Datorren azaroaren 20an, Lezok bat egingo du haur zein nerabeen eskubideen aldarrikapenarekin

Al, 2019-11-18 12:57

Hilaren 20an ospatuko den Haurren eta Nerabeen Nazioarteko Egunaren harira, Udalak haur zein nerabeen eskubideen inguruan sortutako mitoei buruzko informazioa zabalduko du espazio publikoetan eta herriko ikastetxeetan eta “Haurren Eskubideei Buruzko Hitzarmena” izenpean, kartela jarriko du udaletxeko balkoian, aipatu kolektiboaren eskubideen aldarrikapen gisa.

Era berean, Udalak Unicef-en Haurtzaroaren Lagun diren Hirien programarekin bat egin du eta datozen bi urteotan aipatu titulua eskuratze aldera lan egiteko konpromisoa hartu du.

Datorren azaroaren 20an Haurren eta Nerabeen Nazioarteko Eguna ospatuko da mundu mailan. Jakina dugu gaur egungo haur eta nerabeak guztion etorkizuna direla eta ildo horretan, gehiengoaren ongizatea nabarmen hobetu de arren, oraindik badira egoera edota bizi baldintza gogorretan bizi direnak ere.

Eta hain zuzen, horregatik, munduko haur zein nerabe guztien ongizatea eta eskubideak bermatuak izan daitezen, aurten ere Lezoko Udalak ospakizunarekin bat egin du. Horri lotuta, egun horren harira iaz udalbatzak onartutako konpromisoak berriro mahai gaineratu eta berretsi ditu Udalak, horien artean: Haurren Eskubideen Konbentzioarekiko atxikipena, udal eskumenen esparruan ahalegin guztiak egitea Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioan jasotakoa bete dadila bermatzeko eta haurren eta nerabeen ahotsa aintzat hartzea dagozkien kontuetan.

Bide eta konpromiso horiei helduta, halaber, aurten, urrats bat gehiago eman nahi izan du Udalak, esan bezala, mundu zabalean, haur zein nerabe guztien eskubideak errespetatuak eta bermatuak izan daitezen. Horiek horrela, datorren azaroaren 20an, haur zein nerabeen eskubideen inguruan sortutako mitoei buruzko informazioa zabalduko du herriko espazio publikoetan eta ikastetxeetan. Horrez gain, kartel bat zintzilikatuko du udaletxeko balkoian “Haurren Eskubideei buruzko Hitzarmena” izenpean.  

Lezo, Haurtzaroaren Lagun diren Hiria izateko bidean

Era berean, aipatu egunerako egingo diren bi ekintza horiez gain, Lezoko Udala Unicef-en “Haurtzaroaren Lagun diren Hiriak” programara atxiki da eta horrekin batera, datozen urteotako konpromiso irmoa hartu du bere gain, aipatu titulu hori eskuratze aldera lan egiteko konpromisoa, alegia. “Datorren urtean jada 30 urte beteko dira haurren Eskubideei buruzko Konbentzioa onartu zenetik eta orduz geroztik aurrerapen handiak lortu diren arren, oraindik lan asko dago egiteke mundu zabalean haur eta nerabe guztien eskubideak bermatuak izatea lortzeko. Erronka hori guztioi dagokigun erronka da eta Lezoko Udalak gogor helduko die horiei, haurren oraina eta geroa bermatzeko beti”, amaitu dute Udaletik.

Arloa edo saila