Kontsumo Arduratsuaren Azoka

Og, 2014-11-13 12:49

Hirugarren edizioa Karlos Saldise plazan egingo da azaroaren 29an, eta herritarrak kontsumo arduratsuarekin bat eginez, hondakinak murriztearen eta berrerabilpena sustatzearen garrantziaz kontzientziatzea du xede

Karlos Saldise plazak Kontsumo Arduratsuaren Azokaren hirugarren edizioa hartuko du azaroaren 29an. Horrela eman dute jakitera gaur goizean Ainhoa Zabalo alkateak eta Aitor Gonzalez Izadi21 Ingurumen Aholkularitzako teknikariak. Goizean zehar, bigarren eskuko objektuen salmenta, hondakinen berrerabilpen tailerra edo-eta erantzukizun sozialaren esparruan aritzen diren hainbat elkarteren stand-ak izango dira.

Lezoko Udalak antolatuta, datorren azaroaren 29an Kontsumo Arduratsuaren Azoka izango da Karlos Saldise plazan, azaroaren 22tik 30era ospatzen den Hondakinak Prebenitzeko Europako Astearekin bat eginez. Helburuak, aurreko edizioetako berak mantentzen dira. “Batetik, herritarrak kontsumo arduratsuaren baitan kontzientziatzea nahi dugu, eta euren artean hondakinak murrizteko eta berrerabilpena bultzatzeko jarrerak sustatu nahi ditugu. Eta bestetik, Eskolako Agenda 21 egitasmoan dabiltzan zentroen lanak kalera atera nahi ditugu”, azaldu du Ainhoa Zabalo alkateak.

Kontsumo Arduratsuaren Azokak kontsumitzaile arduratsuak heztea du beste helburuetako bat. Eta bide horretan, ezinbestekoa da ohiturak aldatzea eta patxadaz aritzea. Horrela uste du behintzat alkateak. “Gure gizarte honetan ia ohitura bilakatu da guztia abiadura handiz egitea. Bada, har dezagun patxada apur bat erosketak egiterakoan gure buruari galdetzeko ea erostera goazen hori behar dugun, non ekoitzi den, nork ekoitzi duen, zein baldintzetan egin den, hondakinik sortuko ote duen, eta abar”.

Herritarren parte-hartzea
Azoka Karlos Saldise plazaren txapelaren pean jarriko da, eta herritarrek etxean dituzten bigarren eskuko objektuak saltzeko aukera izango dute: arropak, tresnak, liburuak edo-eta bestelako objektuak. Baldintza bakarra, produktuak erabilgarri egotea da. Horretarako, aurrez izena eman behar dute 943 492215 telefono zenbakira deituz edo azokalezo@gmail.com posta elektroniko helbidera idatziz

Aitor Gonzalez Izadi21eko teknikariak aurreratu duenez, herritar bakoitzak bere salmentarako espazioa izango du eta Lezoko Udalak oihalezko poltsak banatuko dizkie saltzen dituzten produktu/objektu horiek bertan sartu eta erosleari emateko.

Herritarren salmenta postu horiez gain, bestelako postuak izango direla iragarri du Aitor Gonzalezek. Eskolen gunea izango da, bertan eurek bildutako produktuak saltzeko, zein hazien tailerraren berri emateko; nekazal gunea, Lezon bertan ekoizten diren garaiko nekazal produktuen erakustoki; erantzukizun sozialaren esparruan aritzen diren elkarteak izango dira, kontsumo arduratsuaren kontzeptu zabalaren pean, besteak beste, animalien eskubideak edo-eta banka etikoak lekua badutelako. Goiener, Askekintza taldea eta Fiare banka etikoko Oarsoaldeko ordezkariak gure artean izango ditugu. 

Amaitzeko, beste hiru hitzordu nabarmendu ditu: 11:30etatik 12:30etara egingo den hondakinen berrerabilpen tailerra, gaztetxoei plastikozko hondakinekin karterak, brotxetak, autoak eta abar nola egiten diren erakusteko –tailerrean parte hartu nahi dutenek brika edo plastikozko botila eraman beharko dute–; 13:00etan Udal ordezkariek egingo duten auzo-konpostaren udal aurkezpen ekitaldia, eta 13:15ean egingo den pintxo-dastaketa, azokaren aurtengo edizioa ahoa goxatuz agurtzeko. 


 

Arloa edo saila