Behin betiko onartu da Udal Kontu Orokorraren 2018ko ekitaldia

Or, 2019-05-31 10:34

Udal plantilla organikoaren eta lanpostu zerrendaren balorazioak eta aldaketak ere onartu dira

Atzo arratsaldean ospatutako ohiko Osoko Bilkuran Udal Kontu Orokorraren 2018ko ekitaldiak behin betiko onespena jaso zuen EAJ-PNVren eta PSE-EEren aldeko botoekin; EH Bildu, aldiz, abstenitu egin zen.

Eguneko aztergaien artean, halaber, udal plantilla organikoaren eta lanpostu zerrendaren balorazio zein aldaketak ere onartuak izan ziren atzo. Izan ere, hirigintza sailean, langileen funtzioen eta zereginen inguruko azterketa eta balorazioa egin ditu udal-gobernuak, aipatu saila nabarmen hazi baita azken urteotan -balorazioa egin zen azken aldian, hain zuzen, bi langilez osatua zegoen eta gaur egun jada, 6 lagunek osatzen dute saila-. Horiek horrela, gaur egun dauden postuak aztertu eta baloratu ostean, azterketaren emaitza gisa, egungo langileen ordainketa mailak egokitzeko eta lanpostu berri bat sortzeko proposamena jarri zuen udal gobernuak mahai gainean eta hain zuzen, azterketa horrek emandako emaitza horiek dira atzoko bilkuran udalbatzak aho batez onartu zituenak. Horrenbestez, ordainketa mailak egokitzeaz gain, datozen asteotan, hirigintza sailean lanpostu berri bat betetzeko prozesua abiaraziko du Udalak, hain zuzen, hirigintzako administratzaile-koordinatzaile postua. Horrez gain, Udaleko gainerako sailen lanpostuen balorazioa egitea ere aurreikusi da.

Bestalde, legediari jarraiki, hondakinen bilketarako administrari postua zein Bake Epaitegiko administrari laguntzailearena funtzionario erregimenera pasatzea onartu zuen udalbatzak, baita, azken postuaren kasuan, ordainketa maila igotzea ere.

Arloa edo saila