Konposta guneen jarraipen bisitak aurrera jarraitzen dute Lezon, beharrezko segurtasun neurriak hartuta

Hurrengo bisitaldia hilaren 30ean egingo da eta egungo egoeraren ondorioz, segurtasun neurriak mantentze aldera, publikorik gabe egingo dira, horrenbestez, erabiltzaileei guneetara ez bertaratzeko eskatu zaie.

Era berean, Udaletik etxeko hondakin organikoak konpostajearen bidez kudeatzen jarrai daitekeela gogorarazi dute, betiere, segurtasun eta higiene neurriak mantenduz.

2020rako bisiten egutegia jarraituz, datorren hilaren 30ean Lezoko konposta guneen jarraipen bisitak egingo da. Ohi bezala, bisitaldi horiek 9:00etan hasiko dira eta ondorengo ordena jarraituko dute: Altamira, Andreone, Aralar, Arretxene eta Lopene.

Dena den, COVID19ak sortutako osasun larrialdi egoera kontutan hartuta, oinarrizko segurtasun neurri zein arauak jarraituz, bisitak publikorik gabe egingo dira, horrenbestez, erabiltzaileei guneetara ez bertaratzeko eskatu zaie.

Era berean, etxeko hondakin organikoak konpostajearen bidez kudeatzen jarrai daitekeela gogorarazi dute Udaletik, betiere beharrezko segurtasun eta higiene neurriak mantenduz. Horien baitan gune batean 2 erabiltzaile baino gehiago ez elkartzea edota segurtasun distantziak mantentzea gomendatzen da, baita hondakin organikoak konpostagailura sartu ondoren, nahasterako garaian (ohitura izanez gero) maskarila edota eskularruak erabiltzea ere.

Hala eta guztiz ere, momentuz ez dago COVID19a sortzen duen birusa konpost bidez transmititu daitekeen inolako adierazlerik. Izan ere, konpost guneak ondo zaintzea onuragarria da, konpostagailuek baldintza onetan lor ditzaketen tenperaturak funtzio higieniko argia baitu: birus zein bakteriak desagerraraztea, alegia, kalitatezko konposta lortuz.  Horretarako, baina, ahalik eta tenperatura altuenak lortu behar dira.

Gauzak horrela, datozen 5 bisitek hileroko maiztasuna izango dute,  urteko hilabete beroenetan lezoarren konpostagailuetan emaitza onak lortzen laguntzeko. Horrela, apirilean egindako bisitaren ostean, hurrengoak maiatzean, ekainean, uztailean eta irailaren hasieran burutuko dira eta aurreko bisiten dinamika berdina jarraituz, konpostagailuen azterketaren emaitzen txostena bidaliko zaie erabiltzaileei.

Aldi berean, Aralar guneko berregituraketa, momentuz, bertan behera utzi dela jakinarazi du Udalak eta amaitzeko, lezoarrak animatu ditu konposta egiten jarraitzera.

Kontaktua

Erabiltzaileek zalantzak izanez gero, edo familia berriek izena eman nahi izanez gero, udaletxearekin edo aholkularitza teknikoarekin harremanetan jar daiteke: auzokonpostalezo@gmail.com //  WhatsApp 647 057 402.

Arloa edo saila