Ekintza egitarau anitz eta oparoa datozen hilabeteetarako

Og, 2020-01-02 11:16

Beste behin Lezoko herritarrak kultur giroan murgiltzeko helburuarekin hainbat jarduera antolatu ditu Udalak haur, gazte eta helduentzat.

Urtarriletik maiatzera bitartean, beraz, 40 ekintza eta ekitaldi baino gehiago izango dira aukeran eta horien artean nagusi dira: Lesoinu, dantza emanaldiak, haurrentzako antolatutako jarduerak….

Egitaraua urtarrilaren 3tik aurrera banatuko da etxeetan eta horrez gain, hainbat kartel jarriko dira herriko puntu esanguratsuetan: eskolak, komertzioak, kultura aretoa, Musika Eskola eta liburutegia.

Urte berria kultur ekintzez josia datorkigu Lezora, izan ere, Udalak aurkeztu berri du urtarriletik maiatzera bitartean antolatutako kultur egitaraua.

Beste behin, liburutegiak, Musika Eskolak eta Kultur sailak antolatutako ekintzekin osatu da egitaraua, honi indarra eta entitate berezia eman eta herritarren artean kultur produkzio berriak eta bereziki etxeko txikienen artean arte eszenikoak ikusteko ohiturak eta aukerak sustatu eta bermatzeko. Gauzak horrela, benetan egitarau anitz eta oparoa osatu dute guztiek elkarlanean eta datozen hilabeteak kultur ekintzez josiak egongo dira Lezon. Horien artean, protagonismo berezia izango dute Lesoinuk, dantza emanaldiek, kontzertuek…

Era berean, oraingoan ere, ohikoa den bezala, haurrei zuzenduriko ekintza eta ekitaldi ugari antolatu dira, besteak beste “Pirata arratoia”, “Udare erraldoiaren istorio harrigarria” edota “MR.Link: Jatorri galdua”, zine emanaldiak, “El patito feo”, “Mari eta gaileta fabrika” edota “Hansel eta Gretel” antzerki emanaldiak eta noski, zinema familiako bi emanaldi ere.

Gauzak horrela, guztira, 15 dira etxeko txikienentzat antolatutako ekitaldiak. Esan bezala, helburua da haurren ohituretan kultur jarduera ikuskizunak txertatzea eta herriko haurrei kultur aukera berriak eskaintzea, txiki-txikitatik kulturaz gozatzen eta kultura kontsumitzen has daitezen.

Edozein kasutan, ekitaldien sarreren prezioa sinbolikoa izango da: 2 euro eta ohikoa den bezala, bonoak ere sortu dira: 6 euroren truke 6 sarrera eskuratu ahal izango dira. Horiek, astelehenetik ostiralera Kultur Aretoan lortu ahal izango dira, 9:00etatik 13:00ak bitartean.

 

Dantza eta musika nagusi

Datozen hilabeteetan, halaber, musikak eta dantzak ere protagonismo berezia izango dute Lezon.

Guztira 3 dantza emanaldi eskainiko dira lehenengo sei hilekoan.  Zein baino zein bereziagoa. Oraingoan ere, estatu eta nazioarte mailako emanaldiak txertatu dira egitarauan, eta horrenbestez, dantzari dagokionean ere, Euskal Herriko artistez gain, Frantzia edo Kataluniakoez ere gozatu ahal izango dugu.

Horiek horrela, ohi den bezala, ekitaldi guztiak igandeetan eskainiko dira, 20:00etan Gezala Auditorimean. Lehena, urtarrilaren 12an dantza emanaldia izango da: “Gorpuztu”. Hilaren 26an “Le Fumiste” izango da, otsailaren 2an “Ene ba!”, 16an “Mi padre es un ogro” eta martxoaren 1ean “Oxido”.

Musika ekitaldiak ere nagusi izango dira. Batetik, kontzertuak izango dira eta bestetik, Lesoinu ekimena ere ospatuko da. Kontzertuen atalean nagusi izango da martxoaren 5ekoa. Izan ere, egun horretan, Belgika eta Kanadatik etorriko diren musikariek berriki Jon Makuso lezoarrak berreskuratutako Tomas Garbizu konpositorearen “kontzertu magikoa” joko dute, biolin eta pianoan, 19:00etan Gezalan. Eta obrak dioen bezala, benetan kontzertu berezia izango da hori.

Horrekin batera, martxoaren 6an “Rock Clasical Trio” emanaldia eskainiko da, rock-a eta doinu klasikoak uztartzen dituen emanaldia, alegia, eta 29an, “Ghost number & His Typsie Gypsie” deiturikoa. Aurrerapen moduan, halaber, ekainaren 13an, Euskal Jaia egunean, alegia, Tenpora taldea izango da Lezon.

Ekitaldi eta emanaldi horiez guztiez gain, noski, literatur solasaldiak, kantujirak, antzerki emanaldiak eta dokumentalak ere egongo dira aukeran.

Lesoinu

Eta musika ekitaldiei jarraipena emateko, martxoa eta apirila bitartean, Lesoinu egitasmoaren ziklo berri bat ospatuko da eta horren baitan, hainbat eta hainbat emanaldi eskainiko dira: kontzertu pedagogikoa, kalejira, diana, abesbatzaren emanaldia….

Egitaraua APP-an eskuragarri

Amaitzeko, kultur egitarau osoa Lezoko Udaleko APPan eskuragarri egongo da. Era berean, urtarrilaren 3tik aurrera banatuko dute etxeetara eta kartelak jarriko dira herriko puntu esanguratsuenetan.

Arloa edo saila