"AUZOAREN ARIMA" AURKEZTU DUTE OARSOALDEKO UDALEK, AUZOEI ARIMA ITZULTZEKO PROIEKTUA

Og, 2025-11-13 17:57

Proiektuaren helburua merkataritza- eta gizarte-sarea biziberritzea da, herrietako lokal hutsak aktibatuz, esku-hartze artistikoak eginez eta ekintzailetza sustatuz, auzoen dinamismoa eta "arima" berreskuratu nahi da. 

Errenteria, Lezo, Oiartzun eta Pasaiako Udalek, Oarsoaldea Eskualdeko Garapen Agentziarekin batera, "Auzoaren Arima" proiektua aurkeztu dute gaur ofizialki. Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburu Javier Hurtadok parte hartu duen ekitaldi instituzionala Errenteriako Erdiko kaleko 13. zenbakian izan da, programaren helburu nagusia sinbolizatuz: eskualdeko auzoei arima itzultzeko espazio hutsak suspertzea.

Javier Hurtadok, Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo sailburuak, honako hau adierazi du: "Denok dakigu merkataritzak hiru eraldaketa dituela – digitala, ingurumenekoa eta soziodemografikoa –. Trantsizio honetan, tokiko merkataritzari lagundu behar diogu, gure herri eta hirien kohesio sozialean funtsezko elementua delako. Auzoaren Arima, hain zuzen ere, ildo horretan diharduen proiektu horietako bat da, hutsik dauden lokalei bizia emateko eta haien inguruko bizitza indartzeko. "

Aizpea Otaegi Oarsoaldeko presidente eta Errenteriako alkateak Errenteriako merkataritzaren eraldaketa estrategikoa azpimarratu du: "Gure indarrak hiru merkataritza-inguruneetan zentratzea, hala nola Zentroan, Beraunen eta Iztietan, merkataritza-sarearekin batera hartutako erabakia izan da, eraginkorragoak, erresilienteagoak eta lehiakorragoak izateko.  Uste baitugu ingurune komertzialak dentsifikatzea lagungarria dela sektoreak dituen erronka handiei aurre egiteko. "Auzoaren Arima" bezalako proiektu berritzaileak funtsezkoak dira hutsik dauden lokalak mobilizatzeko, izan ere Udaletik beste zenbait neurri dagoeneko martxan jarrita baditugu ere errealitate honi aurre egiteko, gisa honetako proiektu berritzaileak garrantzitsuak dira are gehiago eragiteko".

Lezoko alkate Mikel Arrutik bere ilusioa adierazi du proiektuagatik: "Lezok bat egiten du gure ardatz komertziala biziberritzeko eta komunitatearentzako topagune gisa jardungo duen merkatu lokal baten sorrera aztertzeko udal arteko ekimen honekin. "Auzoaren Arima" gure nortasuna indartzeko eta gure ekintzaileei laguntzeko aukera bat da".

Joana Mendiburu, Oiartzungo alkateak, hurbileko merkataritzaren aldeko apustua azpimarratu zuen: "Proiektu honek filosofia honi balioa ematen eta jendearekin bat egiten duten espazioak sortzen laguntzen digu. Funtsezko bi gune dinamizatu nahi ditugu: Altzibar, auzo historiko baten dinamismoa berreskuratzeko, eta Elizalde, bere lokalak jarduera komertzial berrietara egokitzeko. Horrekin, gure kaleei bizitasuna itzultzea eta gure auzoek garai batean zuten arima berreskuratzea bilatzen dugu ".

Teo Alberrok, Pasaiako alkateak, bere udalerriaren berezitasuna eta Antxoren potentziala azpimarratu ditu: "Programa honek sormenetik eta lankidetzatik jarduteko tresnak eskaintzen dizkigu. Antxo eraldaketarako gune bihurtzea nahi dugu, bere kokapen estrategikoa eta Topoaren lurperatzea bezalako obrek eskaintzen dituzten aukerak aprobetxatuz. Merkataritza eta sormena sustatuz, gure kaleko bizitza biziberritzea eta hutsik dauden lokalei bizitza berria ematea bilatzea nahi dugu ".

Hitzaldien ondoren, Idoia Lizeagak, proiektuaren lehen esku-hartze artistikoaren sortzaileak, "Kolorezko zutabeak" aurkeztu du, lokal pilotuaren espazioa eraldatu duen instalazioa.

Sinbolismoz betetako une batean, Lizeagak instalazioa piztu du, keinu hori "Auzoaren Arimak bilatzen duenaren metafora perfektu" gisa deskribatuz: "arima espazioetan sartzea artearen, argiaren eta komunitatearen bidez".

Alex Oier eskualdeko ekintzaile gazteak bere testigantza eman du: "Erle bakar batek ezin du aurrera egin erlauntza indartsu bat ez badago. Saltokiekin berdin gertatzen da: zure negozioa oso ondo badoa ere, auzoa bizirik ez badago, denok galtzen dugu".

Bere esperientziatik kutsatze positibo hau baieztatu zuen: "Kale berean bi lokal ireki genituenean, ez ginen gu bakarrik hazi: inguruko saltokiak gehiago saltzen hasi ziren. Mugimendu gehiago bizitza gehiago izan zen guztiontzat. Hori da 'Auzoaren Arima'-k egiten duena: erlauntza zaindu, erle bakoitzak bere potentzial guztia garatu ahal izan dezan".
 

Auzoaren Arimari buruz

Proiektuak 233.558,40 euroko aurrekontu orokorra du, eta 2026. urtearen amaierara arte egikaritzeko aukera. Bi lan-ildo nagusi ditu:

Lokalen gaineko esku-hartzeak: "erakusmahai" edo lokal hutsen katalogo bat, bitartekotza integraleko zerbitzu bat (higiezinak, birgaitzea eta enpresak) eta jarduera berrietarako dirulaguntzen programa bat barne hartzen ditu.

Dinamizazio-plana: marketin-plan bat, lokal hutsetarako "terapia aringarriak" (hala nola "pop-up" dendak eta erakusleiho iragankorrak), kaleko esku-hartze artistikoak eta negozio jasangarriak eta berritzaileak sustatzeko "joera inspiratzaileen kita" biltzen ditu.

Azken helburua da gehienez 12 saltoki berri martxan jartzea, 25-30 lokal aktibatzea eta parte hartzen duen udalerri bakoitzean gutxienez kale bat osorik hobetzea.
 

Ekitaldian honako hauek parte hartu dute

Aizpea Otaegi, Oarsoaldeko lehendakaria eta Errenteriako alkatea.
Mikel Arruti, Lezoko alkatea.
Joana Mendiburu, Oiartzungo alkatea.
Teo Alberro, Pasaiako alkatea.
Idoia Lizeaga, artista, esku-hartze artistiko baten prozesua azaldu zuena.
Alex Oier, eskualdeko aktibista gaztea, bere testigantza eskaini zuena.