BIBE proiektua amaitu da Lezon

Al, 2025-10-27 11:54

BIBE proiektuak hilabetetako ibilbidea izan du Lezon, eta ostiralean eman zioten amaiera ehun pertsona inguru bildu zituen ekitaldian.

Gipuzkoan, 57 urtetik gorako hamar pertsonatik zazpik ez diete eskualdatu nahi beren ondorengoei edo senideei beren zaintzaren ardura.

Horixe da BIBE (Bizitza Berria eta Betea) proiektuaren ondorioetako bat. Proiektu hori Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak sustatu dute ADINBERRIren bidez, eta Lezon garatu da. Ekimen horren xedea zen Gipuzkoak ekarpen bat egitea bizitza-luzeraren eta bizitza betearen paradigma berriaren garapenari. Urtebetean, 1.000 pertsonak baino gehiagok gogoeta egin dute zahartzaroan zentzua eta esanahia duen bizitzari buruz, talde fokaletan, Lezoko BIBEtokian egindako dinamiketan edo galdetegien bidez.

57 urtetik gorako hamar gipuzkoarretik zazpik ez diete beren alabei, semeei edo senideei eskualdatu nahi haien zaintzaren ardura. Gainera, % 70k oreka bat nahi du bere bizi-proiektuaren eta familiaren artean.

Programak urtebetetik gora iraun du eta Oarsoaldean egin da, zehazki, Lezon. Prozesuan zehar, Lezoko Udalaren, Aubixa Fundazioaren, Aptes-en, Helduak Adi-ren, Aitona-Amonen Borda Erretiratuen Elkartearen eta Agijupens-en laguntza izan du.

Lezon egin zen proiektua ixteko ekitaldia, eta 100 pertsona inguru bertaratu ziren Gezala Auditoriumera, besteak beste, Eider Mendoza Gipuzkoako diputatu nagusia, Marian Olabarrieta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Bizitza Osorako Laguntzen zuzendaria, Maite Peña Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatua, Rakel San Sebastian ADINBERRIko zuzendaria eta Mikel Arruti Lezoko alkatea. Bilera horretan, Javier Yanguas Aubixa Fundazioko proiektu-zuzendari eta BIBEko ikertzaile nagusiak hitzaldi bat eman zuen, eta elkarrizketa bat moderatu zuen Sacramento Pinazo-Hernandis eta Mercudo Pérez Salanova adituekin. Era berean, herritarren dinamika bat egin zuten, Aptes buru zela, Lezoko bizilagunekin, BIBEren benetako protagonistekin.

Eider Mendoza diputatu nagusiak «ekimen aitzindari» honetan parte hartu duten pertsona guztien ekarpena aitortu zuen. Bere iritziz, proiektu hau «erreferentziazkoa eta kontuan izatekoa» izango da, eraldaketa demografikoaren ondorioz eta zaintzaren eta bizitza-luzeraren esparruan bizi ditugun «aldaketa kultural eta sozialen» ondorioz gizarte gisa aurre egin beharreko erronken aurrean. «Gipuzkoa ahalegin irmoa egiten ari da adinekoen zaintzari dagokionean, bai aurre hartzean eta bai berrikuntzan; eta bide horretan, funtsezkoa da pertsonen parte-hartzea, haien inpresioak, bizipenak eta bizitza-luzeraren inguruko itxaropenak kontuan hartzea. Proiektu honek ahalegin horretan jarraitzera bultzatzen gaitu, lankidetza eta komunitatearen aktibazioa indartuz, guztion artean, esparru honetako politika publikoei gero eta zentzu gizatiarragoa emateko eta behar izan dezaketen pertsona guztiei gaur eta bihar zaintzak bermatzeko».

«BIBEk zahartzaroa estereotiporik gabe begiratzera gonbidatzen gaitu: duintasunez, desioz eta proiektuz. Adinekoak aitortzen eta aktibatzen dituen komunitatea bidezkoagoa, zuhurragoa eta gizatiarragoa dela gogorarazten digu», adierazi zuen Marian Olabarrieta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Saileko Bizitza Osorako Laguntzen zuzendariak. Ildo horretan, ziurtatu zuen Eusko Jaurlaritzak konpromisoa hartzen duela "lankidetza publiko-soziala eta udalena indartzeko, BIBEk eguneroko aldaketak egin ditzan, hala nola laguntza-sare gehiago, parte hartzeko aukera gehiago, osasun eta ongizate gehiago erkidego-mailan», eta belaunaldien arteko «kontratua» bultzatzeko.

BIBE proiektua bi fasetan garatu da: bata, ikertzailea, Aubixa Fundazioa buru duena, eta bestea, Lezon ezartzekoa. Bertan, azken hilabeteetan ehun bizilagun inguruko dinamikak egin dira Bibetoki izeneko espazio batean.

Mikel Arruti Lezoko alkateak azaldu zuen BIBE proiektuak hilabete luzez Lezon elkarrizketa eta hausnarketarako hizpidea eman duela: «Parte-hartzaileek izan duzuen konpromisoari esker, BIBEtokitik haratago iritsi dira zuen elkarrizketak, hausnarketak, zalantzak eta proposamenak. Emaitza emankorrak izan dituen prozesua izan da eta hori, hein handi batean, zuek egindako lanari esker da. Lezok asko du ikasteko eta asko dugu lantzeko, baina abiapuntu ona dugu».

Eraldaketa demografikoa eta baby boomaren sorrera

Ekitaldian zehar, Javier Yanguasek proiektuan atera diren ondorioak eta bizitza-luzeraren paradigma berri horren erronkak azaldu zituen. Ildo horretan, adierazi zuen 1957 eta 1973 artean 14 milioi pertsona jaio zirela espainiar estatuan, eta horietatik 570.000 Euskadin jaio zirela (gaur egun % 27,5 dira). 1973an 12.000 haur jaio ziren Gipuzkoan; eta 2023an, berriz, 2.186 baino ez.

«Aldea izugarria da. Baby boomaren belaunaldiak —biztanleriaren % 20-22 inguru— zahartzarora iristen ari dira, eta hori gurasoen zahartzaroaren oso bestelakoa izango da», adierazi zuen adituak. «Historiako belaunaldirik prestatuenak dira; eta emakumeak, ezagutu ditugun independenteenak ekonomikoki. Haien zahartzaroa luzeagoa izango da, eta bizimodu eta bizikidetza oso desberdinekin iristen dira hara (dibortzio eta banantze gehiago, bikotean bizitzeko modu desberdinak...), testuinguru indibidualista eta ez hain komunitario batean, bizitzak eta zahartze-prozesu isolatu eta bakartiagoekin», adierazi zuen Yanguasek. Hori guztia jaiotza-tasa txikiko testuinguru batean, zeinaren ondorioz zahartzeak babes eta sare gutxiago izango baititu. Erronka nagusietako bat, beraz, bizitza hori «edukiz» betetzea izango da, zahartzaro esanguratsua lortzeko helburuarekin, betiere osasunak eta ekonomiak horretarako aukera ematen badute.

BIBEk beste ikuspegi bat eman nahi izan du gai horiei guztiei buruz. Horretarako, 2024ko maiatzetik ekainera bitartean, sei eztabaida-talde fokal ezarri ziren adin eta/edo bizitzako une desberdinetako pertsonekin: lanean ari ziren 57 eta 62 urte bitartekoak, erretiratu berri ziren 63 eta 67 urte bitartekoak, eta erretiroa finkatuta zeukaten 70 urte edo gehiagokoak. Era berean, 2024ko abendutik 2025eko apirilera bitartean online inkesta bat abiarazi zen, eta 2.300 pertsonak baino gehiagok erantzun zuten, besteak beste, 885 gipuzkoarrek. Bi azterlan horiek «Bizitza berri baten argazkia» osatu zuten.

Handitu egin da bizi-proiektuari espazio bat eman beharra

Proiektu horren esparruan, hausnartzeko sei dimentsio sortu ziren: familia, zaintzak, osasuna, harremanak eta bakardadea, eguneroko bizitza, belaunaldiartekotasuna eta guztion onerako ekarpena. Ikusi den aldaketa garrantzitsuenetako bat familia-harremanetan gertatu da, «batez ere bizitza pertsonalaren eta familiaren arteko oreka bilatzean», azaldu zuen Yanguasek. Horrela, hamar pertsonatik zazpik sentitzen dute «beren bizi-proiektuari espazioa emateko beharra eta betebeharra». Batez ere emakumeek adierazitako nahia da.

Zainketei dagokienez, funtsezko bi aldaketa daude: zaintzeko prest egoteko modua eta zaintza horiek jasotzeko modua. «Lehen familia bazen erantzule, gero eta agerikoagoa da pertsonek uste dutela zaintza, batez ere tresneria (komunak, elikadura, pixoihala aldatzea), gai pertsonal bat dela beren seme-alabei edo senideei transferitu nahi ez dietena», adierazi zuen Aubixa Fundazioko ikertzaileak. Hau da, 10 pertsonatik 7k nahi dute beren alabek, semeek edo senideek zahartzaroan akonpainatzea, baina ez dute nahi jarduera instrumental edo intimo horietako bat ere egitea. «Seme-alabek zainduko gaituztelako ideia desagertu egin da», adierazi zuen. Osasunari dagokionez, BIBEn parte hartu duten pertsonak mendekotasunaren, narriadura kognitiboaren, gaixotasunaren eta kontrol-galeraren beldur dira.

Areagotu egiten da bakardadearekiko beldurra

Harremanen dimentsioari dagokionez, inkestatutako bi pertsonatik bat bakardadearen beldur da: «harreman berriak egiteko dauden zailtasunen jakitun dira, eta asko konturatzen dira iraganean zituzten ainguratzeak bidean galdu direla», azaldu zuen Yanguasek. Halaber, «belaunaldien arteko harremanaren porrota» azpimarratu zuen, inkestatutakoen % 40 gazteenengandik urrun sentitzen baitira.

Zahartze aktibotik harago, bizitza zentzudun bat bilatzea, esanguratsua, aldaketa garrantzitsuenetako bat da aurreko belaunaldiekin alderatuta. Geratzen zaien bizi-denbora ahalik eta osoen bizitzeko nahia adierazten dute pertsonek. Hala ere, inkestatuen % 30-40k zailtasunak dituzte bizitza zentzudun bat izateko eta motibazioa aurkitzeko.

Horrela, proiektuak bere helburua bete du: Gipuzkoatik bizi-luzeraren paradigma berriaren garapenari ekarpena egitea eta pertsonen kezkak, nahiak, zahartzearen ikuspegiak eta itxaropenak aztertzea, zahartzaroan zentzua duen bizitza oso baterantz aurrera egiteko. 

Arloa edo saila