Lezoko emakumeak argazkitan

Az, 2021-12-15 09:55

Lezoko hezkidetza mahaia osatzen duten eragileek (Berdintasun saila, osasun zentroa, Lezo institutua, Kuadrillategi, Pasaia-Lezo lizeoa, Herri Eskola, Haurtxokoa eta kale hezitzaileak) herriko emakumeei buruzko argazki erakusketa antolatu nahi dute, Martxoaren 8aren harira. Hain zuzen ere, beren ogibide (dendari, irakasle, emagin, erizain, baserritar, kirolari, aktore, bertsozale, kantuzale…),  zaletasun, izaera edo bestelako arrazoiak tartean, herrian, garai batean ezagun izan ziren edo gaur egun, edozein arlotan nabarmentzen diren andreen erretratuekin osatu nahi dute erakusketa.  

Ekimenaren helburua, memoria historiko eta aitorpen ariketa bat egin eta emakumeek historian barrena, zein gaur egun herriaren bilakaeran betetako rol eta funtzio garrantzitsuak ikusaraztea da.

Hori dela eta, hezkidetza mahaitik dei egiten zaie herritarrei euren familiako emakumeen argazkiak bilatu eta udalaren eskura utz ditzaten, aipatutako erakusketa osatu ahal izateko. Esan beharrik ez dago, ondoren argazkiak bueltatuko zaizkiela euren jabeei.

Garai bateko zein gaur egungo argazkiak izan daitezke, eta udalean aurkeztu beharko dira, urtarriletik aurrera, paperean edo eskaneatuta edota webgunean prestatuko den atalean, honakoak aipatuz: erretratutako lagunaren izen-abizenak, adina eta jaiotze data, bizitokia, ofizioa, zaletasuna, seme-alabak…

Gauzak horrela, Gabonen atarian gauden honetan, une aproposa izan daiteke etxeko emakumeak gogora ekarri (ama, amona, birramona, herenamona, iloba, biloba alaba, ahizpa, izeba…), oroitzapenen kutxan begiratu, bertako argazkiak atera eta emakume, neska, gazte eta andre horiei guztiei omenaldi xume bat egiteko. Animatu!

Ekimenari buruzko informazio gehiago urtarrilean.

Arloa edo saila