Bidez-Bide zerbitzua osasun larrialdi egoerara egokitu du Udalak

Egokitzapenen artean, egoera aldatu bitartean, Altamiran edota landa eremuetan bizi diren adinekoen edota mugikortasun arazoak dituztenen mugikortasuna bermatzeaz gain, erosketak egin eta etxera eramateko zerbitzua ere eskainiko du.

Helburua da egoera honen aurrean ere Altamira eta landa guneko bizilagunen beharrei erantzuna ematea, guztien ongizatea lehenetsiz.

Herriko nekazal auzoetan dagoen sakabanaketak sortzen dituen arazoez jabetuta, Lezoko Udalak, 2017ko maiatzean jarri zuen martxan, Behemendi Landa Garapen Elkartearekin batera, BIDEZ-BIDE garraio zerbitzua Altamiran eta landa eremuan bizi diren adinekoen eta ezinduen edota mugikortasun arazoak dituztenen bizitza kalitatea hobetzeko helburuarekin.

Zerbitzu hori, baina, beste hainbat udal zerbitzu bezala, egoera berrira egokitu behar izan da hasierako helburu horri jarraipena eman eta erabiltzaileen bizi kalitatea eta ongizatea bermatzen jarraitzeko.

Gauzak horrela, COVID19ak sortutako egoerari erantzuna emate aldera, Bidez-Bide garraio zerbitzuak, Altamira auzoan edota landa eremuetan bizi diren adinekoen edota ezinduen zein mugikortasun arazoak dituzten bizilagunen mugikortasuna bermatzen jarraitze aldera, ondorengo zerbitzuak eskainiko ditu:

  • Larrialdiei erantzun: mediku hitzorduetara joan-etorriak mugitzeko beste aukera edo garraiorik ez dutenentzat.
  • Enkarguak egin eta etxera eraman: medikamenduak, elikagaiak edo bestelako gestioak etxetik mugitu ezin edo nahi ez duten adinekoentzat edota mugikortasun arazoak dituztenentzat.
  • Garraio zerbitzua etxetik mugitzeko beste aukerarik ez dutenentzat eta nahitaez herriko zerbitzu zein dendetara hurbiltzeko beharra dutenentzat.

Horretarako, beharra duten bizilagunek zerbitzuaren arduradunarekin harremanetan jarri behar dute  690 769 466 telefonoan.

Zerbitzuak, noski, doakoa izaten jarraituko du eta astelehenetik ostiralera eskainiko da goizeko 8:00etatik eguerdiko 13:00etara.

Arloa edo saila