari denez Altamira auzoan hondakina biltzen galdetu horrek Udalak gaur egun indarrean duen bilketa kontratuari eragiten diolako hura aldatu behar den eta ezingo dela ordaindu egiten ez den lan bat.

8.1.3.- San Marko Mankomunitatearekin hondakin bilketarako onartutako eta sinatutako hitzarmenaren arabera langile bat Mankomunitateko azpikontratak hartuko badu ere, galdetu du Mikel Arrutik zer gertatuko den gainontzeko langileekin. Galdetu du ere kale garbiketa nola egingo den.

8.1.4.- Eguberrietako argiteriaren gastuaren inguruan galdetu du Mikel Arrutik: abenduko osoko bilkuran, web orrian eta prentsan 12.000 €tako gastua aipatu zela eta jakin nahi du zein izan den benetako gastua.

8.1.5.- Mikel Arrutik esan du gaur Kultur Aretoan udalak antolatutako hitzaldi bat egon dela, gai interesantea zuena, baina gaztelera hutsez egin dela salatu du.

8.1.6.- Mikel Arrutik salatu du udaleko twiter kontuan argitaratutako gezurra, esan baitzen aurreko korporazioa ez zela kultura batzordeetara joaten, eta aurreko korporazioko kideek emandako erantzuna ez delako erantzun. Aurtengo aurrekontuetan komunikazio aholkularitza gastuak igotzeko emandako arrazoietako bat informazioa hobetzearena izan zela gogoratu du. Baina horren oso urrun dagoela gertatu ez direnaz informatzea. Gezurrik ez esateko eskatu du.

Miguel Angel Sanchezek galdera batzuk erantzun ditu.

8.1.1. galderari buruz dio oraindik ez dagoela ezer Añarbeko Mankomunitatearekin, haien proposamen baten zain daudela udalean.

8.1.2. galderari buruz dio edukiontzien kopuru eta kokapena udaleko ingurumen teknikariaren eta mankomunitateko teknikariaren artean erabaki dituztela. EH Bildu udal taldeko Ainhoa Intxaurrandieta eta Mikel Arrutik kexatu dira errefusarentzako behar direnak baino edukinontzi gehiago jarri izana. Gaur egungo bilketa eta garbiketa kontratua egokituz aldatu egingo dela dio Miguel Angel Sanchezek.

8.1.3. galderari buruz dio Sanchez jaunak oraindik ez dutela zerbitzu berriaren plangintzarik egin eta ezin duela gaur zehaztu zenbat langile beharko diren. Dena den, gobernu taldearen borondatea da kale garbiketa zerbitzua hobetu eta zabaltzea, gaur egungo lanpostuak mantenduz.

8.1.4. galderari buruz Miguel Angel Sanchezek dio argiteria erostea 12.000 € izan direla eta gero udal brigadak ezin zituelako haiek martxan jartzeko egin beharreko instalazioak egiteagatik 5.000 €tako gastua izan dela. Mikel Arrutik eta Ainhoa Intxaurraindietak diote 19.000 €tako gastua egin dela guztira, bez gabe, eta gastu hori ezin zela zuzenean agindu. Bai alkatea eta bai Miguel Angel Sanchezek diote bi gastuak bi kontzeptu oso desberdinak direla, bigarrena udal brigadak egin ahal izan ez dituen egokitzapen lanak direla. Ainhoa Intxaurrandietak galdetu dio Miguel Angel Sanchezi ea gastua fakturatu duen Argirum enpresakoak aurrez ezagutzen zituen. Alkateak dio lotsagabekeri bat dela galdera horrela egitea. Gogoratu du Argirum enpresari ia 2003-2007 legealdian udalak gabonetako argiteria erosi ziola, gero hurrengo bi legealdietan erabili gabe guztiz hondatu direna. Miguel Angel Sanchezek dio berak ez zituela aurrez Argirum enpresakoak ezagutzen.

8.1.5. galderari buruz Noemi Arberasek dio berdintasun aholkularitza enpresakoek antolatu dutela hitzaldia. Mikel Arrutik dio udalak antolatu duen hitzaldia izan dela eta udal gobernuaren ardura dela antolatzen diren hitzaldietan euskararen erabilera bermatzea. Alkateak esan du enteratuko dela zer gertatu den eta informatuko duela gero.

8.1.6. galderari buruz Miguel Angel Sanchezek dio twiterren azaldutakoa komunikazio enpresaren akats bat izan zela. Mikel Arrutik eta Ainhoa Intxaurrandietak esaten diote hor akatsa baino intentziozko gezur bat dagoela hor oposizioaren kontra, eta komunikazio aholkulariarengandik baino gobernu taldetik atera ote den susmoa dutela.

Jose Angel Sanchezek informazio eskaera batzuk egin ditu:

8.2.1.- Galdetu du zertan den azaroan Gaintxurizketa auzoan inbertsioak erabakitzeko ireki zen parte hartze prozesua. Ea gastu partida erabili den eta zer nolako onarpena izan duen asmoak auzoan.

Miguel Angel Sanchezek dio udalak deitutako bilerara ez zela inor agertu. Angel Portugalek dio ez zela auzoko etxe askotara deialdirik iritsi.

8.2.2.- Jose Angel Sanchezek esan du pozik dagoela Altamira auzoan hondakin bilketarako edukiontziak jarri izanagatik. Galdetu du ea irekitzeko txip-ik jarriko zaien. Bere konpromezua hondakin bereizketa egiten dutenak saritzea dela eta horretarako edukiontzien erabilera kontrolatu ahal izan behar dela dio.

8.2.3.- Jose Angel Sanchezek galdetu du zertan den ingurumen teknikariaren lanpostuaren horniketa.

Miguel Angel Sanchezek dio lanpostuaren eskaintza publikoa eta oposaketak egin bitarte behin behineko funtzionari bezala izendatuko dela L.B. beste toki administrazio publiko bateko lan poltsan dauden pertsonei Lezoko lan postua eskaini ondoren.

Alkateak osoko bilkura bukatu aurretik korporazio kide guztiak gonbidatu ditu bihar eguerdian biltzar areto nagusi honetan bi udal langileen jubilazioengatik egingo den ospakizunera.

Aktaren amaiera.

Alkate-lehendakariak, aztertzeko ziren gai guztiak aztertu ondoren, 20:45ean eman dio buru bilkurari. Idazkari naizen aldetik, akta 1243484tik 1243489ra zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta berrespena ematen diot alkatearen oniritziaz.

Eguna