Oarsoaldeko II. errezeta lehiaketa abian da

Euskara eta arraina izango dira protagonista nagusiak Oarsoaldeko Euskara Batzordeak antolatutako errezeta lehiaketan.

Errezeta euskaraz idatzita egon beharko da eta gutxienez bi atal izango ditu ontzat hartzeko. Alde batetik, errezetaren osagaien zerrenda, osagai horietako bat arraindegietan erositakoa izan beharko duelarik. Bestalde, platera egiteko jarraibideak adierazi beharko dira.

Errezetak ekimen honetan parte hartzen duten arraindegietan utzi beharko dira, horretarako propio jarritako kutxa edo buzoietan. Errezeta sobre batean sartuta eta gainean egilearen izen-abizenak eta telefonoa dituela sartu beharko da, errezetan bertan izenik jarri gabe.

Ehun euroko saria

Errezeta irabazleak, Oarsoaldeko udalerri bakoitzeko bat, Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako elkarte gastronomikoetako sukaldariek osatutako epai-mahaiak hautatuko ditu. Herri bakoitzeko irabazle bat izango da eta 100 euroko erosketa txartela eskuratuko du bakoitzak. Erosketa, errezeta irabazlea entregatu zeneko arrandegian egin beharko da.

Errezetak buzoietan uzteko epea urriaren 15etik azaroaren 10era bitartekoa izango da eta azaroaren 22an egingo dira sari-emateak.

Oraingoz eskualdeko 39 arrandegietatik 31k agertu dute ekimen honetan parte hartzeko asmoa. Arraindegi partehartzaileen zerrenda hemen ikus dezakezu.

Arloa edo saila