2013ko azaroaren 13a, ezohikoa

Agiri mota

Lezoko Udaletxeko Biltzar Areto Nagusian, 2013ko azaroaren 13an, asteazkena, arratsaldeko 19:00etan, eratu da OSOKO UDALBATZA EZOHIKOA egiteko xedez, lehen deialdian, Ainhoa Zabalo Loiarte alkatearen lehendakaritzapean eta ondorengo zinegotzi hauek bertan direla: Mikel Arruti Salaberria, Eneko Lartige Zabaleku, Angel Portugal Formoso, Naroa Tubilla Ziganda, Luis Garrido Corral eta Miren Tarragona Perez (BILDU udal taldekoak)

Ez dira bileran egon Ainhoa Intxaurrandieta Ezkurra eta Garazi Kuesta Unzain (BILDU udal taldekoak), Kepa Garbizu Azkue, Xubero Ubillos Apaolaza eta Enrique Figueroa Laboa (EAJ-PNV udal taldekoak) eta Mikel Antxon Arrizabalaga Brusín (Eusko Sozialistak-Socialistas Vascos).

Bertan da eta egintzaren fede eman du udal idazkaria den Xabier Loiolak.

Alkateak hartu du hitza eta ezohiko plenoa egiteko beharra ikusi duela esan du, epaiketa, azaroaren 18an ospatzen baita, hau da, Lezoko Udalean azaroaren 28rako aurreikusia dagoen ohiko plenoa baino lehenago. Horregatik, mozioa, epaiketa baino lehen tratatu behar zela ikusirik, ezohiko bilkura deitu du.

1. MOZIOA: AHTren aurkako Lezoko Plataformaren izenean eta EH BILDU udal taldeak sinatuta, Yolanda Barcinari tartak jaurtitzeagatik auziperaturik dauden lau kideen aldeko elkartasun manifestuarekin bat egitea.

Herritar batek irakurri du mozioa. Honela dio:

“2011 urteko urriaren 27an, Nafarroako lehendakari Yolanda Barcina tartakatu zuten hiru lagunek, Pirinioetako Lan Komunikatea Toulousen ospatzen ari zen osoko bilkuran. Une batez, merenge gozoz estalia egon zen Barcinaren aurpegia. Ekintza haren bidez, AHTren aurkako Mugitu! desobedientzia mugimenduak Yolanda Barcina salatzen zuen, hain zuzen ere Euskal Herrian oposizio zabala jaso duen AHTren inposaketaren erantzule nagusia bera zelako ekitaldi hartan. Toulousen tartalariak aretotik kanporatu zituzten segurtasun zaindariek besterik gabe, eta ez zen protesta ekintzaren ondorioz atxiloketarik eta identifikaziorik egin. Alabaina, Nafarroara bueltan, Foruzaingoak tartalariak atxilotu eta “agintariaren aurkako atentatua” egin izana leporatuta Espainiako Entzutegi Nazionalean inputatu zituen, salbuespenezko auzitegi horrek beretzat hartu duelarik akusatuak epaitzeko ahalmena. Gainera, laugarren pertsona bat akusazio berarekin auzipetua izan da geroztik, Toulouseko protestan eta Iruñean ekintzaren arrazoien berri emateko hurrengo egunean egin zen prentsaurrekoan parte hartzeagatik. Egun, Entzutegi Nazionalak azaroaren 18an jarri du epaiketa egiteko data, 5 eta 9 urte arteko kartzela zigor eskariekin.

Abiadura Handiko Trena ekologia arloan suntsitzailea eta ekonomikoki porrot egin duen egitasmoa da. Lurrari eraso, energia xahutu, zarata arazo larriak sortu, hipermugikortasuna areagotu eta herri txiki nahiz hiri ertainen kaltetan lurraldea hirigune handietan are gehiago zentralizatzera datorren garraiobide elitista da AHTa: herritarren gehiengoak inoiz edo behin erabiltzen du, eta gutxiengo batek soilik baliatzen du maiztasunarekin. Bestalde, AHT bezalako azpiegitura-lan handietan baliabide publiko kopuru itzelak xahutzen dira, eta zarrastelkeria hori murrizketa sozialen eragileetako bat da.

Hori gutxi balitz, agintariak AHTren kostu soziala, ekonomikoa eta ekologikoa nahita ezkutatzen aritu dira azken hogeitabost urteetan zehar; egitasmoaren ustezko onurez gezurretan ihardun dute eta AHTren aurkako oposizioari irain egin diote kriminalizatu ez dutenean; eta kasu askotan ustelkeriaz aberastu dira, Bárcenasen paperek erakusten duten moduan. Agintariengandik nozitu dugun prepotentzia eta engainuzko jarrera hori nabarmen agertzen du Yolanda Barcinak.

Gauzak horrela, gure ustez erabat ulergarriak eta zilegiak dira Yolanda Barcina eta haren gisara AHTren inposaketaren erantzule diren agintarien “tartakatzea” bezalako ekintza herrikoiak. Finean, egitasmo horren benetazko ondorio ekonomiko eta sozialen inguruan gezurrak esanez eta AHTren eragin kaltegarriak ezkutatuz inposatu den proiektu txikitzaile horren aurka protesta egiteko bide justua da hori. Aldiz, lau ekintzaile hauei ezarri nahi zaizkien 5 eta 9 urte arteko kartzela zigorren erabateko proportzionaltasunik eza eta larritasuna salatzen ditugu: izan ere, halako kriminalizazio batek mendebaldeko inongo herrialdetan ez du parekorik, agintarien tartakatze ekintzak lege-hauste arin gisa ebazten diren auziak baitira nonnahi, apenas ondorio legalik ekarri ohi ez dutenak. Hau guztia, gehienetan absolbituak diren politikari gezurti eta ustelekin Justiziak agertu ohi duen eskuzabaltasunarekin aldera daiteke gero.

Horregatik guztiagatik, AHTren eraikuntza lanak gelditzeko eta Barcinaren aurpegia gozotu zuten tarten auziarengatik Espainiako Entzutegi Nazionalean lau pertsona hauen aurka zabaldutako prozesua bertan behera uzteko exijitzen dugu. Gainera, auzi honek edozein kasutan Toulouse epaitua beharko zuen, gertakarien tokian. Beraz, epaiketa honek “injustizia penala”ren osagarri guztiak biltzen dituela esan dezakegu ezbairik gabe: bestek beste, Entzutegi Nazionala bezalako salbuespenezko auzitegi batez baliatzen delako disidentzia soziala erreprimitzeko, eta kode penal geroz eta errepresiboagoak aplikatzen direlako desobedientzia zibila kriminalizatzeko. Eta auzi honen amaierak behingoz AHTren eta gainerako azpiegitura erraldoi eta txikitzaileen behar gabeziaz eta kaltegarritasunaz jabetzeko balio dezan nahi dugu.

Gehiegizkoa den egoera juridiko honen aurrean eta lau auzipetuetako bat (ibon Garcia Garrido) Lezoko bizilaguna denez; Oarsoaldeako AHTren aurkako taldetik, udal honi ondorengoa eskatzen diogu:

1. Yolanda Bartcinari tartak jaurtitzeagatik auzipeturik dauden lau kideen aldeko elkartasun manifestuarekin bat egitea.
2. Komunikabideetan eta ahal diren bideetatik, egoera honen salaketa zabaltzea.
3. Ahal balitz, epaiketa prozesuan udaletik begirale bat bidaltzea.
4. Ahal balitz, prozesu judizial honek eragiten dituen gastuei aurre egiteko laguntza ekonomikoa. (Kontu korrente zbkia: 3035.0068.08.0680058591 Laboral Kutxa)”


Mozioa, aho-batez onartu da bilkuran diren zazpi zinegotzien aldeko botoekin (BILDU udal taldekoak).

Alkatea mintzatu da eta esan du, mozioan eskatzen diren lau puntuetatik, 3.puntua ez dutela beteko, agenda kontuak direla eta epaiketara, udaleko zinegotziak ezin izango dutela joan.

Herritar batek hitza hartu du, eta Abiadura Handiko Trenaren aurkakoentzat, errepresioa ikaragarria dela dio. Epaituko dituztenekin elkartasuna adierazteko Iruñean larunbatean egingo den manifestaziora dei egin dute eta epaiketa egunerako Madrileko epaiketara joango den autobusaren berri eman dute.

Aktaren amaiera.

Beste aztergairik geratzen ez denez, alkate-lehendakariak 19:15ean eman dio buru bilkurari. Eta nik, idazkari naizen aldetik, akta 930189tik 930191ra arteko zenbakiak dituzten orri ofizialetan jaso eta horren guztiaren fede ematen dut, eta bilkuran izan diren zinegotzi guztiek izenpetu egin dute akta hau.

Eguna