Azaroaren 25eko kanpaina, prest

Azaroaren 25aren harira, indarkeria matxistaren kontrako kanpaina jarriko da martxan Lezon.
-    Aurreko urteetan bezala, zapi gorriz jantziko da  Lezo, indarkeria matxistaren aurkako aldarrikapen gisa eta horrez gain, zapata gorriak jarriko dira dendetan eta txapa moreak banatuko dira.
-    Azaroaren 6an hasiko da egitaraua, “7 Diosas” bideoforum-arekin,  12an, “Quien bien te quiere te hará reir” klownferentzia, 13an kamara kontzertua eta, 20an, “Ez da kasualitatea” bertso saio musikatua izango dira, guztiak Gezalan.
-    Azaroaren 22an, Emakumeen korrika taldearen lehen hitzordua izango da, 19.00etan, kiroldegiko frontoian.
-    Abenduaren 18an. Autodefentsa feminista ikastaro trinkoa egingo da neska gazteentzat (16-18 urte) kiroldegian, eta izen-ematea hilaren 26ra arte egin behar da kiroldegian.

Datorren azaroaren 25ean Indarkeria Matxistaren kontrako Eguna da. Horren harira, urtero bezala, Lezoko Udalak kanpaina berezia antolatu du herriko zenbait eragilerekin elkarlanean: Lezoko Emakumeak eta Gaxuxa taldeak Kuadrillategi, Osasun Zentroa, Musika eskolako ikasleak, Lezo Institutua, Herri Eskola eta Pasaia-Lezo Lizeoa ikastetxeak, alegia.

Kanpainaren bitartez, indarkeria matxista gaitzetsi eta berdintasuna aldarrikatu nahi dira.

Konfinamenduak, mugimendu-murrizketak eta harreman-mugak indarkeria matxista ugaltzeko haztegi bat izan dira eta kasuak areagotu egin dira.

Egoera larri horren aurrean, kezka azaldu du Lezoko Udalak eta inoiz baino gehiago, herritarrak azaroaren 25aren harira antolatutako ekintzetan parte hartzera gonbidatzen ditu, indarkeria matxistari aurre egitea guztion ardura delako eta indarrak batzea ezinbestekoa delako.

Egitaraua

Urtero legez, zapi gorriak nagusi izango dira kanpainan, 2003tik aurrera eraildako emakumeen izenak daramatzaten zapiak, eta balkoietan zintzilikatuko dira horiek, indarkeria matxista gaitzesteko eta Lezo indarkeria sexistari aurre egiten dion herria dela irudikatzeko. Era berean, zapata gorriak ipiniko dira dendetan, osasun zentroko kideek margotu eta banatutakoak.

Aurten, duela bi urte bezala, Gaxuxa emakumeen taldeak eta Kuadrillategikoak arduratu dira zapiak egiteaz; Gaxuxak zapiak moztu eta Kuadrillategikoek eraildako emakumeen izenak idatzi dituzte bertan. Interesa dutenek azaroaren 15eko astean jaso ahal izango dituzte udaletxean, txapa moreekin batera. Zapiak hilaren 22tik 28ra zintzilikatu beharko dira etxeetako balkoietan, eraildako emakumeen izena eta izana gogora ekartzeko. 

Esan bezala, azaroaren 6, 12, 13 eta 20an egingo dira egitarauko ekimen nagusiak. Hala, hilaren 6an “7 diosas“ zineforuma antolatu du Gaxuxa elkarteak (18:30, Gezala). Loredi Salegi adituak gidatuko du saioa. Filmak kultura maila eta klase ezberdineko Indiako zazpi emakumeren bizitza erretratatzen du. Errelatoak Indian eta beste herrialde askotan oraindik ere bizi-bizirik dauden ohitura eta praktikak jartzen ditu ezbaian: sexu-erasoak, emakumeen diskriminazioa, genero rol eta estereotipoak, behartutako ezkontzak, homosexualitatea… eta euren eskubideen aldeko emakumeen borroka mahaigaineratzen da.

Bestalde, hilaren 12an, “Quien bien te quiere te hará reír” klownferentzia antolatu du Gaxuxak, Gezalan, 19:30etan. Helduei, gazteei eta nerabeei zuzendutako eta indarkeria matxistari buruz gogoeta egin, sentsibilizatu eta horri aurre egitea helburu duen  umorezko klownferentzia da hori.

Hilaren 13an, Musika Eskolako kamara kontzertuaren txanda izango da, Gezalan, 12:30tan. Eskolako irakasleek jardungo dute bertan.

Azaroaren 20an, 19.30etan, Gezalan “Ez da kasualitatea” bertso-saio musikatuaz gozatzeko aukera izango da, Lezoko Emakumeak taldearen ekimenez. Ikuskizun horretan emakumeak dira nagusi taula gainean, bai bertsolari zein gai-jartzaile lanetan eta ez da kasualitatea. Umorea, jolasa, gogoeta, emakumeen arteko konplizitatea, musika eta bertsoa uztartzen dituen saioa da hori.

Azaroaren 22an, Emakumeen Korrika taldearen lehen hitzordua izango da, kiroldegiko frontoian, 19:00etan. Ekimen horren bidez, emakumeen kirola eta ahalduntzea bultzatu eta belaunaldi ezberdinen arteko harremanak sustatu nahi dira. Astean behin izango da korrika saioa, begirale batekin, eta bertan jardun nahi duenak gerturatu besterik ez du

Azkenik, abenduaren 18an, eta neskatxa gazteei begira (16-18 urte). Autodefentsa Feminista ikastaro trinkoa egingo da kiroldegian. 10.00etatik - 14.00etara eta 16:00-20:00etara. Izen-ematea hilaren 26ra arte egin behar da kiroldegira joz edo telefonoz deituta. 943-510311

Egitarauko ekimen guztiak muxu truk dira eta ikuskizunetarako sarrerak salgai daude dagoeneko udaleko webgunean.

 

Arloa edo saila