Bueltan dira Tipi-Topa eta Martxan +60 ekimenak!

Ar, 2020-10-20 17:03

Datorren ostegunean, hilak 22, tipi-topako lehen ibilaldia egingo da eta momentuko egoerari erreparatuz, aurrerantzean, abiapuntu zein helmuga Bekoerrota kiroldegiko Koldobike Gezala frontoia izango da, espazio estali zein irekia delako.

Martxan +60 ekimena, aldiz, asteartetan egingo da eta aurreko kasuan bezala, aipatu frontoia izango du topagune gisa.

Martxoaz geroztik etenaldian egon ostean, bueltan dira berriro Tipi-Topako ibilaldiak! Uda garaian, Udalak herritarren eta bereziki adineko pertsonen bizitza eta ohitura osasuntsuak mantentze aldera Lezoratu 1:1 ekimena antolatu zuen arren, oraingoan berriro heltzen dio Tipi-Topako ohiko formatuari, hori bai, garai berrietara moldatuta eta osasun eta segurtasun berme guztiekin.

Ildo horretan, orain arte bezala, ibilaldiak ostegunetan egingo dira bi txandatan, 10:45 lehena eta 11:00 bigarrena. Topagunea, aldiz, desberdina izango da; aurrerantzean, ibilaldiak Bekoerrota kiroldegiko Koldobike Gezala frontoitik irtengo dira eta baita bertan amaitu ere. Izan ere, aipatu espazioa handia, estalia eta irekia da aireztapenari dagokionean eta guzti horrek, parte-hartzaileen arteko segurtasun distantzia bermatzen laguntzen du. Horrela, harmailetako lehen ilara eta aulkiak baliatuko dira itxarote gune gisa, partaideen arteko 2 metroko gutxieneko distantzia bermatuz.

Segurtasun neurri nagusi gisa, noski, musukoaren erabilera azpimarratu du Udalak. Ezinbestekoa izango da ibilaldi osoan zehar musuko kirurgikoa erabiltzea eta saio hasieran zein amaieran eskuak bertan egongo del gel hidroalkoholikoarekin desinfektatzea. Era berean, ez da materialik egongo elkartrukean eta ur edalontzirik banatuko ez denez, norberak berea eramatea gomendatzen da. Saio bukaeran, halaber, ez da mokadutxorik eskainiko baina beste ekintzaren bat egingo da ibilaldia ixteko.

Ibilaldiari dagokionean eta landutako osasun eta segurtasun protokoloari jarraiki, parte-hartzaile zein begirale ororen segurtasuna eta osasuna bermatze aldera, oinez ibiltzeko laguntzailea behar dutenek, laguntzaile horretaz baliatu beharko dute ibilaldi osoan, hau da, pertsona laguntzaile horrek saio guztian zehar gelditu beharko du.

Udalak gogorarazi du Tipi-topa herritar guztiei irekia dela, nahiz eta bereziki 60 urtetik gorakoentzat eta aktibitate fisikorik egiten ez dutenentzat aurreikusita dagoen. Ibilaldietan parte hartu nahi dutenek ostegunean Koldobike Gezala frontoira gerturatu besterik ez dute.

Asteartetan, Martxan +60

Tipi-toparekin batera ere bueltan izango da Martxan +60 ekimena,adineko pertsonek ariketa desberdinak egiteko saioak, alegia. Gauzak horrela, udan heldutako ekimenari jarraipena emate aldera, asteartero ekintza eta jarduera desberdinak eskainiko dira egitasmo honen bitartez.

Tipi-toparen kasuan bezala, Koldobike Gezala frontoia izango da abiapuntua eta bertatik hasita, hilean behin parke osasungarrietara egingo da irteera eta beste hiruetan frontoian bertan egingo dira saioak: 2 asteartetan indarra, oreka eta koordinazioa lantzeko ariketak egingo dira eta beste batean dantza.

Saio horiek 11:00etan hasiko dira eta gehienez ere 15 laguneko taldean egingo dira, begiralea barne. Erabiliko diren materialen eta ukituko diren azalak saio hasiera eta amaieran desinfektatuko dira eta saioan zehar, norberak bere materiala erabiliko du, elkartrukerik gabe. Era berean, interakzio zuzenik gabeko saioak izango dira, kutsatze aukerak ekiditeko.

Edozein kasutan ezinbestekoa izango da musukoa jantzita izatea, nahiz eta ariketa egin bitartean aukerakoa izango dute kentzea segurtasun distantzia bermatua egongo baita. Soilik orduan kendu ahal izango dute; gainerakoan jantzita mantendu beharko dute.

Dena dela, saio hasieran zein amaieran eskuak gel hidroalkoholikoarekin garbitu beharko dituzte eta ezingo dira toalla, jaki edota edaririk partekatu.

Arloa edo saila