Udalak, Koldobike Gezala eta Josetxo Etxandi omenduko ditu Santakrutzetan

Az, 2018-09-12 16:55

Herriko kirolari horien ibilbideak balioan jartzeko asmoz, plakak jarriko dira Bekoerrota eta Goiko Plaza frontoietan. Hori dela eta, finalak hasi baino 10 minutu lehenago pilotalekuan egotea eskatzen da

Urtero bezala, Santakrutzetan Josetxo Etxandiren oroimenezko pilota txapelketen finalak jokatzen dira; alde batetik, federatuenak eta, bestetik, txapelketa herrikoiarenak. Aurtengoa, txapelketaren 43. edizioa izan da.

Herria festa giroan murgilduta, Udalak bi pilotari lezoar omenduko ditu: Koldobike Gezala eta Josetxo Etxandi. Horretarako, Bekoerrota eta Goiko Plaza pilotalekuen izenak aldatuko dira, horiei emango zaien deitura berriekin plakak jarriz, hau da; Koldobike Gezala eta Josetxo Etxandi, hurrenez hurren.

Omenaldiak eta finalak

Lehen finalak ostiralean jokatuko dira, irailaren 14an, alegia. Horiek, federatuenak izango dira, eta hauek izango dira finalak: lauterdian banaka Ariztegi - Atutxa; lehen mailako afizionatuak Santxo eta Gorrotxategi – Zubizarreta eta Garmendia; eta etorkizuneko izarrak Alberdi eta Bikuña – Elola eta Elizegi. Hau, arratsaldeko 17:30ean, Bekoerrota kiroldegiko frontoian jokatuko da eta partidua hasi baino 10 minutu aurretik Koldobike Gezala, emakumeen kirolean aitzindari izan zen emakume raketista, omenduko da. Pilotalekuari Koldobike Gezala izena emango dion plaka jarriko da eta Gezalaren senitartekoei lore sorta eta oroigarria emateaz gain, aurreskua dantzatuko zaie.

Igandean, berriz, 17:30etan hasita, herri mailako finalak jokatuko dira Goiko Plaza frontoian. Finalaurrekoak gaur arratsaldean jokatuko dira eta, beraz, oraindik ez dira finalistak ezagutzen. Baina, finalak jokatzen hasi aurretik frontoiari Josetxo Etxandi izena emango dion plaka jarriko da eta, kasu honetan, Etxandiren senitartekoei lore sorta eta oroigarria eman eta aurreskua dantzatuko zaie.

Era horretan, Lezoko Udalak eta herriak, bi kirolari hauek omenduko ditu, haien ibilbideak eta lorpenak, frontoietan eta haietatik kanpo lortutakoak, balioan jarriz. 

Arloa edo saila