Lezoko Berdintasun Kontseiluaren sorrera-prozesua amaitzear dago. Elhuyarren aholkularitzarekin egingo dute Kontseilua sortzeko azken bilera, datorren astelehenean, irailaren 29an, 17:30ean, Kultur Aretoan.
Lezon Berdintasun Kontseilua sortzeko prozesuak ibilbide luzea egin du Elhuyar Aholkularitzaren gidaritzapean. Dinamizazio horri esker prozesuak behar duen bultzada eta dinamizazioa lortu du alde tekniko eta metodologikoari dagokionez. Gipuzkoako Foru Aldundiak diruz lagundutako prozesua izan da.
Ibilbidea bukaerara iristen ari da eta datorren astelehenean, irailak 29, 17:30ean egingo dute Berdintasun Kontseiluaren sortze-prozesuko azkeneko bilera. Prozesu honetan hainbat gai eta erpin landu dituzte partaideek, eta emaitzetako bat azken bileretan landutako araudia izango da. Berdintasun Kontseiluaren araudi proposamena Udalbatzan aurkeztu eta bertan onartu beharko da. Hori onartuz gero, kontseilua martxan jarri eta berezko agente moduan funtzionatu ahal izango du.
Azken urteetan mugimendu feministari eta emakume askori esker berdintasunaren arloan asko aurreratu den arren, oraindik ere lan handia dago egiteko. Hori azaleratzen dute indarkeria matxistari, lan merkatuari eta zaintza lanen banaketari buruzko datuek bai eta erabakiak hartzeko guneen eta partaidetza politikoaren inguruko estatistikek ere.
Hain zuzen ere, emakumeen partaidetzarekin lotura estua du kontseiluaren sorrerak, ekimen honekin emakumeen parte-hartzea, ahalduntzea eta protagonismoa sustatzeaz gain, berdintasun udal politikak era planifikatuan, koordinatuan eta elkarlanean egin ahal izateko espazio bat sortzeko asmoarekin hasi baitzen prozesua, mugimendu feministaren, herri-eragileen eta udalaren artean.
Eraketa prozesuaren baitan beste helburu batzuk ere zehaztu ditzute: herriko elkarteek antolatzen dituzten ekimenetan emakumeen parte hartzea sustatu eta bermatzea, berdintasunarekin edota feminismoarekin lotutako gaien inguruan hausnarketa egin eta elkarlanerako adostasun-puntuak bilatzea edota udalaren eta herritarren arteko zubiak eraiki eta berdintasun politikak herritarrei gerturatzea, besteak beste.
Helburu horiekin dagoeneko lanean aritu dira kontseiluko kideak. Prozesuan zehar gai garrantzitsua izan da herritarren ikuspuntua erdigunean jartzea, horregatik, kide bakoitza hainbat herritarrekin elkartu da Lezon berdintasunaren edota feminismoaren inguruan hitz egin eta herrian ikusten dituzten ahulguneak, aukerak, kezkak etab. biltzeko.
Esan bezala, azken bilera hilaren 29an izango da. Saio garrantzitsua izango da, besteak beste, Berdintasun Kontseiluaren sorrera prozesua amaituko delako, kontseiluaren osaera guztiz fintzeko balioko duelako eta sortze-prozesu izaerako azken topaketa izango delako. Ahalik eta iritzi eta ekarpen gehien jaso eta elkarrizketa irekitzeko tartea hartuko dugu hemendik aurrera guztion elkargune izango den Berdintasun Kontseiluaren hurrengo pausuak zehazteko.
Gainera, Berdintasun Kontseilua osatzen denean herritarrengana gehiago hurbildu eta lezoarrek erreferentzia moduan izan dezaten, sozializazio ekintza bat prestatuko dute kideek. Hori ere azkeneko bilera honetan adostuko dute eta edozein ideia edota elkarlan proposamen jasotzeko prest eta eskertuta izango direla nabarmendu dute kideek.
Orain arte Gaxuxa, Lezdi, Etxetxo, Allerru, Piztu Lezo, Ttakun eta Iruntzen Emakume Taldea elkarte eta taldeetako ordezkariak aritu dira bileretan. Edozein kasutan, ekimen irekia denez, berdintasun sailak bertan parte hartzeko gonbitea egin die berdintasunaren alde lan egin nahi duten norbanako eta eragileei.