Judo eta defentsa pertsonal ikastaroa eskainiko dute uztailean Lezoko kale hezitzaileek

Ikastaroa 13-17 urte bitarteko gazteei zuzenduta egongo da eta izen ematea dagoeneko zabalik dago uztailaren 8a arte.

Ikastaroa lau saiokoa izango da eta ostegunero eskainiko da 10:30-12:30 bitartean.

Aurtengo uda orain arte ezagututakoak baino apur bat bereziagoa izango den arren, normaltasun berrian aurrera egiten goazen heinean, Lezoko Udalak hainbat ekintza martxan jarri eta antolatzen ari da, betiere lezoarren segurtasuna eta ongizatea ardatz hartuta.

Ildo horretan, uztailean zehar, Lezoko udaleko kale hezitzaileek defentsa pertsonak eta judo tailerra eskainiko dute 13-17 urte bitarteko gazteei zuzenduta.

Aipatu ikastaroa lau saioz osatuta egongo da eta Iñaki Rodero irakaslearen zuzendaritzapean, parte-hartzaileek judo edota defentsa pertsonalera gerturapen bat egin ahal izango dute. Hori horrela izanik, beraz, parte hartzeko ez da aurretiazko ezagupenik beharko.

Gauzak horrela, uztailaren 9tik hasita, ikastaroa ostegunero eskainiko da 10:30-12:30 bitartean (4 saio). Klaseak Goiko frontoi alboan dagoen plazan, eliza parean, izango dira eta egoerak exijitutako osasun eta segurtasun neurri guztiak bermatuko dira. Horri lotuta parte hartzaile kopurua mugatua izango da (gehienez 15 ikasle) eta guztien artean higiene eta segurtasun distantzi zein neurriak bermatuko dira. Parte-hartzeko, noski, ezinbestekoa izango da musukoa jantzita eramatea.

Interesdunek hilaren 8a arte (arratsaldeko 18:00) izango dute izena emateko aukera, horretarako lezohezi@hotmail.com helbidera idatziz. Informazio gehiago jasotzeko 662 56 83 63 telefonora deitu dezakete.

Iñaki Rodero aditua irakasle:

Esan bezala, ikastaroa Iñaki Roderoren gidaritzapean eskainiko da. Rodero psikologian lizentziatua da, gerriko beltza judoan (3. Dan) eta judo zein defentsa pertsonaleko entrenatzaile nazionala da. 2008az geroztik haur, gazte zein helduei irakasten egiten du lan, betiere aipatu bi arte martzialen bitartez baloreak eraiki eta baloreetan hezten. Bere eskutik, beraz, parte-hartzaileek, arte martzial horien inguruko oinarrizko ezagutzak jasotzeaz haratago, horien inguruko balore eta balioak ere ikasiko dituzte.

Arloa edo saila