Badatoz Mendekosteak, aurten ere ekitaldiz josiak

Ekainaren 7an emango zaie hasiera 2019ko Mendekoste jaiei Zabarreren ongi etorriarekin eta urteroko ekimenez zein berriez gozatu ahal izango dute herritarrek

Udaletik jaiak arduraz eta errespetuz bizitzeko eta gozatzeko eskatu dute, Mendekoste jaietan ere parekidetasunaren alde egiteko

Mendekosteak jai alai eta atseginak izan daitezen hainbat ekimen ezberdin antolatu dira.  Gaurko agerraldian aurtengo egitarauaren berri eman dute Lezoko alkate Jesus Mari Martiarenak, Gizarte Ongizate eta Berdintasun zinegotziak, Noemi Arberasek eta Kultur teknikariak, Xanti Valek.

Aurtengo jaietako programa osatzen duten eta hori garatzen lagundu duten talde zein eragile guztiei eskerrak eman dizkie alkateak beste behin eta, jarraian, kultur teknikariak egitaraua aurkeztu du.

Urteroko ekimenak eta berrikuntzak biltzen ditu aurtengo egitarauak. Urtero legez, Zabarreren ongi etorriarekin emango zaie hasiera jaiei, ostiralean, ekainaren 7an eta larunbat goizean, aldiz, Lezo Herri Eskolako patioko muralaren margoketa egingo da. Gauean The Bane, Ordu Txarra, The Jaig Taldea eta Half 8 lezoar taldeek kontzertua emango dute eta Gonapeka, MCOnak eta Las Tea Party taldeek jarraituko dute gau musikalarekin.

Igandean, dultzaineroen dianarekin hasiko da eguna. Aurrerago, Herri kirolen erakustaldia izango da Gurutze Santuaren plazan; harria, aizkora eta txinga erakustaldiekin. Arratsaldean Tio Teronen semeak taldearen “FreshCool” dantza emanaldiaz gozatzeko aukera izango da eta gaueko 21:45ean zezen suzkoarekin emango zaie amaiera aurtengo Mendekoste jaiei.

Aurtengo jaietan ere berdintasuna bermatuz

Errespetua eta berdintasuna bizikidetzaren oinarri izanik, jaietan ere, arduraz eta errespetuz jokatzeko eta gozatzeko eskatu dute Udaletik.

Ildo horretan, jai euskaldun, jasangarri eta bereziki parekideak bermatze aldera, Udalak,  eraso sexistarik gabeko jaien alde egiteko helburuarekin, sentsibilizazio eta kontzientziazio kanpaina egingo du. Horiek horrela, jaien egitarauarekin batera, eraso sexisten aurrean laguntza eskatzeko telefono zenbakia edo jarraitu beharreko protokoloaren inguruko informazioa  jasoko dute lezoarrek etxean. 

Horrez gain, iaz egin bezala, “indarkeriarik gabeko gunea” jarriko da, aurtengoan Saldise plazan, ekainaren 8an, 19:00ak eta 22:00ak bitartean. Gune hori eta aipatu protokoloa Ministerio de la Presidencia, Relaciones con las Cortes e Igualdad (Secretaría de estado de Igualdad) ministerioek, Pacto de Estado contra la violencia de genero deituriko itunaren bitartez lagunduko ditu diruz. 2017an onartu zen itun hori Espainiako Diputatuen Kongresuko Batzarrean, eta horri jarraiki, Lezoko Udalak 1.773,50 euroko diru-laguntza jaso du berdintasuna bultzatu eta bermatzeko ekintzetara bideratzeko.  

“Indarkeriaren gabeko gunearen” helburua izango da eraso sexista, matxista, homo-les-trans+fobo eta arrazakeriarik gabeko jaiak aldarrikatzea eta herritar guztiei dei egiten zaie karpatik pasa eta bertan banatuko diren txapak, kartelak eta jaietako protokoloa jasotzera jaietan soinean eraman ditzaten.

Euskal Jaiak ere laster datoz

Aurten Mendekosteetatik gertu dira Euskal Jaiak, ekainaren 14tik 16ra bitartean, eta gainera, Tiñelu Elkarteak Sagardo eguna azken jai hauetan antolatzea erabaki du. Gurutze Santuaren plazan izango da ekainaren 15an. Nabarmentzen dira ere Giza Probak, non emakumeen presentzia jokoetan areagotu egingo den aurten.

Egitarau osoa:

 

Ekainak 7, ostirala

17:45- Zabarreren ongietorria kaian.

18:00- Añorgako “Gure Kabia” eta Lezoko “Aiton Borda” abesbatzen emanaldia Gezalan.

19:00- Zabarre, udaletxeko atarira iritsiko da. Jarraian, Pirata txikiek hasiera emango diote jaiari pregoiaren irakurketarekin. Aurten, alkatesa txikia Ane Vicente Oiaga eta alkate txikia Julen Hernández Macho izango dira. Ondoren, Murixkaren agurraz gozatzeko aukera egongo da, eta Munttar txistulari taldearekin eta Buruhaundi eta Erraldoiekin kalejira egingo da.

20:00- Preso eta iheslarien aldeko kartelada.

21:00- Piraten afari autogestionatua ospatuko da Gurutze Santuaren Plazan. Amaieran DJ Iker eta, jarraian, Oharkabe musika taldearekin erromeria Karlos Saldise plazan.

 

Ekainak 8, larunbata

9:30- Diana Eskualdeko dultzaineroekin.

10:00- Lezo Herri Eskolako patioko muralaren margoketa.

10:00- Toka eta bote txapelketa Goiko plazan.

12:00- Buruhandi eta Erraldoien kalejira Munttar txistulari taldearekin Bekoerrota kiroldegitik abiatuta.

12:00- XX.mende hasierako erromerien dantzak herrian zehar.

13:00- Musika Eskolako banda eta Lezoko Dantzazaleen emanaldia Gurutze Santuaren plazan.

16:00- Truk txapelketa Tiñelu elkartean.

17:00- Xake txapelketa kaialdeko arkupetan.

17:30- Pilota eskolako partidak: alebinak eta infantilak, Josetxo Etxandi frontoian.

18:00- Muxikoak herrian zehar.

19:00- Buruhaundi eta erraldoien kalejira Munttar txistulari taldearekin Bekoerrota kiroldegitik abiatuta.

19:00- Pintxopotea Karlos Saldise plazan.

19:30- The Bane, Ordu Txarra, The Jaig eta Half 8 Tomas Garbizu Musika Eskolako

taldeen kontzertua.

22:00- Zezen suzkoa Gurutze Santuaren plazan.

23:30- Kontzertuak Karlos Saldise plazan: Gonapeka, MCOnak eta Las Tea Party.

 

Ekainak 9, igandea:

9:30- Diana Eskualdeko dultzaineroekin.

10:30-  Pintxo lehiaketa haur eta gaztetxoentzat Karlos Saldise plazan.

12:00- Herri kirolen erakustaldia Gurutze Santuaren plazan. Iban Ugartemendia harrian, eta Jon Etxeberria eta Aratz Mugerza aizkora lanetan. Karmele Gisasola txingak eta harria.

12:00- Buruhaundi eta Erraldoien kalejira Munttar txistulari taldearekin, Karlos Saldise plazatik abiatuta.

16:00- Altxorraren bila. Irteera Gurutze Santuaren plazatik. Mozorrotuak etorri!!

17:30- Tio Teronen Semeak: “Festamendua” dantza emanaldia.

19:30- Erromeria "Estangatarren" eskutik.

21:45- Zezen suzkoa Tomas Garbizu Lezoko Udalaren Musika Eskolako bandarekin Gurutze Santuaren plazan.

Arloa edo saila