Emakume Raketistak: lehen eta orain

Ar, 2018-05-15 13:43

Kirol alorrean aitzindariak izan diren emakume hauen istorioa ezagutzera emateko eta beren ibilbidea balioan jartzeko, Udalak egitarau berezia antolatu du Mendekoste jaien baitan. Hori dela eta, datozen egunetan Emakume Raketisten ibilbidea jasotzen duen dokumentala eta erakusketa ikusgai izango dira eta, emakume aitzindari horien ibilbidea omentzeko, raketisten arteko partidua jokatuko da Bekoerrotan

Emakume Raketistak izan ziren estatu mailako lehen emakume kirolari profesionalak, horietako bat Koldobike “Kollo” Gezala lezoarra. Hori dela eta, aitzindariak izan ziren emakume kirolari horiek emandako aurrerapausoak balioan jartzeko helburuarekin, Udalak Emakume Raketistei merezitako protagonismoa emango die Mendekoste jaien baitan.

Modalitatea 1917an sortu zen eta, gizonezkoek kirolean, gizartean, ekonomian eta beste hainbat eta hainbat arlotan agintea eta kontrola zuten garai haietan, Emakume Raketistak mundu guztian aritu ziren partidak jokatzen XX. mendeko hirugarren hamarkadan zehar, nagusiki; Madril, Bartzelona, Kuba eta Mexikon. Horrela, ikusmina sortu zuten partiduren bat jokatu zuten edonon.

Kollo bezala, emakume gehientsuenak euskaldunak ziren eta 15-16 urterekin etxetik joan behar izan zuten pilotan trebatu eta etxera dirua bidaltzeko. Era horretan, Intxaurrondotik ateratako egurrezko raketekin eta larruzko pilotekin jokatuz, gona eta manga motzeko kamiseta soinean eta alpargatekin oinetan, kirola ogibide izatea lortu zuten Gerra Zibilaren aurreko urteetan.

Gerra Zibilaren ostean, Pilota Federazioa sortu zen eta ez ziren jokalarien lizentziak berritu nahi izan. Federazioaren esanetan, raketa ez zen egokia emakumeentzat, ama izatea omen zelako lehentasuna. Gauzak horrela, Madrilen 1980an jokatu ziren modalitate honetako azken partiduak eta, ordutik, desagertu egin zen.

Gaur egun, ordea, emakume horien bizimodua gogorarazteko eta emandako aurrerapausoak aitortzeko erakusketa partiduak jokatzen dira. Hori dela eta, Mendekoste jaien baitan, erakusketa partidua jokatuko da maiatzaren 20an, igandean, goizeko 10:45ean Bekoerrota kiroldegiko frontoian. Bertan parte hartuko duten raketistak honakoak izango dira: Miren Larrarte, Uxue Murillo, Susana Muneta, Maider Mendizabal, Nagore Martin eta Maria Saez.

Halaber, Emakume Raketisten inguruko erakusketa eskainiko da maiatzaren 17tik 22ra bitartean (biak barne) Lezoko Kultur Aretoan eta zabalik egongo da 11:00-13:00 eta 17:00-19:00 bitartean, nahiz eta asteburuan arratsaldez itxita egongo den. Gainera, maiatzaren 17an, Mendekoste jaien bezperan, dokumental bat eskainiko da arratsaldeko 19:00etan Kultur Aretoan.

Raketistak lehen eta orain

“Raketistak lehen eta orain” elkarteak aipamen berezia merezi du. Elkarte gipuzkoarra garai bateko jokoa berreskuratzeko lanetan ari da eta ahalegina egiten dabil herri desberdinetako emakume pilotariak raketarekin jokoan aritzeko bidean. Gainera, elkarteak Emakume Raketistei merezi duten aitorpena eskaini nahi die eta  egiten ari diren lan horri esker eskainiko dira Lezon dokumentala, erakusketa eta partidua.

Arloa edo saila