Kirol politika

Kirola egitea osasuntsua izateaz gain, ekimen sozial garrantzitsua izan da gizarte guztietan aspaldidanik.

Gure gizarteak azken urteotan izan duen bilakaeran are garrantzitsuagoa bihurtu da eta bere bi alderdiak (osasunarena eta soziala) indartu egin dira.

Hori kontuan izanik, Lezoko Udalak garrantzitsua irizten dio bere eskura dituen baliabideak jartzea kirola bultzatzeko.

Kirola bultzatzeko arrazoi horiez gain, Lezoko Udalak badu oinarrizko printzipio zenbait ere. Hona hemen labur eta xehe emanak:

  • Eraikitzen ari garen Euskal Herria gizarte osasuntsu eta bizia izatea nahi dugu. Kirola horretarako bide eraginkortzat jotzen dugu.
  • Ekimen horretan lehiaketa hutsak edo eliteko kirolak berarekin dakartzan zamak (lehiakortasun gordina) alde batera utzi eta, kirol jardun parte-hartzaile eta hezitzailea bultzatu nahi dugu.
  • Kirola era indibidual nahiz kolektiboan egin daiteke. Denak dira beharrezko. Udal ekimenak, ordea, ekimen sozial iraunkorra lehenetsi behar du, alegia, herri osoaren parte hartzeari zabalik daudenak. Izan ere, horiek dira jarritako helburuetarako interesgarrienak eta eraginkorrenak.
  • Lehiakortasuna baino egokiago ikusten dugunez parte hartzea, kirolean jardutea adin eta gizarte talde guztien eskura jarri beharreko aukera delakoan gaude.
  • Hein berean, gizadiaren tradizioak mendez mende sortu dituen kirol guztiak iruditzen zaizkigu garrantzitsu. Hori dela eta, Lezon kirol aniztasuna bultzatu beharrekoa delakoan gaude.
  • Aniztasun horren erdian, ordea, Euskal Herrian sortu edo luzaroan erroturik egon diren kirolek lehentasun berezia hartzen dute, eta era horretan bultzatu behar direlakoan gaude.